Arnaitz Gorriti

Mariezkurrenak ikuskizuna eman du eta Masterseko lidergoa eskuratu du Ezkurdiarekin (22-12)

Altuna eta Imazek aurreneko erdi bikaina egin badute ere, Berriozarkoaren erauntsiaren aurrean amore eman behar izan dute Azkotiko Gurea udal pilotalekuan. Garaipen honen ostean, Ezkurdiak eta Mariezkurrenak beren esku dute ligaxka aurreneko postuan amaitu eta zuzenean finlaerdietara sailkatzea.

Jon Mariezkurrenaren eskuin beso indartsuak markatu ditu aldeak Azkoitiko pilotalekuan.
Jon Mariezkurrenaren eskuin beso indartsuak markatu ditu aldeak Azkoitiko pilotalekuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Egindako lanarekin gustura geratu naiz eta Anderri –Imazi– zorionak eman dizkiot. Baina Jonek –Mariezkurrenak– sekulako ikuskizuna eman du. Ezkerrez ez badu hutsik egiten eta eskuinez eman dion guztia emanda... buf! Ba ez dago besterik zorionak ematea baino». Jokin Altunari jaramon egitea komeni da berba egiten duenean, eta Amezketakoak esan bezala, Jon Mariezkurrenak emandako ikuskizunak erabaki du Caixabank Masterseko hirugarren jardunaldiari dagokion azken partida.

Ezkurdia eta Mariezkurrena dira orain Masterseko liderrak, eta finalerdietarako txartel automatikoa emango lukeen aurreneko postua nahiko eskuan dute. Alegia, ostiralean Altsasun Jaka eta Martija menpean hartuko balituzte, Altuna eta Imaz kale egiteko tarterik gabe utziko lituzkete.

Baina sailkapenaren kontuek gutxi balio dute Berriozargo atzelariak emandako erakustaldiaren parean. Orotara zortzi tanto sartu ditu –akaso estatistika ofizialek pilotaren bat gehiago galdutzat eman diote Ander Imazi, baina erreboteko zuloan «bizilekua» eraiki beharra dagokionari horrenbeste barkatu lekioke– eta pilota bakarra galdu –neurketaren lehenengo tantoan hamargarren koadrotik goiko txapara bota duen errestoaz gain–. Sekulakoak eta bi emateaz gain, ezker hormara urdinek sarturiko pilotetan bikain moldatu da, eta airez bezala aurreko koadroetan defentsa lanetan ere, Ezkurdiari sekulako laguntza eskaini dio.

Ezkurdia, berriz, partidak aurrera egin ahala berotu da. Gorriek pilota bizi bati esker airean erabili dituzte Altuna eta Imaz, baina Arbizukoak 10nako berdinketara arte oso tanto gutxi amaitu ditu, nahi adina aukera izan arren. Hori bai, behin 11-10eko tantoa sartu duenez geroztik, eta beti ere Mariezkurrenaren aginte makila bikain ulertuta, berak ere tanto mordoxka amaitu ditu.

Urdinei buruz, berriz, ezin ezer txarrik esan. Azkoitiko Gurea udal pilotalekura hurbildu diren zaleek aurreneko erdian partida oso berdindua ikusi eta gozatu ahal izan dute. Altunak aurrean sekulakoak egin ditu lehenengo erdi horretan, eta are, pilota bajuxeago baten bitartez, partida orekatzea erdietsi dute. Imazek, berriz, Mariezkurrenaren erauntsiari nolabait aurre egin dio eta orotara hiru pilota bakarrik galdu ditu –estatistikek nahi dutena esango dute–. Ez hori bakarrik, atzean tanto bikain bat sartzeko gauza ere izan da Mariezkurrena eta Ezkurdia dantzan ibili behar izan diren une baten. Hargatik, eta Altunak eta Imazek ematen duten konfiantza dela medio, apostulariek ere urdinen alde jokatu dute markagailuan ia beti atzetik joan badira ere.

Alabaina, partidaren bigarren erdian ez da kolorerik izan. Ezkurdiak jokoa hartu badu, Mariezkurrenak ez du jokorik galdu eta biek osatu duten bikotea ikusita, Altuan eta Imazen mailako pilotariek ere amore eman behar izan dute.

«Oso gustura aritu naiz hasieratik: pilota astintzen eta gozatzen. Joseba –Ezkurdiak– eta biok oso partida serioa egin dugu, hasieratik agintzen. Lehenengo zati horretan oso ongi eutsi diote Jokinek eta Anderrek, baina guk aurrera jarraitu dugu azkenean zama hori nabaritu dutela ikusi da», onartu du Jon Mariezkurrenak berak ere, emandako mailarekin pozik eta harro.

Materialaren desorekak

Mariezkurrenak aurreneko errestoa hutsegin badu ere, lehenengo tantoetatik aginte makila berea izan da. Ez bakarrik Imaz baino askoz jotzaileagoa delako, baizik eta ezker horma bikain bilatu duelako. Oiartzungo atzelariak gorriak ikusi ditu neurketaren hastapenean eta, hala, gorriak 4-1 aurreratu dira.

Partidaren zorionerako, Jokin Altuna sartu da jokoan orduan. Ezker gantxoz bi tanto kateatu ditu eta, nolabait esatearren, urdinak neurketan murgildu ditu. Altuna eta Imazek atera duten pilotarekin zailagoa izan da Amezketako aurrelaria jokoz kanpo lagatzea eta Imaz bera ere erosoago aritu da; gozakaitzago, bestalde, Barriozarko atzelariak.

Hala, aitaren batean 4-6 aurretik jarri dira urdinak, nahiz eta egiari zor, 4-5eko tatoa gorrientzat izan beharko zukeen, Altunak bigarren botean eraman duen Ezkurdiaren bi pareta ontzat eman baitute epaileek.

Ezkurdiak ere pilotan jokatzen badakiela erakutsiz, 5-6koa ezker airez txokoan utzita lortu du, gorriek beren pilota atera eta hurrengo tantoan Mariezkurrenak pilota errebotean sartu aurretik. Atzelari nafarra pozarren aritu da pilota hori astintzen. Hain pozik eta gustura, ezen aurrean, zabalean moztuta, sekulako tantoa sartu baitio nori eta Jokin Altunari, markagailua 8-6 jartzeko. Gurea udal pilotalekuko zalean txaloka ez ezik, txundituta ere azaldu dira.

Bien bitartean, Ander Imazek frontisean pilota harrotuta Mariezkurrenari eusteko ahaleginak eta bi egin ditu, eta Altuna jokoan sartu delarik, neurri handi baten Ezkurdiak aurrean ez duelako nahi adina asmatu, Oiartzungo atzelariak atzean tantoa sartzea lortu du. Altunak, sakez, 8nakoa ezarri du.

Berdintasuna eta tantoen kalitateak gorenean iraun dute aurreneko atsedenaldi luzera bidean. Altunak, keinu hutsez, bikote gorria dantzan erabili du behin eta berriz, baina Ezkurdiak, bere atzelariaren nagusitasuna baliatuta, aurrean azkenean pare bat tanto kateatzea erdietsi du. Bada, txokoan pausaturiko pilotakada bati esker 12-10 «ihes» egin dute nafarrek lehenengo atsedenaldi luzean.

Gorriek errukirik ez

Gorrien ihesaldia atsedenalditik bueltan finkatu da. Ezkurdiaren ezker gantxo bikain batek eta Imazi ia errebotean behera alde egin dion pilotakada batek markagailua 15-10era eraman dute, hurrengo tantoan kontrakantxatik Altunak kontraerasoa bilatu nahian txapapera jotakoa gehitu ondoren.

Nekez ikusi ohi da Jokin Altuna desesperazio keinuak eginez, baina Mariezkurrenaren ahalak halako ezina eragin dio Amezketako aurrelariari. Berriozarkoa, berriz, atzera errukirik gabe sekulakoak eta bi jotzen aritzeaz gain, ezkerrez eta airez ere oso seguru aritu da –gorrien pilotarekin batik bat, esan gabe doa– eta Ezkurdiari laguntza bikaina eskaini dio ere Altunak errematerako abagunea izan duen aldietan. Horrez gain, Ezkurdiak txokoan asmatu duen beste pilotakada batekin 17-10 egin dute aurrera gorriek. Urdinen zorionerako, Arbizukoari ezustean erori zaion pilotakada batek 17-11koa eta pilota aldatzeko aukera eman die Altuna eta Imazi.

Ezin, ordea, urdinek tanto ilararik egin pilota aldatuagatik. Ezkurdia pilota horrekin ongi moldatu da eta eskuin bolea itzel baten poderioz –Altuna zabalean preso eta Imaz txokoa zaindu nahian–, 18-11 jarri du Azkoitiko norgehiagoka.

Partidaren erdialdeko berdintasuna erabat desagertu da, baina gorriak 20ra iritsi ostean ezker horman baztertu zaion pilota bat galdu du Mariezkurrenak, eta tira, bikote gipuzkoarrak azken aukeratxo bat izan du, baina aukerakoa behin izango, eta Imazi kanpora alde egin dio eskuinkada batek eta jendearen harridura keinuen artean, Mariezkurrenak, zeinek bestela, atzean sartu duen enegarren tantoari esker amaitu dute Ezkurdiak eta Mariezkurrenak Masterseko hirugarren puntua eta lidergoa. Eta Berriozargo atzelariak horrela jokatzen jarraitzen duelarik, kosta behar zaie aurkariei, nornahi izanda ere, aurre egitea.

FITXA TEKNIKOA

EZKURDIA-MARIEZKURRENA 22

ALTUNA III-IMAZ 12

Iraupena: 61.43 minutu. Pilotakadak: 559. Sakez: 0 Ezkurdiak eta 2 Altunak. Tantoak: 7 Ezkurdiak eta 8 Mariezkurrenak; 5 Altunak eta 1 Imazek. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak eta 1 Mariezkurrenak; 4 Altunak eta 3 Imazek. Markagailua: 0-1, 1-1, 4-1, 4-2, 4-6, 5-6, 8-6, 8-8, 9-8, 9-9, 10-9, 10-10, 11-10, 17-10, 17-11, 18-11, 20-11, 20-12, 22-12. Gorabeherak: Caixabank Masterseko hirugarren jardunaldia. Giro polita Azkoitiko Gurea udal pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.