NAIZ

Gizon bat espetxeratu dute, Elorrion bi adingaberi argazkiak eta ukituak egiteagatik

Joan den astearte arratsaldean bi neska adingaberi argazkiak eta ukituak egiteagatik gizon bat espetxeratu dute Elorrion ostegun honetan. Gertakarien egunean atxilotu zuten eta sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzi diote.

Ertzaintzaren auto bat Bilboko epaitegira sartzen, artxiboko irudi batean.
Ertzaintzaren auto bat Bilboko epaitegira sartzen, artxiboko irudi batean. (EUROPA PRESS)

48 urteko gizon bat espetxeratu dute ostegun honetan, sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita Ertzaintzak Elorrion atxilotu ondoren. Bi neska adingaberi baimenik gabe argazkiak egitea eta haietako bati hankak ukitzea leporatzen diote.

Lakuako Segurtasun Sailak ostegun honetan jakinarazi duenez, gertakariak astearte arratsaldean jazo ziren.

Elorrioko Udaltzaingoak Ertzaintzari jakinarazi zion bi adingabeek kalean jasandako sexu-askatasunaren aurkako ustezko delituaz.

Kasua beren gain hartu zuten ertzainen arabera, gertakarien lekuan zegoen gizon bat bi neskengana joan zen, eta galdetu zien ea «modeloak izan nahi zuten».

Jarraian, gizonak «baimenik gabe bi adingabeei argazkiak eta bideoak atera zizkien, eta horietako baten hankak ukitu zituen, argazkietan tematuta», Segurtasun Sailak adierazi duenez.

Agenteek susmagarriaren telefono mugikorrean hainbat irudi zeudela egiaztatu zuten, eta atxilotu egin zuten, sexu-askatasunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita.

Atxilotua Durangoko Epaitegiaren esku utzi dute ostegun honetan, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du.