NAIZ

97 balea hil dira Australiako mendebaldeko hareatza batean

97 balea hil dira Australiako mendebaldean kokatutako hondartza batean. Boluntario talde batek zetazeoak uretara itzultzeko egin dituen ahaleginek ez dute fruiturik eman.

97 bale hil dira Australiako hondartza batean.
97 bale hil dira Australiako hondartza batean. (AFP)

Ia ehun balea hil dira Australia mendebaldeko hareatza batean. Aditu talde batek adierazi duenez, asteartean, uztailak 26, antzeman zuten pilotu-baleen taldea, Cheynes izeneko hondartzan. Hainbat adituk eta boluntariok taldea salbatzen saiatu dira, baina azkenean 97 baleak hil dira. Adituek ezin izan dute argitu zergatik hondartu diren animaliak.

Adituen arabera, baleen erdiak asteartetik asteazkenerako gauean hil ziren. Asteazkenean 100 adituk eta 250 boluntariok oraindik bizirik zeuden zetazeoak itsasora bueltatzeko saiakera egin zuten. Hala ere, baleak berriro hondartzara bueltatzen ziren eta azkenean sufrimendu gabe hiltzea erabaki zuten salbamendu lanetan parte hartu zuten albaitariek.

Peter Hartleyk, baleen erreskatearen zuzendariak, baleak salbatzen saiatu ziren pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan dizkio, egindako «berebiziko esfortzuagatik». Hartleyk adierazi du salbamendua oso esperientzia gogorra izan dela: «Seguruenik, 34 urteetan hartu dudan erabakirik zailena hartu behar izan dut gaurkoan», adierazi du zuzendariak, baleen heriotzari erreferentzia eginez.

Australian eta Zeelanda Berriko hareatzetan pilotu-baleak sarritan hondartu direla jakinarazi dute adituek. Horren adibide da 2022ko urrian 500 balea Zeelanda Berriko Chatman uharteetan hil zirenekoa.

55 balea Eskozian

Duela gutxi, uztailaren 17an, antzekoa gertatu zen Eskozian ere. Bertan 55 pilotu-balea hil ziren herrialdeko irla batzuetan hondartu zirenean. Eskozian ere oraindik bizirik zeudenak salbatzen saiatu ziren hainbat adituk eta boluntariok, baina ezinezkoa izan zen. Adituen arabera gertaera hau «Eskozian inoiz gertatutako baleen hondartze handiena» izan zen.

Eskoziako baleen kasuan, adituek jakinarazi zuten seguruenik baleetako bat erditzerakoan arazoak izan zituela eta talde osoak jarraitu zioela, oso animali sozialak baitira. Oraingoan, Australiako pilotu-baleen kasuan, zientzialariek adierazi dute ezin izan dutela guztiz argitu zergatik hondartu ziren baleak. Hala ere, jakinarazi dute bere hipotesi nagusia dela animaliak elikadura bila gerturatu zirela hondartzaren ertzera.