NAIZ

‘Barbie’-k iskin egin dio zentsurari Saudi Arabian edo Emirerrietan, baina ez eskualde osoan

Arabiar Emirerri Batuetan eta Saudi Arabian ostegun honetan estreinatu da ‘Barbie’ filma. Aldiz, Libanok eta Kuwaitek ez dute aretoetan proiektatuko eta batzuk «zalantzan» daude. LGTBI mugimenduko eta ezkontzaz kanpoko bizitza «jorratzeagatik» debekatu dute zenbait herrialdek.

Ekialde Hurbileko zenbait herrialdeetan ezin izango da ‘Barbie’ filma ikusi.
Ekialde Hurbileko zenbait herrialdeetan ezin izango da ‘Barbie’ filma ikusi. (Warner Bros | Europa Press)

Munduko herrialde askotan arrakasta bilakatu den ‘Barbie’ filma polemika iturri bilakatu da beste zeinbat txokotan. Ostegun honetan, Arabiar Emirerri Batuetan eta Saudi Arabiako zinema aretoetan estreinatu dute, aurreikusita zegoena baino beranduago. Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetan, berriz, filma debekatu dute «gizarteko ohiturak eta etika publikoa babesteko» helburuarekin.

Saudi Arabian eta Arabiar Emirerri Batuetan uztailaren 19an estreinatzea aurreikusita zegoen, gainerako toki guztietan baino bi egun lehenago. Azkenean, baina, ostegun honetara arte itxaron behar izan dute «arrosaz beteriko» filma ikusi ahal izateko. 15 urtetik gorakoentzat baino ez dute eskainiko.

Bestalde, Kuwaitek eta Libanok filma proiektatzea galaraziko dute, «LGTBI eta ezkontzaz kanpoko gaiak azaleratzeagatik». «Filmak aitaren zaintza arbuiatzeko ideia itsusia sustatzen du, amaren papera gutxietsiz eta barregarri utziz, ezkontzaren eta familia bat osatzearen beharra zalantzan jarriz», adierazi du Mohamed Murtadak, Libanoko Kultura ministroak.

Kuwaiteko agintariek, aldiz, azaldu dute «herrialdeko tradizioa eta etika babesteko» neurri gisa debekatu dutela filma, azaleratzen dituen balioak ez dutelako «bat egiten» herrialdeko gizartearekin.

Erabaki horren ondorioz, Ekialde Hurbileko beste zenbait herrialdeetan ez dago argi Margot Robbie eta Ryan Goslingen filma zinema aretoetan izango den ala ez. Egipto da oraindik «zalantzan» daudenetako bat. Berez abuztuaren 30ean estreinatu behar da, baina Gobernuak oraindik ez du adierazpenik egin.

Hau ez da lehen aldia filmak debekatzen dituztela «sexua, erlijioa edo LGTBI gaiak azaleratzeagatik». Askotan zenbait atal mozteko agintzen diete estudioei eta hala ez bada, zuzenean ez dituzte estreinatzen. Horren adibide dira ‘Spiderman, multibertsoa gurutzatzen’ edo ‘Minions’ filmak. Kasu horietan Arabiar Emirerri Batuetan eta Saudi Arabian ere ezin izan zen ikusi.

Txoko askotan arrakasta eta miresmena sortu du ‘Barbie’ filmaren fenomenoak, baina polemika eta gaitzespen adierazpenen iturri ere eizan da. Horren adibide argia dira Amerikako Estatu Batuak, non bertako zenbait politikarik eta pertsonai publikok «era sutsuan» gaitzetsi duten ‘Barbie’.

«Familiaren ideia alde batera uzten» duela eta «gizonen gorrotoa hedatzen» duela adierazi dute zenbait pertsonai publikok. Horretaz gain, filmean parte hartzen duen aktore bat transexuala izatea ere kritikatu dute, filma «trans doktrinamendua» dela adieraziz.

«Familia eta fedearen ideiak alde batera uzten ditu», adierazi du Matt Gaetzek, Ginger Gaetz politikari errepublikanoaren emazteak. Peachy Kennan kontserbadoreak «klixe feministaz beteriko ontzi maltzurra» bezala deskribatu zuen filma.