NAIZ

Osakidetzak 48 pertsona artatu ditu jada beroagatik

Asteazkenean eta ostegunean egindako bero sapagatik ia 50 herritar artatu ditu Osakidetzak. Horietako 29 ospitalizatuak izan dira. Ostegun honetan ere, 40 graduren bueltan dabiltza termometroak Araban eta Nafarroan.

Bero handiaren eraginez larrialdietara jo behar izan dute 50 herritarrek.
Bero handiaren eraginez larrialdietara jo behar izan dute 50 herritarrek. (Guillaume Fauveau | FOKU)

Bero handiak eragindako ondoezengatik 48 pertsona artatu ditu atzo, asteazkena, eta gaur artean Osakidetzak. Larrialdietara joan dira herritar horiek, eta horietako 29 inguruko ospitaletara bideratu behar izan dira.

Bizkaian artatu dituzte gehien, 30 hain zuzen ere; Araban 14 eta Gipuzkoan, aldiz, gutxien, 4. Lakuako Osasun Sailburu den Gotzone Sagarduik jakinarazi duenez «inor ez dago egoera larrian», baina horrelako egoerak «momentu batetik bestera aldatu» daitezkeela esan du, eta arretaz ibili beher dela.

Asteazkenean 45 gradu inguruko tenperaturak izan ziren Euskal Herrian, uda honetako beroenak. Eta horri lotuta, sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela prebentzio neurriak hartzea: «Puntako orduak eta eguzkiarekiko gehiegizko espoziszio ekidin, hidratatuta mantendu, eta, batez ere, osasun-egoera zaurgarrienean dauden pertsonak zaindu».

Araba eta Nafarroako zenbait tokitan alerta gorrian jarraitzen dute gaur ere, eta Gipuzkoa zein Bizkaian laranja kolorekoa da alerta. Suteen arriskuagatik oraindik ere Euskalmetek alerta horia mantendu badu ere.

Tenperaturak baxuago, bero handia halere

Aurreikuspenen arabera, gaur gaualdean amaituko da bero sapa, eta bihartik aurrera «eguraldiak aldaketa bortitza» emango duela jakinarazi dute Euskalmet eta Aemetek. Ostegun goizaldean tenperaturak apur bat apaldu badira ere, termometroek gradu altuetan dute orratza.

Nafarroan eta Araban izan da bero gehien ostegun honetan: Iruñean eta Bardeetan 40,5 gradu; eta Tuteran 39,5. Araban, Zabrana herrian jo du goia termometroak 41 gradurekin; Gasteizen 40,2 gradu izan dira eta Espejon 40,3.

Gipuzkoa barnekaldean ere tenperatura altuek jarraitu dute, Arrasaten atzoko joerak jarraitu eta 40,3 gradu dituzte, eta Oñati zein Ordizian 39,5 graduko maximoak izan dituzte eguardian. Bizkaian, apur bat baxuagoak izan dira tenperatuak, hala ere, altuak: Orozkon egon da bero gehien 38,7 gradurekin, Mallabian 37,3 eta Igorren 36,8 gradu esaterako.

Tenperaturaren diferentzia oso handia ari da izaten kostaldearen eta barnealdearen artean. Miramonen 28 gradu jaso ditu Euskalmetek eguardiko 13.00etan eta Gasteizen, berriz, 37 gradu.

Hala ere, gaualdeko tenperaturak harritu ditu gehienak. Izan ere, Gipuzkoako Jaizkibelgo behatokian tenperatura baxuena 29,7 gradukoa izan da, 05.50etan neurtua.

Ostegun iluntzetik aurrera, eguraldian aldaketak datozela iragarri du Euskalmetek. Tenperaturak asko jaitsiko omen dira eskualde guztietan, baina hala ere, Araba eta Nafarroa hegoaldean 30 graduko maximoak espero dira ostiralerako.