Azaroaren 30ean izango den greba orokor feministaren deialdia hedatzeko asmoz kalejira burutu du asteazken honetan Bilboko kaleetan zehar Euskal Herriko mugimendu feministak. Ekainean jakinarazi zuten azaroak 30ean izango zela greba orokor feminista eta honen aldarri nagusia; alegia, zaintzarako eskubide kolektiboa. Horretaz gain, kalejira feministan Bilboko Aste Nagusian emandako erasoak salatu ditu mugimenduak.
Eguerdiko 13.00 abiatu da kalejira feminista, bero itzelari aurre eginez, partehartzea murriztu duena. Bilboko Aste Nagusiaren boskarren egun honetan Arriaga Antzokiaren atzealdetik, Kaskagorriko txosna ondotik, irten da kalejira jai espazioan zehar igarotzeko.
Horretaz gain, hiriko zenbait erakunderen egoitzetatik pasa dira; horien artean, Bilboko Udala edo Atzerritartasun Bulegoa, zaintza sistemaren egungo egoeraren «erantzule» direlako neurri batean edo bestean, adierazi baitu mugimendu feministak.
Ekainean jakinarazi zuen mugimendu feministak greba orokorraren data; azaroak 30. Euskal Herriko hainbat txokoetan egindako ekitaldien bidez ezagutzera eman zuten eguna eta grebaren aldarri nagusia. Zaintza eskubide publiko eta kolektiboak dira deialdiaren abiapuntua, hain zuzen ere, gaur egun sektore honetan hain hedatua dagoen pribatizazio eta merkantilizazioaren kontra mugimenduak aurkezten duen eredua.
Zaintza sektore feminizatua da eta mugimendu feministak salatu duenez horretan lan egiten duten emakume askok baldintza «onartezinetan» lan egin behar dute egunero. Horren aurrean, greba honekin mugimenduak egungo zaintza sistemari eusten dioten instituzio eta erakundeei «erantzukizuna» agerian utziko dute.
«Urratsez urrats, egungo zaintza sistema iraultzera gatoz», adierazi zuen Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokorra aurkeztu zuenean. Greba honekin feministek bere helburu nagusia agerian utzi nahi dute: «Guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintzarako eskubide objektiboa gauzatuko duen eredu publiko eta komunitario baterantz aldaketak eragitea bilatzen dugu».
Gaurkoan, «nabarmendu beharreko data» honen deialdia zabaltzeko asmoz, eguerdian Bilboko kaleetan barrena, haien aldarria zabaldu dute mugimendu feministako kideek, erakundeen ardura zehatz horiek seinalatuz.
Erasoak Aste Nagusian
Era berean, kalejira honen bitartez Bilboko Aste Nagusian eman diren eraso matxistak salatu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak. Azken gau honetan hiru pertsona atxilotu dituzte hainbat emakumeri sexu gehiegikeriak egiteagatik, eta aurretik hiru kasu eman ziren ere igandetik asteleherako gauean.
Aste Nagusia hasi aurretik Bilboko mugimendu feministak jaietan erasoak emanez gero, hauei «erantzuteko prest» egongo zirela adierazi zuten Arriaga plazan egindako agerraldi jendetsuan. Konpartsek eta Udalak ere garrantzi handia eman zioten borroka honi, bi agerralditan.
«Ez badakizu egoten, ez etorri», argi utzi zuten feministek. Emakumeek jaietan egiten duten lanik gabe, jairik ez dagoela nabarmendu zuten. «Zoritxarrez, aldi berean, oraindik ere, emakumeok, izan cis zein trans, bollera… ezin dugu Aste Nagusia gizonek bezala gozatu», nabarmendu zuen mugimendu feministak.
«Autodefentsa feministaren aldeko apustuaren» garrantzia nabarmendu zuten. Guztien artean jaietan «elkar zaintzen» eta erasoen aurrean erantzuten jarraituko zutela adierazi zuten. Horretarako, Bilboko mugimendu feministak jaietan zehar ematen diren erasoei aurre egiteko protokoloa abiarazi du data hauetan.