Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Lantokietako beroa, langile askoren errealitate arriskutsua

Euskal Herrian duela gurxira arte arazoa ere ez zena, langileentzat arrisku bilakatu da. Bero gehiegi egiten du lantegi askotan. Enpresariek tenperatura altuen aurkako neurriak hartu behar badituzte ere, zenbaitek ezikusiarena egiten dute, Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak azaldu duenez.

Inko Iriarte, LABeko Lan Osasuneko idazkaria, eta Oihana Lopetegi, Ekintza Sindikaleko arduraduna, gida aurkezten.
Inko Iriarte, LABeko Lan Osasuneko idazkaria, eta Oihana Lopetegi, Ekintza Sindikaleko arduraduna, gida aurkezten. (Oskar MATXIN | FOKU)

LAB sindikatuak langileei bideratutako gidaliburua plazaratu du, lantokietan tenperatura baldintza egokiak bete ezean nola jokatu jakin dezaten. Izan ere, Euskal Herrian beroa ez da arazoa izan duela urte gutxira arte, baina, azken bi urteetan bereziki, zenbait lantokitan arriskutsu bilakatzeraino igo dira tenperaturak. Egoera horren aurrean hainbat enpresarik, legeak behartuta ere, neurriak hartzen ez dituztela ikusirik, LABek ekintza sindikalerako protokoloa aurkeztu die langileei. Inko Iriarte sindikatuko Lan Osasuneko arduradunaren hitzetan, helburua da enpresariei ulertaraztea garestiago aterako zaiela langileak baldintza kaskarretan lanean izatea, beharrezko neurriak hartzea baino.

«Aldaketa klimatikoaren eragina nabaria da. Joan den urtean gehiago nabaritzen hasi ginen», baieztatu du Iriartek, eta, iazko udara aurtengoarekin alderatuta, tenperaturen joera goranzkoa izango dela argi ikusten du LABeko kideak: «Orain arte beroak sortutako konfort arazo gisa planteatzen genituenak gaur egun higiene arazo bilakatu dira lantegietan, zehazki, arazo higieniko fisikoak».

Duela aste batzuk argitaratu zuten ‘Lantokietan beroaren arazoari aurre egiteko gida’ eta bertan bi egoera aurreikusten dituzte: espazio irekietan lanean ari diren pertsonek pairatu ditzaketen arriskuak eta lantoki itxietan ari diren langileek jasan ditzaketenak. Hego Euskal Herrirako pentsatutako gida da, Estatu espainoleko marko juridikora egokitu baitute, langileek hura aplikatzean behar besteko segurtasun juridikoa izan dezaten. Hala ere, plazaratutakoa egokitu eta Ipar Euskal Herriko langileek erabili ahal izateko moduko gida aurkezteko asmoa agertu du sindikatuko Lan Osasuneko arduradunak.

Iriarteren hitzetan, uste baino ohikoagoa da lantokian bero gehiegirekin lan egin behar izatea, «bulego jakin batzuetatik harago, espazio gehienak klimatizatu gabe daude». Halaber, azaldu du langileriaren gehiengoa espazio itxietan aritzen dela lanean eta, haren ustez, «espazio horietan orain arte ez da aintzat hartu arazo higieniko fisikoa arrisku bezala». Alegia, eremu gehienak klimatizatu gabe daude eta, beraz, edozein pabiloitan edota egoitzatan arrisku egoera bat jazo daiteke, tenperatura gorantz doan neurrian.

Mende laurden

Gida berria da, baina enpresak beroaren aurrean neurriak hartzera behartzen dituen araudia duela mende laurden indarrean dago: «1997tik badago 486 Errege Dekretua, konfort termikoa zer den zehazten duena». Iriartek azaldu duenez, arauak ezartzen du, konfort termikotzat hartzen den tenperatura igaroz gero, enpresariek zein neurri hartu behar dituzten, langileek segurtasunez lan egin dezaten. Hala ere, «errealitatea da kanpoko laneko tokien kasuan ere ez zela aintzat hartzen».

Alegia, LABeko Lan Osasuneko arduradunaren arabera, nahiz eta legeek eta arauek esaten duten enpresariek arrisku guztiak identifikatu eta prebentzio neurriak hartu behar dituztela, guztiek ez dute betetzen. Besteak beste, lantokietan ikerketa termohigrometrikoak egin behar dituzte enpresariek. Horrela, lantoki bakoitzean sentsazio termikoa zein den zehaztu eta horren araberako neurriak hartu behar dituzte.

Neurri kolektiboak

«Noski, espazio itxietan neurri kolektiboak izan behar du lehentasunezkoa», Iriarteren aburuz, adibidez, klimatizazioa edo lantokiko giroko tenperatura egokitzeko balio dezakeen beste edozein neurri. Nolanahi den, beti ez da posible izaten, dela enpresak ez dauzkalako horrelako instalazio bat egiteko beharrezko baliabide ekonomikoak edo teknikoki ezinezkoa delako. Gauza bera gertatzen da lantokia aire zabalean dagoenean.

Horrelakoetan, «arauak eta logika prebentiboak esaten du antolakuntza neurriak hartzen hasi behar dela». Alegia, atsedenaldiak, arropa espezifikoa, hidratazioa... Legeak zein inspekzioak jarraitzen dituen irizpideek ere babesten dute langileek alde bakarrez jokatzeko eskubidea. Hala ere, Iriartek dio arazoa dela ez dagoela zehaztuta zein tenperaturatik aurrera hasi behar duten neurriak hartzen, lantoki bakoitzaren araberakoa baita.

Horretarako dira beharrezkoak, hain zuzen ere, neurketa termohigrometrikoak. Iriartek azaldu du parametro ugari sartzen direla neurketa horietan, ez baita berdina 25 urte izan edo 63 izatea, ez eta aktibitate intentso batean lan egitea edo eserita lan egitea ere. Halaber, lanpostu batzuetan langileek norbere burua babesteko arropa espezifikoa jantzi behar izaten dute, eta hori ere kontuan hartu behar da.

Urte luzeko utzikeria

«Errealitatea da hori egitea konplexua dela eta ia inon ere ez dela egin azken mende laurdenean. Are gehiago, gure delegatuek kontatuta dakigunez, egin diren tokietan faltsututako datuekin egindakoak izan dira», adierazi du Iriartek. Era berean, deitoratu du bizitza arriskuan dagoenean baino ez dituztela neurriak hartzen.

Hala ere, LABek planteatzen du, printzipio prebentiboei jarraiki, puntu horretara ezin dela «inondik inora ere» iritsi. «Guk dioguna da, lehenik eta behin, kontzeptu inportantea dela sentsazio termikoa», hau da, tenperatura eta hezetasun erlatiboa kontuan hartzea, ez delako gauza bera 35 gradutan egotea %80ko hezetasunarekin edo %40koarekin.

Horregatik, egoera bakoitzean hartu beharreko neurriak proposatu ditu sindikatuak plazaratutako gidan: «Adibidez, orduero atseden hartzea denbora batez, eta, muturreko sentsazio termikoa balego, modu aldebakarrean erabaki daiteke jarduera etetea, prebentzio legearen 21. artikuluak jasotzen baitu, ‘berehalako arrisku larria’ kontzeptuarekin; ulertzen delako bero kolpea eman daitekeela eta gelditu beharra dagoela».

Muturreko egoerara iritsi orduko neurriak hartzearen aldekoa da sindikatua, Iriartek azaldu duenez. Horregatik, gidan langileei jarraibideak eman dizkiete, kronologikoki antolatuta, erabaki horiek har ditzaten segurtasun juridikoa lagun. «Enpresariei eskatzen zaiena da duela 26 urtetik eginda izan beharko lukeena: neurketak».

Babes juridikoa

Behin eskaera burututa enpresak ez balitu aurkeztuko, langileek edo sindikatuak berak Lan Osasuneko EAEko Osalan institutuan edo Nafarroako NOPLOI institutuan salatzeko atea irekiko litzateke. Enpresek ezikusiarena egiten jarraitzekotan, lan inspekziora joko lukete.

Orduan bai, salaketa jarri eta gero, proposatutako alde bakarreko neurriak hartzea izango lukete langileek, «segurtasun juridikoarekin, dokumentatuta uzten joan direlako enpresak ez duela ezer egin aurkeztutako egoeraren aurrean».

Funtsean, beraz, langileei euren burua babesteko modua eskaintzen die gidak, nagusiek egin beharrekoa egin ez duten kasuetan. Zehaztutako pausoak era egokian jarraitu ditzaten, formakuntza ematen ari zaie LABeko delegatu sindikalei, sinetsita baitaude presioa egin ezean enpresariek ez dutela araudia beteko eta langileriak osasunarentzat arriskutsuak diren baldintzak pairatzen jarraituko duela.

«Enpresak berea egin behar du txosten teknikoekin, legeak dioenaren arabera. Baina, badakigu ez dutela egiten», salatu du Iriartek. Bere ustez, enpresariek jakin badakite lan inspektore gutxi daudela, eta horregatik araudiari muzin egiten diote lasai asko.

Erabaki politikoa

Iriarteren aburuz, erabaki politikoa dago honen atzean: «Lakuako Gobernuak eta Madrilgoak ez badituzte inspektore gehiago jartzen, enpresariei mezu bat bidaltzen ari zaie: ‘Zu lasai, ez bete legea, ez zaizu ezer gertatuko’». LAB sindikatuak egoerari buelta ematea proposatzen du: «Ez baduzue betetzen badakizuelako ez duela ondoriorik izango, guk geldituko dizuegu jarduera eta, gainera, zuek ordainduko duzue».

Iriartek onartu du enpresa guztiek ez dituztela baliabide berak hartu beharreko neurriak abian jartzeko, baina ez du uste hori aitzakia denik: «Enpresaren aberastasuna ez da langileen segurtasuna baino garrantzitsuagoa». Nabarmendu du, neurri kolektiboak hartu ezin direnean, antolakuntza neurriak hartzea dagoela eta, beraz, edozein lantokik bete ditzakeela segurtasun neurriak.

«Gure delegatuei planteatzen diegun eskema oso erreza da teknikoki, eta formakuntza minimo batekin abian jar daiteke». Horrela, enpresariei presioa egitea da LAB sindikatuaren asmoa: «Gure jendea protokolo hau abian jartzen hasten bada, enpresariek ulertuko dute askoz ere garestiago ateratzen zaiela ekintza sindikala, neurriak hartzea baino; hor dago kontua».

«Langile moduan, guk ezin dugu klimatizadore bat erosi eta enpresaren kontu korrontean apuntatu; baina, antolakuntza neurri horiek har ditzakegu», legeak kasu hauetan langileak babesten baititu. Horrenbestez, langileei proposatzen diete orduero zenbait minutuz lana gelditzea, eta egoera muturrekoa balitz, baita jarduera erabat etetea ere. «Prozedura hau posible da juridikoki eta, beraz, langileek ez dute zigorrik jasotzen horrelakorik egiteagatik», argitu du Iriartek.

Presio neurria

Oraindik gida hedatzen ari dira eta, horregatik, ez dute lantoki ugaritan aplikatu. Hala ere, Nafarroa hegoaldean, besteak beste, erabiltzen hasi direla baieztatu du LABeko Lan Osasuneko arduradunak: «Zenbait komite pausoz pauso formalki eskaera horiek dokumentatzen hasi dira. Neurketak eskatu zaizkie enpresei, eta ez dauden lekuetan hurrengo pausora salto egin dute, alegia, NOPLOI edo Osalani jakinarazi zaio, eta ondoren inspekzioari. Horrekin, muturreko egoerak datozenean, jarduera gelditu ahal izango dute».

Ekintza sindikala burutzeko bide hau jorratzeko asmoa agertu du LAB sindikatuak: «Beroarentzat protokolo hau egin dugun bezala, beste esparru batzuetan ere aplikatuko dugu lan egiteko modu hau»; alegia, neurriak modu aldebakarrean hartzea, enpresariek bete beharreko araudia indarrean jartzen ez dutenean. «Patronalari garesti aterako zaio langileen osasuna ez zaintzea».