Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Donostiako suhiltzaileek zerbitzua kolokan jarri duen Udalaren utzikeria salatu dute

Donostiako suhiltzaileak haserre daude. Etsituta. Sutan. Udalaren partetik urtetan beharrezkoak diren inbertsioak jaso ez dituztela eta oinarrizko zerbitzu bat kolokan jartzen ari dela salatzen dute. Administrazioarengandik jasotzen duten tratuarekin ere haserre dira.

Baso-suteetarako erabiltzen den kamioiak 24 urte ditu.
Baso-suteetarako erabiltzen den kamioiak 24 urte ditu. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Suhiltzaileak hilzorian. Eneko Goia = arduradun’ dio Garberako biribilgunean Donostiako suhiltzaileek duten parkean eskegita dagoen pankartak. Egoera jasanezinean daudela diote bertan lan egiten dutenek euren lan baldintzak eta hiritarren segurtasuna kolokan daudela nabarmenduz.

Imanol Andonegi eta Beatriz Ayala ofizialak, Aritz Araneta suhiltzailea eta Gorka Goiatxe teknikaria izan dira egoeraren berri eman digutenak.

«Urte asko planik gabe daramatzagu. Eta planik gabe ez dituzte beharrak betetzeko baliabiderik. Kamioiak zaharrak daude, ekipamendua ere zaharra dago, jendea nekatuta. Hori dirua sartuz konpondu daiteke, baina arazo larriena planik ez dugula da. Ez dakigu nora goazen. Ez dakigu Foru Aldundiarekin elkartuko garen ala ez, zerbitzu bakarra izango garen ala ez. Ez dakigu ezer», nabarmendu du Andonegik. Planik ez dagoenez, ez dago inbertsiorik. Zero euro.

Egoera ez da berria, azken hamar urteotan eman delako. «Urte batean gabeziei aurre egin ahal diezu. Baina urte batean eta beste urte batean eta beste batean egoera errepikatzen denean arazo larria da».

Beatriz Ayala ofiziala, Gorka Goiatxe teknikaria, Imanol Andonegi ofiziala eta Aritz Araneta suhiltzailea, NAIZekin izan zuten elkarrizketan. (Gorka RUBIO/FOKU)

2011n Garberako biribilguneko parkea zabaldu zen. Aurrerapausoa izan zen Donostiako Udalaren menpe dagoen zerbitzu honentzako. Baina hortik aurrera suhiltzaileen lana bermatzeko beharrezkoak diren inbertsio berriak ez ziren heldu.

«Dena zaharra, joan den mendeko antolakuntza»

«Egungo egoera hau da: dena zaharkitua dago eta gure antolakuntza joan den mendekoa da. Zerbitzua garatu eta mende honetara pasa behar dugu. Horretarako plan bat eta baliabideak behar ditugu», deskribatu du Andonegik Donostiako suhiltzaileen egoera.

Inspektore-buru, kargu teknikorik altuena, jubilatu egin zen martxoan. Eta ez zuten ordezkorik izendatu. Uztailean zuzendaria joan zen. Eta ez zuten ordezkatu. «Pasotismoa» hitza erabili du Andonegik jasaten ari direna azaltzeko. «Lemazainik gabeko barkua».

Legegintzaldi baterako plangintzak egitea ohikoena da administrazioetan. Goietxek nabarmendu duenez, Udalean hiru legegintzaldi eman dituzte gobernu talde berarekin eta ez dute ezer egin.

2016an Aldundian bi zerbitzuak elkartuko zituen plan bat aurkeztu zuen. Egun parkearen komunikazio zentralean fisikoki Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Aldundiko teknikariak daude. Gela hori inauguratu zuten. Gaur egun, ordea, bi zerbitzu desberdin izaten jarraitzen dute. «Ez dituzte bateratu. Bi erakundetako langileak daude gela beran, baina sistema desberdinekin. Ez dakigu zer gertatu zen, egin behar zuten inbertsioarekin izutu ziren edo zer, baina bateratzeak ez zuen aurrera egin», azaldu du Goietxek.

Txatar-biltzaileen antzera

Inbertsioa faltak ahal dena egitera behartu ditu suhiltzaileak eta urteak pasa ahala entsipena nagusitu egin da haien artean. «Txatarrerotzat» jotzen dute euren burua, kamioi zaharrak konpontzeko ordezko pieza bila alde batetik bestera ibili behar dutelako.

Garberako biribilgunean dagoen Donostiako suhiltzaileen parkean jarri duten pankarta. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Beti bizi izan gara horrela. Minimo horiekin lanean», gaineratu du Ayalak. Bezperan apurtu dena konpontzen ematen dute eguna zerbitzua eman ahal izateko, azaldu du Andonegik. «Hamar urte horrela egitea etsigarria da», gaineratu du.

Udalean, edo Aldundian, jarrera aldatuko balute eta beharrezkoak diren inbertsioak onartuko balituzkete egoera ez zen goizetik gauera konponduko. Kamioi bat erostea erabakitzen denetik zerbitzura heltzen denerako bi urte pasa daitezke, lizitazioekin eta prozedurekin bueltaka. «Baina erabakia orain hartu behar da. Ezin dugu gehiago itxaron. Zerbitzuaren izaera jokoan da», dio Aranetak.

Lantaldeak osatzeko garaian minimora ere jotzen da. Urtetan beharrezkoak ziren inbertsioak egin ez direnez, orain diru asko behar da egoera normaltzeko. Udaleko beste alorretatik kendu beharko lukete, eta horrek urduritasuna sortzen duela uste dute suhiltzaileek.

Eneko Goia alkatearekin ostegunean bildu ziren eta ez zuten zerbitzuaren etorkizunari buruzko erantzun garbirik jaso. «Foru Aldundiak zer egingo duen ez dakigunez, ikusiko dela esan zigun. Zein erantzun mota da hori? Aldundiak erabakitzen ez duenez, Udalak ere ez du ezer egiten», azaldu du Andonegik.

Bai Udalean bai Aldundian alderdi berek osatzen dute gobernu taldea, ez dago beraz irizpide politiko desberdinik. «Bileran esan zigutenez, erakundeen arteko desadostasuna da. Ez da arazo politikoa, instituzioen artekoa baizik. Eta Diputazioan buruzagitzan dagoen pertsona berriak aurrekoaren iritzi desberdina duela», azaldu du Aranetak.

Aseguruen dirurik gabe

Unespa aseguroen elkarteak urtero diru kopuru bat bideratzen dio Donostiako Udalari, suhiltzaileek ekidin dituzten kalteen konpentsazioa gisa. Diru kopuru hori, milioi bat euro urtero, suhiltzaileen zerbitzua indartzeko erabili behar. Dirulaguntza finalista bat da, helburu jakin batera bideratu behar dena, eta epaileek horrela dela berretsi dute. Donostiako Udalak ordea ez du horrela egin eta hortik jasotako dirua beste partidetara desbideratu duela salatu dute. Dbusen deskontuak diru asko suposatzen dutela edo Loiolako kuartelak erosi behar direla eta hurrengo urtean erantzungo dietela erantzun diete.

Egoera kaxkarra izanda ere, larrialdiei erantzuten diete. «Hortxe goaz». Baina batzuetan arazoak sortzen dira. Aranetak gogoratu duenez, duela bi urte sute bat izan zen Hernanin txabola batean eta bi suhiltzaile joan ziren. Baina aldi berean, Azkuenen sute handia izan zuten bi pisutan. Zazpi suhiltzaile joan ziren, normalean hamar joango zirenean.

Bi irteera batera dituztenean arazoak sortzen dira. «Egun normala bada, egunekoa egin ahal dugu. Egun berezia edo larria bada, orain ez gara heltzen», dio Andonegik. Kotxe istripuak, etxebizitzetan egin beharreko atentzioak eta erreskateak ere suhiltzaileek erantzuten dituzten larrialdiak dira. «Sute handi bat badugu, erabilgarriak ditugun bi kamioiek bertara joan behar dute eta ezin dugu beste inora joan». Aldundira deitzea eta Bidasoatik edo Zarauztik suhiltzaileak bidaltzea izango zen konponbidea. «Ezin da horrela ibili. Geroz eta ahalmen gutxiago dugu», salatu du.

Larrialdiak suhiltzaileen lanaren alderik ikusgarriena dira, baina badaude beste batzuk alor prebentiboan. Horrela, adibidez, Hirigintzatik datozen espediente guztiak aztertu behar dituzte suteen kontrako neurriak hartzen direla konprobatzeko. Bai proiektuan bai eraikina egiten denean bertara joanda. Lan hori aurrera egiteko pertsona bakarra dago. Horrenbestez lana pilatzen da.

Administraziotik esfortzu bat eskatzen zaie suhiltzaileei, «baina urteak daramatzagu esfortzuak egiten eta jende etsituta dago». Burutzan zeudenek, adibidez, mila ordu estra pilatu dituzte urtean muxu truk. Kamioak konpontzeko mekaniko bakarra dago. Oporrak hartzen dituenean eta matxuratzen direnean, ahal den moduan konpontzen dituzte suhiltzaileek.

Errespetu falta

Udalarekin izan dituzten bileretan errespetu falta sumatu dute. Eta horrek suhiltzaileen etsipena areagotzen du. Horren adibide bat aipatzen dute. Goiarekin izandako bileran alkateak ez zuen irakurrita suhiltzaileek egin duten egoeraren diagnosia jasotzen duen dokumentua. Kolektibo batek duen aldarrikapenaren minimoak biltzen duen testua irakurri gabe bilera batera joatea onartezintzat jotzen dute. Zinegotziak ere ez zion lanerako oinarria den dokumentua helarazi.

Formakuntza ezerezean gelditu den beste alor bat da. Metroa martxan jartzen denean erronka berri bati aurre egin beharko diote suhiltzaileek. Eta ez dira horretarako prestatu. Aldaketa klimatikoak mendietan eragingo dituen sute handiei ere aurre egin beharko diete. Eta ez dira horretarako prestatu.

«Guk ez dugu gure lan baldintzak hobetzea edo diru gehiago irabaztea eskatzen. Zerbitzuarentzat beharrezkoak diren baliabideak eskatzen dugu. Horrela, jendearen segurtasuna bermatu ahal izateko», laburbildu dute.