NAIZ

Pasaiako portuaren «kudeaketa gardena» eskatu diote sindikatuek Agintaritzari

Pasaiako Portuko Agintaritzaren Zuzendaritzaren «kudeaketa gardena» aldarrikatu dute sindikatuek lonjaren estalkiaren inaugurazio ekitaldian. Obraren bigarren fasea martxan jarri, beharrezko plantilla kontratatu eta lan baldintza zein soldata gaitasuna eguneratzeko eskatu dute.

Langileen batzordearen elkarretaratzea Pasaiaiko portuan, estalkiaren inaugurazioan.
Langileen batzordearen elkarretaratzea Pasaiaiko portuan, estalkiaren inaugurazioan. (LAB)

Ostiralean egin zuten Pasaiako Portuaren lonjaren estalkiaren inaugurazioa. Langile batzordeko sindikatuak (LAB, UGT, ELA eta CCOO) ere bertaratu ziren eta Pasaiako Portuko Agintaritzaren Zuzendaritzaren «kudeaketa gardena» eskatu zuten. Horrekin batera, bertaratutako erakundeei eskatu zieten APPri portuaren «izaera publikoarekin konprometitzeko exijitzeko, bere instalazioak modernizatzeko, beharrezko plantilla kontratatzeko eta lan baldintzak errepetatuz soldata gaitasuna eguneratzeko».

Langileek salatu dutenez, lonjaren kanpoaldea amaitzeaz «soilik» arduratu da Portuko Agintaritza, eta barrualdea, lantokia dena, «bigarren fasea» deiturikoa, hau da, «lonjaren erdia», ez da gauzatu. Horregatik, martxan jartzeko eskaria egin dute sindikatuek. Bigarren faseko obra oraindik ez dela lizitatu kexatu dira, bitartean «laneko, osasuneko eta merkataritzako prekarietatez beteta» dagoela portua esan dute.

Azaldu dutenez, eraikinaren erdia barrutik hutsik dago eta beste erdian egiten ari da lana, «langile eta erabiltzaileentzako baldintza penagarrietan»: «Leku fisikorik ez dagoenez, batzuetan enkanteak eta arrain banaketa aparkalekuetan egiten da. Enpresa manipulatzaileek moduluak partekatzen dituzte, eta bulegoetako langileak luze izan dira obrako kontainerretan, aldagelarik gabe, leku nahikorik gabe…».

Agintaritzak kudeaketa ekonomikoko arazoak dituela dio langile batzordeak, «aurrekontu aurreikuspen eta langile faltagatik». Salatu du lau urte atzeratzen ari dela enpresa akordio berri bat, eta bere txostenetan onartzen duela «lehiakorrak ez diren soldatak» ordaintzen dituela, «ez dela gai» Madrilen baimena lortzeko egunerokotasunari aurre egiteko behar dituen 30 pertsonak kontratatzeko, eta «enpresa publikoari dagozkion zerbitzuak pribatizatzea aukeratzen» ari dela.

Sindikatuek gogoratu dutenez, lonja berriaren eraikuntza 2011n hasi zen eta, aurreikusitakoaren arabera, 2014an amaitu behar zen; azkenean, 2023an «amaitutzat eman» dela salatu dute sindikatuek, baina amaitutakoa Esnabide kalera, herrira, ematen duen estalkia eta fatxada besterik ez direla azaldu dute.

LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen iritziz, Portuko Agintaritza bezalako enpresa batek «horrela funtzionatzen du inork ez duelako atzamarra lepoan jartzen, plantilla murriztea erabaki dutelako eragingabea bihurtu arte».

«Une honetan, Portuko Agintaritza honen eguneroko jardueran agerian geratzen ari dira aurrekontu aurreikuspen eta kudeaketa negargarri baten ondorioak», nabarmendu dute.