NAIZ

Emakume eta haurrei eskubideak itzultzeko eskatu diete Nazio Batuek talibanei

Bi urte dira abuztuaren 15 honetan talibanek Afganistanen boterea hartu zutela eta gaitzespen mezu ugari zabaldu dira, tartean NBErena eta Save the Childrenena. Salatu dutenez, emakume eta neskei «duintasuna eta eskubideak» lapurtu dizkiete. Hiru haurretatik bat lan egitera behartua dago.

Emakumeen manifestazioa Islamabaden.
Emakumeen manifestazioa Islamabaden. (Aamir QURESHI | AFP)

Nazio Batuen Erakundeak emakume eta neskato afganiarrei «duintasuna eta eskubideak» bueltatzeko exijitu die talibanei. Bi urte dira abuztuaren 15 honetan boterea eskuratu zutela eta denbora horretan «eskubideak lapurtu besterik ez dute egin, astez aste», erakundeak kritikatu duenez. Horregatik, «gizon, emakume eta haur bakoitzak dituen eskubideak eta duintasuna itzultzeko» eskatu die agintariei.

Farhan Haq NBEko idazkari ondokoak azaldu duenez, talibanak gero eta gehiago ari dira urruntzen emakume eta neska afganiarrak dagozkien eskubideetatik. Horren ondorioz, «behar lukeen garapenetik aldentzen ari dira herrialdea bera».

Nazioarteko komunitateari deia

Egoera tamalgarri horretan, Nazio Batuek nazioarteko komunitateari egin diote dei indarrak batu eta esku hartzeko. Zehazki, «eragina duten horiei, komunikatzeko bide zuzenak dituztenei» zuzendu zaie Haq, Afganistango emakume eta haurren alde erabil ditzaten.

NBE Emakumeak antolakundeko zuzendari exekutiboa da Sima Bahous. Talibanak emakumeak «erasotzen» ari direla salatu du. 50 legezko abisu baino gehiago ezarri dituzte biztanleriaren erdiaren aurka, eta «ez dute euren bizitzaren alderdi bakar bat ere utzi aztertu gabe, euren askatasun apurrik ere ez».

Gaineratu duenez, talibanek emakumeen aurkako «errepresio masiboan oinarritutako sistema bat sortu dute, genero apartheid gisa har daitekeena».

Emakume afganiarren borroka

Bahousek aurten bisitatu du Afganistan. «Erronkak handiak dira, baina emakume afganiarrek esan didate ez dutela inoiz etsiko eta errepresioaren kontrako borroka gidatzen segituko dutela. Egoera zailenetan ere ahotsa altxatzen dute abusuen kontra; oinarrizko zerbitzuak ematen dituzte eta enpresak kudeatzen segitzen dute», nabarmendu du.

NBEko ordezkariak «ausardia» eta «eredu» horri eman dio balioa.

Hiru haurretatik bat, lanera behartua

Haurrak ere pairatzen ari dira talibanen errepresioa. Save the Children elkarteak salatu duenez, haurren herena baino gehiago, %38,4, lanera behartua dago Afganistanen, etengabe handitzen ari den pobreziari eta goseari aurre egiteko.

Umeek arrisku egoerak bizi behar dituzte beren burua eta familiak mantentzeko. Adibidez, kamioi batek zapalduta hil zen neska bat, kontrabandoko salgaiak mugako bidegurutze batetik pasatzen ari zela.

Elkartearen inkestan parte hartu duten lau haurretatik hiruk (%76,1) erran dute orain, aurreko urtearekin alderatuta, gutxiago jaten dutela. 30 urtean izandako lehorterik okerrenak uztak, ura eta azienda galtzea eragin du.

Pobrezia, klima aldaketa eta gosea

Sei probintziatako etxeetan egindako azterketak afganiarren beharren gordintasuna erakusten du, pobrezia, klima aldaketa eta gosea batu baitzaizkie. Gainera, beste herrialde batzuek ematen zizkieten dirulaguntzak murriztu dituzte eta, ondorioz, milioika pertsonak ez dute elikagairik jasotzen. Save the Childrenek nazioarteko komunitateari «beste alde batera begiratzeari utzi eta arreta eskaintzeko» dei egin dio.

Afganistan iparraldekoa da Sajida (fikziozko izena), 31 urte ditu, eta bere familia gogor kolpatu dute lehorteak eta krisi ekonomikoak. Seme-alabak patata, fruta eta haragiarekin elikatu nahi ditu, baina arroza bakarrik erabil dezake. Nahida eta Nadiraren (fikziozko izenak hauek ere) zortzi hilabeteko alaba bikiei desnutrizio akutu larria diagnostikatu diete eta tratamendua jasotzen ari dira Save the Childrenen klinika mugikor batean.