Pirinio Atlantikoen prefetak Julien Charlesek Baionako prokuradorearengana jo du joan zen uztailaren 14an frantses besta nazionala salatzeko Donibane Lohizunetik eta Ziburu artean egin zuten mobilizazioaren testuinguruan frantses banderak kendu eta lurrera bota zituztela salatzeko.
U14 kolektiboak deituta mobilizazioa Louis XIX plazatik abiatu zen eta Ziburuko plazan amaitu zen.
Martxa Ziburuko herriaren sarreran dagoen hildakoen aldekoen oroitgarriaren parean igaro zenean ezezagun batzuk «frantses banderak kendu eta lurrera bota zituztela beste manifestarien gorazarre oihuen artean», azaldu du prefetak salaketa horretan.
Julien Charlesen esanetan zigor kodeak jasotzen duen frantses ikurraren aurkako laido-delitu gisara har daiteke aipaturiko jokabidea.
Balizko delitu baten berri izanen duen agintaritzak legearen arabera hori jakinarazteko duen bete beharra aipatzen du prefetak uztailaren 24an prokuradoreari bidalitako salaketa arrazoitzeko orduan.
Oroitzearren Uztailaren 14an ospatzen den frantziar egun nazionalaren karira, hainbat mobilizazio eta ekimen izan ziren Ipar Euskal Herrian besta egun hori «arrotz eta inposatua dela» salatzeko.
Hala, goizean goiz Xuti Gazteko kideek ikurrinak jarri zituzten frantziar Administrazioak Ipar Euskal Herrian dituen hainbat erakunderen egoitzetan, frantziar Estatuaren eredua «gazteeen zapalkuntzan» oinarritzen dela salatzeko.
Gauean, berriz, 'Ez zarete Frantzian, hau Euskal Herria da' zioen bandera erraldoia ezarri zuten Biarritzen, su artifizialen ikuskizunaren denboran.
«Gaur, uztailaren 14 honetan, Xuti Gazteko kideok besta egun inposatu honi uko egin eta gazteok burujabetza behar dugula aldarrikatu dugu», adierazi zuen gazte dinamika horren agiri baten bidez.
U14 kolektiboak, berriz, manifestazioa egin zuen arratsaldean Donibane Lohizune eta Ziburu artean «frantziar Estatuak egunerokoan eragiten digun zapalkuntza salatzeko»