Arnaitz Gorriti

Andre Mari Zuriaren astearteko finalera leher eginda iritsiko dira Altuna eta Martija (20-22)

Ezkurdia eta Zabaletaren aurka Binakako Txapelketako partida baten antzeko gogortasuna izan duen neurketa jokatu eta eraman dute urdinek, ia 800 pilotakada eman eta gero. Hargatik, ezker eskutik nahiko justu amaitu duen Altuna kexu azaldu da neurketa amaieran.

Azkenera arte esfortzu betean aritu dira lau pilotariak.
Azkenera arte esfortzu betean aritu dira lau pilotariak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Altuna eta Martija izango dira asteartean faborito Andre Mari Zuriaren Torneoko finalean. Baina ikusi egin behar 48 ordu baino gutxiagoko tartean zernola errekuperatzen diren Peña eta Albisuren aurkako finala jokatzeko.

Ezkurdia eta Zabaleta baino osoago iritsi dira partidaren amaierara igande honetako Asperen adarreko finalerdiko irabazleak, baina gorriek ez diote lanari bizkarrik eman eta neurketa ahal bezain beste gogortu dute, batik bat atzeratzea asko kostatu den pilota bat dantzatuz. Partidaren amaieran, nekeak jota, ezker eskutik nahikoa justu eta aurreko egunetako neurketen zama bizkarrean, Jokin Altuna kexu azaldfu da, eta ez zaio motiborik falta.

«Zerbait egin beharko dugu, ze martxa honetan 30 urte bete aurretik erretiratuko gara», esan du Jokin Altunak ironia zantzurik gabe.

«Ulertzekoa da 40 minutuko partidak ez nahi izatea. Jendeari asko kostatu zaizkio sarrera hauek lortzea eta ulertzekoa da partida gogorragoak jarri nahi izatea, baina niretzat, Binakako Txapelketa bainoi askoz gogorragoa izaten ari da uda. Are gehiago partida bakoitzean 700 pilotakada baino gehiago jotzea tokatzen bazaigu. Badaramazkit hiruzpalau partida eskuetatik ez oso ongi eta oraingoan oso justu amaitu dut, eta asteartean –bihar– Jon Ander Peña eta Albisu ez dira ezer oparitzeko egongo. Badakit intendenteentzat lain zaila dela, baina pilota gehiago edo jarri beharko da eta trote honi buelta bat eman beharko zaio», gaineratu du Amezketako aurrelariak.

Materialaren kontua

Tarteka Zabaletak Martija aurretik eraman behar zuela zirudien aurreneko tantoetan, hain da handia Etxarrengo atzelariaren joa! Baina Martijak oso tarteka baino ez du kale egin eta pilota bizitxoagoekin Zabaletari bizkarra ere erakutsi dio tarteka. Izan ere, tanto asko eta asko, hasiera latz horretan, Altuna eta Martijaren alde erori dira, aurreko koadroetan Joseba Ezkurdia oso kamuts hasi delako.

Hala hasieran 3-0 gorriak aurreratuagatik, berehalako baten buelta emateko gai izan dira Altuna III.a eta Martija, 4-5 eta 6-8. Partida oso gogorra jokatu dute laurek, atzelariek batik bat, eta sekulako aldea nabarmendu da gorriek edo urdinek beren pilota ateratzeko orduan. Urdinen pilotarekin Martija kapaz izan da Zabaletari eusteko, atzeko koadroetako arerioak baino gehiago gozatu baitu. Baina behin gorriek pilota aldatuz gero, orduan komeriak Etxeberrikoarentzat.

«Zortzigarren tantorako edo pilotak erabat geratu dira», kexatu da Altuna. Hargatik, aurrean ere sekulako ahalegina egin behar izan du aurrelari gipuzkoarrak, nahiz eta Ezkurdiak igande honetan ez duen bere egunik inspiratuena izan, lan erdietara iritsi arte tantorik ezin izan baitu amaitu. Hain zuzen, 6-8tik 11-8rako tarte horretan pilatu ditu Arbizukoak bere lehenengo tantoak.

Azkenera arte borrokan

Binakako Txapelketako partida bat bailitzan jokatu dute laurek. Hala, 11-8 gorriak iritsi arren, 11-16raino buelta eman diote markagailuari Altunak eta Martijak. Artean neurketa 11na zela 500 pilotakada jota izan dituzte ordurako, eta hain zuzen tanto horietan pasa du unerik txarrena Zabaletak. Oso beteta ibili da une horietan eta bazirudien urdinek behin betirako hautsi ahal izango zutela partida. Are gehiago Ezkurdiak altunaren sake pare bati airez erantzuten hasi eta kale egin ostean.

Baina urdinak ere ez dira sobera handiarekin izan eta Martijak eta Altunak egindako hutsegite banaren ostean, pilota aldatu eta bertan jarri dira berriz ere Ezkurdia eta Zabaleta. Ez dira markagailuan aurrerik hartzeko gai izan , baina 14-16 hurbildu dira, eta aurkariak 15-19 aldendu arren, 19na berdintzeko kemena erakutsi dute.

Tanto onak ikusi dituzte zaleek –baita une ezatsegin bat ere, euskal presoen aldeko pankartatxo bat kentzen saiatu baitira partidaren hastapenetan. Hala, ikusleek saiakera horren aurrean txistu jo dute lehenbizi eta gero «Euskal Presoak Etxera!» aldarrikatuz amaitu dute–, nola ez, baina tantoen kalitatea baino askoz garrantzitsuagoa izan zen intentsitatea, azkenera arte inork ere ez baitu amorerik eman.

Azkenean, gainera etorritako pilota bat txapapera joan zaio Ezkurdiari eta horrela eraman dute partida Altunak eta Martijak, ia 800 pilotakada jo eta gero. Ikusi egin beharko martitzenean nola iristen diren finalera. Egia da, bai, faborito izango direla, baina nekea pilatuta ere iritsiko dira, eta inork ere ez du nahi altuna eta Martija lako pilotariak 30 urte bete aurretik erretiratu daitezen.

FITXA TEKNIKOA

EZKURDIA-ZABALETA 20

ALTUNA III-MARTIJA 22

Iraupena: 83.05 minutu. Pilotakadak: 785. Sakez: 0 Ezkurdiak eta 3 Altunak. Egindakoak: 7 Ezkurdiak eta 4 Zabaletak; 8 Altunak eta 0 Martijak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak eta 7 Zabaletak; 3 Altunak eta 6 Martijak. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 3-2, 4-2, 4-5, 5-5, 5-6, 5-7, 6-7, 6-8, 7-8, 11-8, 11-9, 11-12; 11-13, 11-16, 12-16, 14-16, 14-17, 15-17, 15-18; 15-19, 16-19, 19-19, 19-20, 19-21, 20-21, 20-22. Gorabeherak: Andre Mari Zuriaren Torneoko bigarren finalerdia. 1.431 lagun Gasteizko Ogeta pilotalekuian. Dirua 100-90 urdin. Aurreneko sakea, gorri. «Euskal presoak, etxera», aldarrikatu dute harmailetatik, lelo hori daraman pankarta bat kentzen saiatu ostean. 4-2ko tantoa errepikatu dute Altunaren erremateak Ezkurdia ikutu eta gero.