NAIZ

Ehunka arrain hilik agertu dira Urumea ibaian, gehienak neurri txikiko amuarrain eta izokinak

Ehunka arrain hilik agertu dira Urumea ibaian, Hernaniko Karabel zubiaren inguruan. Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez. Amuarrainak eta izokinak dira, gehien bat neurri txikikoak. Ibaia «egoera larrian» dagoela ondoriztatu du Eguzkik.

Ehunka arrain hilik gertu dira Urumea ibaian.
Ehunka arrain hilik gertu dira Urumea ibaian. (Eguzki)

Eguzki talde ekologistak jakinarazi du ehunka arrain hilik azaldu direla Urumean, Hernaniko Karabel zubiaren inguruan. Momentu honetan ibaiak «egoera larrian» daudela adierazi du talde ekologistak eta horren aurrean prebentzio-neurriak eta zaintza zorrozteko beharra azpimarratu du.

Hilik agertu diren arrain gehienak amuarrainak dira, baina baita izokinak ere. Gehien bat neurri txikikoak direla adierazi du Eguzkik. Auzokide batek abisatu du gertatutakoaz eta talde ekologistak Aldundiko Basozaintza Zerbitzuarekin eta Urarekin harremanetan jarri dira.

Eguzkiren arabera, gainerako ibai eta erreka gehienak bezala, Urumea «muturreko egoeran» dago. Alde batetik, ur gutxi eta, bestetik, azkenaldiko tenperatura altuak. Bi faktore hauek arrainen biziraupena zailtzen duela azaldu du talde ekologistak, batez ere itzala ematen duen landarerik ez dagoen zatietan.

Oraindik arrainen heriotzaren kausa ez ezagutu arren, Eguzkik uste du seguruenik «oharkabean» pasatutako edozein isurketak eragingo zuela arrainak hiltzea. «Ibaiko urak oxigeno kopuru txikia du eta edozein isurketak edo bestelako gorabeherak hil ala biziko atakan jartzen ditu arrainak», azaldu du.

Hala ere, Eguzkik argi utzi nahi izan du Urumean gertatutakoa ez dela kasu isolatua, Euskal Herriko gainerako ibaiak ere egoera larrian baitaude. Hori dela eta, prebentzio neurriak eta zaintza zorroztea beharrezkoa dela nabarmendu du talde ekologistak.