NAIZ

Meloniren migrazio politiken kontra agertu dira Italiako hainbat alkate

Italiako hainbat alkate Gobernuak ezarritako migrazio politiken kontra altxatu dira. Hauen arabera, Giorgia Melonik, lehen ministroak, migratzaileen harrera «alkateen esku» utzi du, egoera «sostengaezina» bilakatuz. Bereziki, migratzaileak behar bezala bizitzeko baliabide falta salatu dute.

Italiako hainbat alkate Gobernuak ezarritako migrazio politiken kontra altxatu dira.
Italiako hainbat alkate Gobernuak ezarritako migrazio politiken kontra altxatu dira. (Cecilia Fabiano | Europa Press)

Italiako hainbat hirietako alkate Giorgia Meloni lehen ministro ultraeskuindarrak ezarritako migrazio politiken kontra altxatu dira. Urtea hasi zenetik 10.000 migratzaile iritsi dira Italiara eta alkateek azaldu dute hauen harreraz beraiek arduratu behar izan direla, «baliabide nahikorik gabe». Florentziako alkateak, Dario Nardellak, adierazi du «kolapsatzeko zorian» daudela.

Datuen arabera, aurten Italiako migrazioa %115 igo da, aurreko urteko data berdineko datuekin alderatuz. Urtea hasi zenetik, 105.449 migratzaile iritsi dira Italiara, gehien bat Tunisiatik. Hauen aberriratzeak %28,05 igo dira datuen arabera, asilo eskaerek ere igoera nabaria izan dute; hain zuzen ere, %70,59koa. Matteo Biffonik, Pratoko alkateak eta Italiako Udalen Elkarte Nazionaleko immigrazio-arduradunak salatu du egoera «kontroletik kanpo» daudela.

Horri lotuta, herrialdeko migrazio politiken eraginkortasun eza agerian utzi du Nardellak: «Gobernu honen neurriak eraginkorrak ez izateaz gain, kaltegarriak ere badira, eta, horregatik, migrazio-larrialdia bizi dugu gaur egun. Egoera oso larria da».

Gainera, hainbat iturrik jakinarazi dute zenbait pertsonei babes etxeetatik joateko eskatu diela barne ministerioak. Biffonik azaldu du pertsona hauek izan beharreko dokumentuak oraindik ez dituztenez, «babesgabe» geratzen direla. 

Gurasorik gabeko geroz eta adingabe  gehiago ari dira iristen herrialdera eta hauek behar bezala zaintzeko zailtasun nabariak dituztela jakinarazi dute, batez ere, azpiegitura eskasia salatu dute. Caritas bezalako elkarteak lagundu arren, baliabide guztiak «lehertzen» ari direla ohartarazi du Nardellak.

Udalak gainezka

Biffoniren arabera, udalek «ezin dute gehiago» ez ekonomikoki, ezta antolatzeko orduan ere; eta egoera hainbeste larritzearen erantzulea Meloni dela adierazi du Florentziako alkateak. Nardellaren ustez, migrazioa «kanpaina politikorako tresnatzat» erabili zuen eta Melonik eta «harrera neurriak aldatuko zituela zin egin arren», ez da horrela izan.

Kritika hauen aurrean, Italiako barne ministerioak alkateei egoerari aurre egiteko neurri egokiak ez hartzea leporatu die. Gainera, ministerioak jakinarazi du hurrengo hiru urteetan 450.000 migratzaile hartzea espero duela eta hainbat akordioren ondorioz, hainbat pertsona kanporatzea ekidin duela.

«Italiako Gobernuak sartzeko kanal erregularrak, planifikatuak eta seguruak nahi ditu migratzaileentzat. Aldi berean, gizakien salerosketaren eta legez kanpoko immigrazioaren aurka borrokatzeko erabakia hartu du», adierazi du barne ministerioak.

Horretaz gain, kanpoaldeko ministerioko lehendakariordeak, Antonio Tajanik esan du, lanean daudela Italiara iristen diren migratzaileak EBko beste herrialdetara lekualdatzeko eta herrialdeak duen «karga arintzeko».

Gainera, migrazio ilegalaren kontrako «neurri zorrotzagoak» laster ezarriko direla adierazi du. Legez kanpoko migrazioa ekiditeko neurri horiek «propagandistikoak» direla salatu du Nardellak eta gobernuak arazoa «ez duela bere gain hartu nahi» kritikatu du.