Jon Ormazabal

Atxiki eta guzti, garaipenen eta finalen bidetik atera du Jon Ander Peñak Mariezkurrena

Gasteizko lehen finalerdia orekatua joan da hamarnako berdinketara arte, baina bigarren erdian Larrazabal eta Berriozartarra amildu egin dira 9-0eko partzial batekin, nahiz eta azkenerako markagailua zertxobait txukundu (22-17).

Jon Ander Peña izan da, ezbairik gabe, gaurko pilotaririk onena Gasteizen.
Jon Ander Peña izan da, ezbairik gabe, gaurko pilotaririk onena Gasteizen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lehia gorabeheratsu batean Larrazabal-Mariezkurrena –Iruñeko finalistei– 22-17 gailenduta, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu dira Gasteizko feriaren lehen finalistak. Jendez Andra Mari Zuriaren torneoa hotz hasi bada, kantxan izan da zalapartarik, batik bat, epaileak atxikia adierazi diolako aurrelari tolosarraren bolea bati, partida berean Iker Larrazabalek beste garbiagoren bat egin duenean. Baina polemikak alde batera utzita, «aurrelari askok bolea zikinak jotzen» dituztela onartu duen pilotaria izan da partidako protagonista nagusia, berak apurtu baitu lehia gipuzkoarren alde, batez ere partidaren bigarren erdian, tantoak erraztasunez amaituz. Igandean jokatuko den Ezkurdia-Zabaleta/Altuna III.a-Martija partidako irabazleen zain dira Baikokoak astearteko finalean.

Partida hau bera Iruñeko ferian jokatu zen eta orduko hartan arabarra eta nafarra nagusitu baziren ere, gaurkoan partidaren agintea gorriena izan da hasieratik, hori bai, alde handirik gabe. Azken partidetan Jon Mariezkurrena atzean asko agintzen ikusi izan badugu, Ogeta bezalako pilotaleku zail batean, Jon Ander Albisuk ondo eutsi dio, baita tarteka bizkarra erakutsi ere. Gainera, jo behar horretan, Berriozarreko atzelariak huts batzuk ere pilatu ditu.

Aurrean ere, gauzak orekatu xamar hasi dira, bi aurrelariek erremate ederrak utziz, baina partidak jarraikortasun apur bat falta izan du borobila izateko. Erdi partean bi atzelariek ere kale batzuk pilatu eta markagailuan oreka izan da hamarnako berdinketara arte.

Urdinak amildu

Hortik aurrera, ordea, partida erabat hautsi da gipuzkoarren alde. Potentzia handiko bikotea izanda, partidak haustera ohituta daude Larrazabal eta Mariezkurrena eta halakorik egin ezin izan dutenean, abiadura eta presa nahastu dituztela esan genezake. Erraztasunak ematen hasi dira eta hortxe Jon Ander Peña oso eroso aritu da. Partida hasieratik ibili da eraginkor tolosarra, baina bigarren erdian askoz gutxiago behar izan du tantoak amaitzerako orduan, urdinek jarritako erresistentzia ere erabat amildu delako. Pilotakada gutxitan 9-0eko partzial bat sartu diete tolosarrak eta ataundarrak eta partida euren aldera eraman dute (19-10).

Garaipena esku-eskura izan dutenean, ordea, Albisu erabat okertu da, hiru huts egin ditu jarraian eta gauzak espero baino gehiago okertu zaizkie, tartean epaileak Peñari iñork ikusi ez duen atxiki bat adierazi diolako. Tolosarra, ordea, ez da bere bidetik irten, berean jarraitu du eta partida borobila jokatu du.

 

FITXA TEKNIKOA:

Peña-Albisu: 22

Larrazabal-Mariezkurrena: 17

Iraupena: 58 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-3, 5-3, 3-5, 5-5, 7-5, 7-6, 9-6, 9-7, 10-7, 10-10, 19-10, 19-14, 20-14, 20-17, 22-17. Sakeak: 3 Peñak eta 0 Larrazabalek. Egindakoak: 10 Peñak, 1 Albisuk, 6 Larrazabalek eta 1 Mariezkurrenak.  Galdutakoak: 3 Peñak, 7 Albisuk, 3 Larrazabalek eta 4 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera oso eskasa Gasteizko feriako lehen finalerdian. Lehen sakea urdin.