Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Udari amaiera eta lehiari hasiera emango dio Euskal Herria Kopak

Txapelketaren XIII. edizioak 13 lehiakide izango ditu eta bi mailatan banatuko da. Larunbatean jokatuko dira lehen partidak eta irailaren 9an.

Realak jantzi zuen iaz txapela laugarren aldiz, finalean Alaves gaindituz.
Realak jantzi zuen iaz txapela laugarren aldiz, finalean Alaves gaindituz. (Jon Urbe | AFP)

Euskal Herria Kopa larunbatean hasiko da martxan, uda azken txanpa sartu denaren eta lehia hastear dagoenaren seinale. Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketaren XIII. edizioa izango da eta hainbat berritasunekin dator, lehiakideen kopuruaren eta egutegiaren ondorioz.

Hamahiru dira, guztira, lehiatuko diren taldeak eta antolakuntzak bi mailatan banatzea erabaki du. A mailan kokatu ditu Real, Athletic, Eibar, Alaves, Osasuna eta Bizkerre; B mailan jokatuko dute, bere aldetik, Real B, Athletic C, Eibar C, San Ignacio, Berriozar, Arratia eta Mulier taldeak. Maila bakoitza bi multzotan banatuko da, lehen partidak ligaxka moduan jokatuko dira eta hauen emaitzen arabera suertatuko dira azken kanporaketak.

A mailari dagokionez, Real, Alaves eta Bizkerre taldeek osatzen dute A multzoa eta Athletic, Eibar eta Osasuna taldeei dagokie B multzoa. Ligaxka larunbat honetan hasi eta abuztuaren 26an amaituko da eta irailaren 2an edo 3an, multzo bakoitzeko azken sailkatuek 5. eta 6. postua erabakitzeko partida jokatuko dute eta bigarren sailkatuen artean 3. eta 4. postua borrokatuko dute. Irailaren 9an, 16.00etan, Guardian jokatuko da finala multzo bakoitzeko onene artean eta ETBren bidez jarraitu ahal izango da.

Antzeko sistema jarraituko da B mailan ere. Athletic C, Eibar C, San Ignacio eta Berriozar daude A multzoan; eta Real B, Mulier eta Arratia B multzoan. Ligaxka abuztuaren 16tik 26ra jokatuko dira eta irailaren lehen asteburuan, erabateko sailkapena erabakitzeko partidak.

Realak defendatuko du garaikurra, iaz txapelketa laugarren aldiz eskuratu ondoren. Athleticentzat izan dira gainontzeko zortzirak baina azken aldi honetan lehia zabaldu da. Horren erakusle da Alavesek jokatu dituela azken bi finala, aurreko guztiak donostiar eta zuri-gorrien artean jokatu ostean.

Omenaldia

Txapelketa bihar hasiko da. Bizkerre eta Alavesek Sondikako Basozabalen (19.00) eta Eibarrek eta Osasunak Errenteriako Fanderian (19.00) jokatuko dituzte estreinako norgehiagokak. Errenteriako partida hasi aurretik, Jon Esturori hilondoko omenaldia egingo diote. Proiektuaren sortzaileetako bat azaroan zendu zen eta, Garazi Esturo alabaren parte hartzearekin, egindako lana gogorarazi nahi dute, bide batez Euskal Herria Kirola proiektuan lanean dabiltzaten lagun guztiak eskertuz.