NAIZ

Espekulazioaren aurkako taldeek Senperen okupatu duten Olha etxea saldua izan da

Senpereko Olha etxaldea okupatzen duten espekulazioaren aurkako eragileek asteazken honetan baieztatu ahal izan dutenez aipaturiko egoitza saldua izan da. Salerostekaz arduratu den Urruñako notarioak eman die informazioa.

Joan zen ekainaren 27az geroz okupazioa burutzen duten ekintzaileek elkarretaratzea egin dute, agorrilaren 2 honetan, Urruñan, notaritzaren aitzinean.
Joan zen ekainaren 27az geroz okupazioa burutzen duten ekintzaileek elkarretaratzea egin dute, agorrilaren 2 honetan, Urruñan, notaritzaren aitzinean. (Guillaume FAUVEAU)

ELB laborarien sindikatua, Lurzaindia elkartea, Ostia sarea eta senpertarrek espekulazioa salatzeko sortu duten kolektiboaren kideek okupazioa abiatu zuten Olha etxean, Senperen, iragan ekainaren 27an. Asteazken honetan jakin ahal izan dutenez, prezio zinez altuan salgai eman zen etxea (1,3 miliotan) saldua izan da.

Gaur goizean protesta bat egin dute salerosketaren ardura hartu duen notaritzaren aurrean, Urruñan.

Horren ekintza jarraitu duten Euskal Irratiak-ek sare sozialen bidez plazaratu dutenez, Alexis Inchauspe notarioaren bulegora joan dira militanteak eta berarekin mintzatu direnean jakin dute salmenta bururatua izan dela.

 

 

Lurraren prezioaren garestitzea eta, horrekin batera, laborantza lurrak galtzeko arriskua. Horiek izan dira okupazio ekintza abian ematera eragileak bultzatu dituen kezka nagusiak.

Azken hilabetetan martxan eman ziren elkarrizketak porrot egin ondoren soilik martxan eman zuten ekintzaileek okupazio operazioa.

Behin salmenta egina, okupazioaren segidari buruzko erabakia hartu beharko dute. Momentuz, Olha etxean jarraitzeko asmoa adierazi dute gaur.

Ekimen ugari burutu dituzte

Okupazioa iraun duen bitartean hainbat ekintza egin dituzte espekulazioaren aurkako kolektiboek.

Hala higizinen operazioan erosle gisara aukeztu zen Adams gozogileak Doniban Lohizunen duen dendara bertaratu zirenm saltokiaren aitzinean elkarretaratzea egin zuten.

Horren ostean, Maison Adam gozotegiak agiria publikoa egin zuen bere azalpenak emanez Olhan garatzekotan den egitasmoari buruz.

Bere produktuak –txokolatea, euskal pastiza eta, bereziki, ‘macaron’ izeneko gutizia saltzen ditu Adam Etxeak– ekoizteko «labore ezberdinak» sustatzeko asmoa duela zehaztu zuen aipaturiko enpresak Mediabask hedabideak protestaren biharamunean plazaratu zuen albistearen arabera.

Hurrak, pikuak edo gereziak ekoizteko eta baita erlauntzak ezartzeko asmoa luke Donibane Lohizuneko ekoizleak.

Permakultura eta laboreak txandakatzeko irizpideak aplikatuz, «gure kolaboratzaileei eskainitako baratza sortzeko aukera» zehaztu du, bestalde, Maison Adamek.

«Tokiko enpresa familiar bat garen heinean gure ardura da geroaren erronkak aurreikustea, eta ekoizteko modu ekonomiko eta ekologikoa nahi ditugu garatu» gaineratu du.

Hain zuzen hori izango litzateke 50 hektareako lurretan Maison Adam kudeatzen duten Andoni eta Miguel Telleria-Adam anaiek.

Handik aurrera, etxearen prezioa tipitzeko saikerak, era horretan Safer egituraren irizpidetara egokituz, kale egin dutelako haien kexa azaldu dute okupazioa burutzen duten kolektiboek.

Higizinen eta lurren gaineko espekulazioaren aurkako dinamika zeharo bizkortu da azken hilabetetan Ipar Euskal Herrian. Tokian toki kolektibo anitz eratu dira, azkenetako bat Luhuson.