NAIZ

«Ez badakizu egoten, ez etorri Aste Nagusira», aldarrikatu du Bilboko mugimendu feministak

Bederatzi egun eta gaueko festa eztanda egitear dela, Bilboko mugimendu feministak agerraldi jendetsua egin du Arriaga plazan mezu argi bat plazaratzeko: «Ez badakizu egoten, ez etorri».

Bilboko mugimendu feministaren agerraldia Arriaga plazan.
Bilboko mugimendu feministaren agerraldia Arriaga plazan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ordu gutxi falta dira Marijaia Arriagako balkoira atera eta Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko, baina festaren atarian agerraldi jendetsua egin du hiriko mugimendu feministak, egun horiek «kezkaz» eta «tensioz» bizi behar izaten dituztela gaitzesteko.

«Emakumeok jaietako antolatzaileak gara, partaideak, konpartsakideak, dantzariak, musikariak… Horregatik argi esan nahi dugu gu gabe ez dagoela jairik. Baina, zoritxarrez, aldi berean, oraindik ere, emakumeok, izan cis zein trans, bollera… ezin dugu Aste Nagusia gizonek bezala gozatu», ohartarazi dute Arriaga plazatik.

Erasorik gertatzekotan, «erantzuteko prest» daudela nabarmendu dute eta «autodefentsa feministaren aldeko apustua» berretsi dute: «Emakume*, trans, lesbiana» emakume migratu edo arrazializatu, zein edozein gorputz edo identitate disidenteren kontrako erasoa gu guztion kontrako erasoa da eta, horregatik, jaietan elkar zaintzen jarraituko dugu».

Nolanahi ere, argi utzi nahi izan dute ez dela beraien ardura jaiotan erasorik ez egotea, eta mezu argia plazaratu dute, erasotzaileengan zein «lagun konplize guztiengan» fokoa jarrita: «Ez badakizu egoten, ez etorri Aste Nagusira! Erasotzera bazatozte, ez daukazue tokirik gure jai guneetan».

Bidea «antolakuntza feminista» azpimarratzearekin batera, Aste Nagusian ere «zaintza eskubide unibertsalaren aldeko aldarria indartu» nahi dutela adierazi dute, azaroaren 30erako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feministarako deialdia gogoratuz.