NAIZ

Gutxienez 62 langile humanitario hil dira aurten munduko gatazka guneetan

62 langile humanitario hil dira urtea hasi zenetik mundu osoko zenbait gatazka guneetan laguntzen zeudenean. NBEk iragarri ditu humanitarioen hildako eta zaurituen datuak, Laguntza Humanitarioaren Nazioarteko Egunean, abuztuak 19an, bere bizia galdu dutenak omentzeko.

Bagdadeko atentatuan birizik irten zen Elpida Rouka NBEko langilea, 25 urte zituela; orain Sirian dago.
Bagdadeko atentatuan birizik irten zen Elpida Rouka NBEko langilea, 25 urte zituela; orain Sirian dago. (NBE)

Gutxienez 62 langile humanitario hil dira aurten gatazka guneetan lanean zeudenean NBEk jakinaraziko datuen arabera. Gaur egun, gatazka gune «arriskutsuena» Hegoaldeko Sudan dela adierazi du erakundeak, bertan hiltzen edo zaurituak izaten baitira langile humanitario gehienak. Hala ere, mundu osoan zehar humanitarioek «bere bizia arriskatzen» dutela nabarmendu du NBEk.

Abuztuak 19an, Laguntza Humanitarioaren Nazioarteko Egunean, NBEk gainerakoak laguntzeko «bere bizia ematen» duten langile humanitarioak omenduko ditu. Horretaz gain, aurten NBEren Bagdadeko egoitzako aurkako atentatu terroristaren 20. urteurrena da, eta larunbatean bertan hil ziren 22 eta zauritutako 150 humanitarioak gogoratzeko tartea hartuko du erakundeak.

«Urtero ia sei aldiz langile humanitario gehiago hiltzen dira zerbitzuan, egun ilun hartan Bagdaden hil zirenak baino, eta gehienak tokiko langile humanitarioak dira», nabarmendu du Martin Griffithsek, NBEko arazo humanitarioen buruak.

Nazio Batuen Erakundeak iragarritako datuen arabera, urtea hasi zenetik Hegoaldeko Sudanen, «gune arriskutsuena», 22 langile humanitario hil dira eta hauen kontrako 40 eraso erregistratu dira bertan aurten.

Sudanen, 2023an 19 humanitario zendu dira eta 17 eraso jasan dituzte. NBEk azaldu duenez, ez ziren hildakoen kopuru hain altuak jasotzen 2006 eta 2009tik; hain zuzen ere, Darfurreko gatazka etnikotik.

Mali, Somalia, Ukraina...

Horretaz gain, gainerako gatazka guneetan ere hainbat zauritu eta bahitu izan direla adierazi du erakundeak. Afrika Erdialdeko Errepublika, Mali, Somalia edo Ukraina dira horietako batzuk; aurten bertan 84 zauritu eta 34 bahitu izan direla jakinarazi du NBEk.

2022an, 116 humanitario hil zituzten eta beste 444ri eraso egin zieten. Aurreko urtean, 141 izan ziren hildakoak eta 460 erasotakoak. Horren aurrean, Griffithisek azpimarratu du beharrezkoa dela eraso hauei «aurre egitea» eta langile humanitarioak «babestea».

NBEk kanpaina bat martxan jarri du aurten. Hainbeste hildako eta «ziurgabetasunaren» aurrean, langile humanitarioen konpromisoa «bizirik dirautela» azpimarratzeko eta hauen beharra nabarmentzeko helburuarekin. NBEk 250 milioi pertsona laguntzea espero du aurten.