Estitxu Zabala Odriozola
Elkarrizketa
Gorka Ortiz de Urbina
Zeledon

«Egunak faltako zaizkit festak ospatzeko eta agurrak egiteko»

Hogeita bat urteren ondoren, Gorka Ortiz de Urbinak aterkia zintzilikatu eta Zeledon izateari utziko dio aurtengo Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien ostean. Datorren urtean, aldaketak egiteko aukera zabaldu du Blusa eta Nesken Batzordeak, tartean, Zeledon emakumea izatearena.

Gorka Ortiz de Urbinak azken aldiz erabiliko ditu aurten aterkia eta zahatoa.
Gorka Ortiz de Urbinak azken aldiz erabiliko ditu aurten aterkia eta zahatoa. (Endika PORTILLO | FOKU)

Zer moduz zaude, Gorka?

Iaz bezala esan beharko nuke. Pandemiarengatik bi urte egin nituen jaitsiera egin gabe, orduan, joan den urtekoa desberdina izan zen. Aurten, pixka bat urduri nago eta penaz ere bai.

Pena eta urduritasuna aipatu dituzu, baina denetariko sentimenduak izango dituzu egunotan, ezta?

Bai, normala da. Lagun bat galtzea bezalakoa izango da; badakizu lagun horrekin egon zarela hainbat urtez, eta berriro ikusiko duzu, baina beste era batera, beste batek egingo duelako lan hori.

2001ean hasi zinen Zeledonena egiten. Gogoratzen duzu zure lehen urte hura?

Bai, urriaren 7an jaioa naiz eta urte hartan 30 egin nituen. Gaztea nintzen eta urteak igaro dira... orain ezkonduta nago, aita naiz... eta momentu hartan ez.

Eta zer diote zure seme-alabek?

Haiek diote ez dutela Zeledon ezagutzen, aita ezagutzen dutela. Esan diete: «Ze zorte ona duzuen, zuen aita nolakoa den, ze jatorra...», eta haiek diote: «Bai, bai, majoa bai, baina etxean ez, errieta egiten digu, zigortzen gaitu...». Bueno, azkenean pazientzia handia izan dute. Nik pentsatzen nuen ez zirela blusak izango, zeren Gasteizko jaietan nirekin ateratzen direnean, itxaroten geratzen dira jendeak argazkiak atera nahi dituelako nirekin, eta askotan ordu bat pasa dezakete leku batetik bestera iristeko. Baina gauzak horrela dira eta kito.

Zu Zeledon izan zaren urte horietan guztietan, zer aldatu da bereziki Gasteizko Andre Mariaren jaietan?

Nabaritzen da neska gehiago dabiltzala blusetan eta euskararen egoerak hobera egin duela.

Zer esango zenuke eman diola Gorkak Zeledoni?

Euskaraz hitz egin duen lehen Zeledon izan naiz. Iñaki Landak egindakoa egiten jarraitu dut, baina kanta orain euskaraz egiten dugu.

Eta aurkakoa, zer eman dio Zeledonek Gorkari?

Kendu egin didala esango nuke. Orain jende askok ezagutzen nau eta oso zaila da jendeak ez ezagutzea Gasteizen edo Euskal Herri osoan. Jatetxe batean bazkaltzen ari banaiz familiarekin, adibidez, jendea hurbiltzen zait, abesten dute, haiekin argazkiak ateratzeko esaten didate... beti gertatzen zait hori. Baina polita da. Euskal Telebistan askotan ateratzen naiz eta internetaren munduarekin, ezaguna naiz.

«Emakumea izatearen aukera albiste ona da denontzat. Aldaketak egin behar dira eta gizarte moduan aurrera jarraitu behar dugu».

Zeledonek ez du Aste Nagusian bakarrik lan egiten, ezta?

Ez, ezaguna zarenez, elkarte askotatik deitzen dizute, haien helburuak ikusarazteko. Urtean zehar gauza asko daude egiteko eta babesteko.

Nolako jaiak aurreikusten dituzu aurten?

Dagoeneko izan ditut omenaldi batzuk; adibidez, joan den larunbatean nire kuadrillakoek egin zidaten eta primeran pasa genuen. Egunak faltako zaizkit festak ospatzeko eta agurrak egiteko. Datorren urtekoa desberdina izango da, baina gauza politak azkenean.

Hori da, datorren urtekoa desberdina izango da.

Nire emazteak esan dit abuztuan beti egoten garela Gasteizen eta inoiz ez garela joan oporretan. Ez dakit zer egingo dudan, baina uste dut blusa moduan egongo naizela abuztuaren 9a arte.

Gogoratzen al dituzu Zeledon izan aurreko jaiak?

Bai, gogoratzen ditut, blusa nintzenean; Luken taldean hasi nintzen eta gero Berezira pasa nintzen eta hor jarraitzen dut, oso pozik. Desberdinak ziren jaiak, abuztuaren 4an hasten ziren, Andre Maria Zurian, baina Iñaki Landa ikusten.

Orain aldaketak etorriko dira. Aukera egongo da Zeledon emakumea izateko eta gehienez bost urtez hartuko du kargua hurrengoak. Zer iruditzen zaizu?

Aldaketak proposatzen hasi zirenean, nik esan nuen nire ustez gutxi zela bost urte Zeledon izateko. Hasieran jendeak ez zaitu ezagutzen, eta ezagutzen hasten direnean, joan egin beharko da. Horregatik, nik esan nuen hobeto zela hamar urtez luzatzea. Egia da pertsona gehiagok izango dutela Zeledon izateko aukera, eta emakumea izan daitekeela. Hori albiste ona da denontzat. Aldaketak egin behar dira eta gizarte moduan aurrera jarraitu behar dugu.

Azken mezu bat bidali nahi diozu jendeari?

Bai, jendeari eskatu nahi diot laguntzeko plaza zeharkatzen, eta euskal herritar guztiak gonbidatu nahi ditut Gasteizera etortzera eta festez gozatzera, baina errespetuz, beti errespetuz.