NAIZ

Iruñeko Gazteluko plazan terraza jartzeko baimena eskuratu du Labak azkenean

Iruñeko Udalaren «erabaki arbitrario» baten aurkako borroka luze baten ondoren, Laba aretoari terraza paratzeko baimena ematen dion erresoluzioa sinatu du nafar Gobernuko Toki Administrazio Zuzendaritzak. «Laba ezkutatu dute, baina inoiz baino gehiago ikusiko gaituzte orain», nabarmendu dute.

Laba aretoaren kanpoaldea, iazko urtarrilean ireki zuten egunean.
Laba aretoaren kanpoaldea, iazko urtarrilean ireki zuten egunean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ohar baten bidez, terraza paratzeko baimena eskuratu duela jakinarazi du Laba sareak, urte eta erdi baino gehiago luzatu den gatazka baten ondotik. Azaldu dutenez, abuztuaren 1ean ebazpen bat sinatu zuen nafar Gobernuko Toki Administrazio eta Despopulazio zuzendari orokorrak, eta bertan esaten du Nafarroako Administrazio Auzitegiak iazko urrian hartutako erabakia modu subsidiarioan betearazteko, Laba Elkarteari terraza izateko baimena aitortzen diola.

Hori dela-eta, asteazkenean Labari dagokion eremua erabiltzen duen Windsor ostatuari jakinarazi zioten mahaiak eta aulkiak kendu behar zituela, baina ostegun honetan bertan han jarraitzen zuten. Afera «kontu burokratikoekin zertxobait» luzatzea espero badute ere, «ahalik eta agudoen» muntatuko dute terraza, «euskaldun guztiei beste eremu bat eskaintzeko». 

Aipatu erresoluzioa irakurri zuten udaltzainen arabera, «terraza erabiltzeko tasak ordaindu bezain pronto» hura muntatzeko aukera izango dutela adierazi du Labak.

Sareko kideak «oso kontent» agertu dira «azkenean Iruñeko udal ordenantza beteko delako», nahiz eta «zoritxarrez», urte eta erdi baino gehiago luzatu den kontu hau Iruñeko Udalaren «erabaki arbitrario batengatik». Salatu dutenez, «Nafarroako Arartekoari eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari entzungor egin dio udalak, eta iruindar guzion baliabideak erabili ditu prozesu judizial hau ahalik eta gehien luzatzeko».

Iazko urtarrilean Laba ireki zutenean terraza paratzea «tramite hutsa» izango zela pentsatzen zuten, baina «bide malkartsu eta luzea» izan da azkenean, «dagokigun espazio bat ukatu zaigulako» eta «proiektuan inbertitu nahi genuen denbora eta energia auzi honetara bideratzera behartu gaituelako».

«Laba ezkutatu dute, baina inoiz baino gehiago ikusiko gaituzte orain», aldarrikatu dute.