«Irudiek nahi duzun hori azpimarratzeko, zoom moduko bat egiteko, aukera ematen dizute»
Emakume bertsolarien arteko saretzea eta elkarlaguntza keinu txiki-handietan dagoela ikusarazteko helburua du ‘Ño’ komikiak. Eli Pagola, Miren Artetxe eta Maitane Gartziandiak sei eskuz ondu dute.
«Irudiek nahi duzun hori azpimarratzeko, zoom moduko bat egiteko, aukera ematen dizute»
‘Ño’ komikian ez dute hitz, ekintza edo errima potolorik erabili. Gartziandiaren (Hernani, 1990) arkatzek umore tintaz koloreztatutako hamar pasarte irudikatu dituzte.
Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza ikasi zenuen eta ostean Emakume, genero eta herritartasun ikasketen masterra Bartzelonan. Diseinua ez dago marrazkitik batere urrun, noski, baina noiz eta nola hasi zinen ilustratzen?
Uste dut marrazkilari gehienok berdina erantzuten dugula, guk ez diogula inoiz marrazteari utzi. Gogoratzen dut hasieran lehiaketetan hasi nintzela parte hartzen, nire kabuz hasi nintzen batez ere. Enkargu txikiak iritsi ziren ziren gero, fanzine batean kolaboratu nuen, adibidez. Gehiena lan txikiak izan dira: Euskal Herriko Bilgune Feministarentzako, euskal hedabide txikientzako… Pixkanaka hasi nintzen.
Orain ‘Argia’ hedabideko diseinatzailea zara. Zure eskuetatik pasa arte ez da ezer bidaltzen inprentara. Lan ikusezina al da?
Beste lan batzuetan bezala, esango nuke. Gure kasuan hedabide bat izanda, kazetarien lana da ikusgarriena. Baina argazkilariarena, administrazio lanetan ari denarena, inprentakoa… Horiek ere ikusezinak dira, baina lanaren beste zati bat da. Kazetariena, ikusgarriagoa den heinean, ardura handiagoarekin biziko dutela pentsatzen dut. Nire kasuan ni erosoago nago leku horretan.
Gurea katearen azken fasea da. Nire eskuetatik pasatzen da eta gero inprentara doa. Berezitasuna: gugana datozenean jendea larritasun handiagoarekin datorrela. Normalean inprentak ‘jaten’ ditu epe motzenak. Ikusezina, beraz, baina beharrezkoa.
Eli Pagola eta Miren Artetxerekin batera aurkeztu berri duzu ‘Ño’ komikia. Hala ere, ez da komikigintzan duzun lehen esperientzia.
Aurretik lan motzagoak egin ditut. Gaztezulo aldizkarian kolaboratu nuen, Axpi marrazkilariarekin batera. Mari Luz Estebanen olerki batzuetatik abiatu ginen. Garrantzitsuena, baina, Tupust! elkartea izan da. 2016an sortu genuen komikigile talde batek. Asmoa antologia batzuk publikatzea zen, hainbat kolaboratzailerekin. Bi liburu argitaratu ditugu eta orain hirugarrenarekin ari gara. Hori izan da nire kontaktu zuzenena komikiak marrazten.
Oraingoan bertsolariekin egin duzu lan. 2021ean Iruñean egindako Biko-Teka tailerrean ekin zenioten proiektuari. Nondik atera zen ideia?
Mireni hark idatzitako artikulu bati tiraka komiki bat egiteko proposamena luzatu zioten (Bertsozale Elkarteak), baina pandemia dela-eta bertan behera gelditu zen. Ostera Mirenek nirekin hitz egin zuen, gogoz ginen, eta Eli ere batu zen proiektura. Biko-teka ikastaroa urtarrilean izango zen eta pentsatu genuen ideia ona zela hirurok astebete elkarrekin hartzea. Oraindik ez genekien zer kontatuko genuen, beraz bertan ideiari forma eman eta gidoia gutxi-gorabehera zehaztu genuen.
Eta horren ostean marrazkiekin jarraitu zenuen zuk?
Lan egiteko modua nahiko berezia izan da. Normalean testuak jasotzen dituzu eta horietatik abiatuta marrazten duzu. Kasu honetan hiruok egin genuen gidoia. Haiek ideiak botatzen zituzten bitartean nik zirriborroak marrazten nituen. Oso desberdina da. Nik irudiekin pentsatzen dut, haiek testuekin, baina hiruen konbinatzea garrantzitsua da gero forma emateko. Behin nik marrazki definitiboak egitean Eli eta Mirenek testuak jarri dizkiete. Eta pixkana osatu dugu, zatika.
Hamar pasartez osatutako komikia da. Zer kontatzen dute istorioek?
Iruñean bildu ginenean erabaki genuen tonua umoretik joango zela, oso argi genuen hasieratik. Eli eta Mirenen esperientziatik abiatuta, emakume bertsolariek beraien artean konplizitatea adierazteko erabiltzen dituzten estrategia edo keinu txikiak irudikatzea pentsatu genuen. Oso eszena xinpleak dira, saioen bueltan gertatzen direnak, baina oso garrantzitsuak. Bertsotan baino, denbora gehiago pasatzen baitute elkarrekin auto bidaia batean, saio baten aurretik edo ostean. Une horietako batzuk hautatzea eta irudietara eramatea erabaki genuen, argazki tankeran ia. Eszenak oso deskriptiboak dira.
Ilustrazioak erraztasunak eskaini ditzake keinu txiki horiek adierazteko.
Bai. Irudiek nahi duzun hori azpimarratzeko edo zoom moduko bat egiteko aukera ematen dizute, fotograma desberdinak aukeratzeko. Baita jolasteko ere. Hasietatik eman diogu garrantzia gorputzari edo aurpegiei. Horrek du batez ere presentzia liburuan zehar. Bertsotan egitea ariketa mental moduan dugu, baina gorputza jartzen dute jendaurrean. Eta garratzi handia du: guk zer transmititzen dugun, aldamenekoek guri zer…
Espero ez zitezkeen bi kontu egin dituzue. Lehena, zuk normalean ez duzula koloretan ilustratzen eta oraingoan bai. Zergatik?
Hasieran txuri beltzean egiteko asmoa nuen, normalean horrela egiten dudalako lan, arkatzarekin etab. Baina biltzen hasi ginenean segituan hartu nion tonua. Umoretik zihoan, oso alaia zen... Segituan erabaki nuen oso koloretsua izango zela eta gero ez nion buelta gehiago eman. Banekien erronka izango zela niretzat, baina gustuko dut lan berriekin teknika berriak frogatu eta gauza desberdinak egitea.
Eta bigarrena: gidoia bi bertsolarik idatzi duten arren, ez da bertsorik agertzen testuetan.
Saioen bueltan gertatzen diren gauzka irudikatu nahi genituenez bertsoari ez diogu hainbesteko pisurik eman. Asmoa beste egoera horiek irudikatzea zen eta ez bertsoetako uneak, horiek kontrolatuagoak baitira. Beste guztiak denbora gehiago hartzen du.
Bertso mundua ez da hain handia... korapilorik sortu al zitzaizuen jendeak pertsonaiak identifikatzeko aukerarekin?
Ni argazki errealetatik abiatzen naiz marratzeko eta kasu honetan bertsolarien argazkiak ere erabili ditut. Asmoa ez zen pertsona konkretu batzuk irudikatzea; zerbait orokorragoa eta koralagoa da, beraz ez diogu garrantzirik eman. Egia da batzuk identifikatzen direla (barreak), esan izan didate. Espero dut identifikatzen den horri gustatuko zaiola. Egia da mundu txikia dela eta oso erraza dela aurpegia jartzea, baina guk hortik aldendu nahi genuen.
Badago ordea errekonozitu dezakegun pertsona bat: Joxe Antoni Aranberri Petriarena, ‘Xenpelar’. Zergatik erabaki zenuten iraganeko pertsonai bat txertatzea?
Hori ere nahiko azkar erabaki genuen. Pertsonaia historiko bat sartu nahi genuen kontrapuntua egiteko. Batzuetan ematen du gu garela lehenak protesta egiten... Elik eta Mirenek segituan bota zuten Joxepa Antoniren izena. Nik ez nuen ezagutzen, Errenteriako bertsolari bat zen, Xenpelar segidakoa, 1865ean jaiotakoa eta fabrikako langilea. Normalean baserri giroarekin lotzen dugu bertsolaria eta bera kalekoa zen.
Erabaki genuen denboran salto egitea, Joxepak egungo bertsolariei errieta egiteko edo xaxatzeko. Hasieran bera ere marraztea zen asmoa. Baina zaila egiten zitzaidan saltoa nabarmen gelditzea. Azkenean argazki muntaiak egitea erabaki genuen. Joxeparen argazki bakarra genuen eta grazia egiten zigun meme moduko batzuk sortzea bere aurpegiarekin.
Argazki bakarra izanda, lana pixka bat konplikatuko zitzaizun.
Bai, argazki bakarra lortu genuen eta ez zen erraza izan. Liburu baten bidez lortu genuen. Beste argazkiak artxiboetatik lortu ditugu: Errenteriako argazkiak, bertso saioetako argazki zaharrak… Bilaketa lana egin eta gero sei hautatu genituen. Polita iruditzen zitzaigun normalean gizon bertsolariekin ikusi ohi ditugun argazki historikoak emakume baten aurpegiarekin ikustea. Edo bestelako eszena batzuk irudikatzea, hain jendaurrekoak ez direnak; emakumeak etxe barruan kantuan, adibidez.
Zein izan da zuretzat lan honetako erronkarik handiena?
Inoiz ez nuen halako lan luzerik egin. Ohitua nago emaitza oso azkar ikustera, nahiko inpazientea naiz eta azkar bukatzea gustatzen zait. Banekien luze joko zuela eta pazientziarekin hartu behar nuela. Beldurra ematen zidan baita ere uniformea ez gelditzea, marrazteko modua asko aldatzen baita urte batetik bestera. Baina ez da gertatu, nahiko ondo joan da (barreak).