NAIZ

17 urteko neska baten bahiketa saiakera ikertzen ari dira Itsasun

Baionako Fiskaltzak zuzenduta, larunbatean Itsasun gertatu zen 17 urteko neska baten bahiketa saiakera ikertzen ari dira jendarmeak. Gazteari elkartasuna adierazteaz gain, gertatutakoa salatu du Herriko Etxeak, herritarrei lasaitasun mezu bat igorriz. Elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan.

Larunbatean jazo zen bahiketa saiakera, Itsasuko Herriko Etxeak salatu duenez.
Larunbatean jazo zen bahiketa saiakera, Itsasuko Herriko Etxeak salatu duenez. (Bob EDME)

Intramuros plataforman astelehenean argitaratutako mezu baten bitartez, larunbatean Itsasun gertatu zen 17 urteko neska baten bahiketa saiakeraren berri eman du bertako Herriko Etxeak.

Bertan azaltzen zenez, larunbat iluntzean jazo zen gertakari larria, gaztea Karrika Nagusiko bide bazterretik zihoala. Furgonetan batean zihoazen ezezagun batzuek helbide batera iristeko argibideak eskatu zizkioten eta, ondoren, Udalak azaldu duenez, ibilgailutik jaitsi ziren gaztea «bortxaz» igo asmoz. «Zorionez» autoak agertu ziren inguruan eta alde egin zuten gaztea bertan utzita.

«Jendarmeriak abiatua du inkesta eta ibiliak dira Itsasuko etxe askotan xehetasun eske», gaineratu du Herriko Etxeak. Baionako Fiskaltza ari da ikerketa zuzentzen.

Gazteari lehenbailehen «bere bizi pozaren berreskuratzea» desiratzearekin batera, itsasuar guztiei oharra egin die Udalak, «erne eta lasai» ibil daitezen: «Erne egon beharra, larunbat arratsean Itsasun gertatu dena biziki larria baita. Lasai segitzea herritarren arteko lokarriak eta elkartasunak baitira egunerokoan bermerik fidagarrienak jende gazteenetarik adinekoetaraino, denentzat».

Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan, arratseko 19.00etan, Femin'hitzak eta Itaiak deituta, Mediabask-ek jaso duenez.