NAIZ

Suteen Munduko Atlasa eguneratu du Europako Espazio Agentziak

 Atenaseko ipar-mendebaldeko suteak, ESAren Copernicus Sentinel-3A satelitetik ikusita.
Atenaseko ipar-mendebaldeko suteak, ESAren Copernicus Sentinel-3A satelitetik ikusita. (AFP)

Europako Espazio Agentziak (ESA, ingelesez) Suteen Munduko Atlasaren bertsio eguneratua kaleratu du, sateliteen datuak erabiltzen dituen tresna, mundu osoko baso-suei buruzko azterketa zehatza eskaintzeko.

Munduan baso-suteak areagotzen ari dira, tenperaturen igoera globala eta muturreko gertakari klimatikoen maiztasuna gero eta handiagoak direlako. Egoera horrek «arreta eta neurri eraginkorrak premiaz» eskatzen ditu, ESAk ohar batean adierazi duenez.

Europar Batasunean, suteek 234.516 hektarea suntsitu dituzte aurten, uztailaren 29ra arte.

Atlasak Copernicus Sentinel-3A sateliteak gauez hartzen duen erradiazio termiko infragorriaren datuak erabiltzen ditu lurrazaleko beroa neurtzeko.

Atlasaren bertsio berria 2019an sortu zen, eta suteen maiztasuna alderatzeko eta bilakaera denborarekin aztertzeko aukera ematen duen panel interaktibo bat du.

Adibidez, datuek erakusten dute Kanadak 11.598 sute izan dituela urteko lehen zazpi hilabeteetan, eta horiek lau milioi hektarea baino gehiago erre dituztela.

Tresna horrek lagundu diezaieke agintariei eta ikertzaileei «hobeto ulertzen mundu mailako suteen eragina» eta suaren aurkako «prebentzioan eta borrokan estrategia eraginkorragoak» diseinatzen, adierazi du Olivier Arino ESAko Klimaren Bulegoko teknikariak.