NAIZ

Chernobil Elkarteko atseden programako 89 haurrak Ukrainara bueltatuko dira igandean

Chernobil Elkarteak uda oro antolatzen duen atseden programan parte hartu duten 89 adingabeek Ukrainera buelta egingo dute igande honetan. Elkarteak oso positiboki baloratu du aurtengo esperientzia eta abegi-familien «eskuzabaltasuna» balioan jarri nahi izan du.

Chernobil elkartearen atseden programan parte hartu duten 89 haurrak Ukrainara bueltatuko dira igande honetan
Chernobil elkartearen atseden programan parte hartu duten 89 haurrak Ukrainara bueltatuko dira igande honetan (Chernobil Elkartea)

Chernobil Elkartearen aurtengo atseden programan parte hartu duten 89 haurrak Ukrainara bueltatuko dira igande honetan. 49 adingabek lehenengo aldiz parte hartu dute elkarteak uda oro antolatzen duten programan. Ukrainako gerra dela eta, zailtasun «nabarmenak» izan dituzte harrera familiak haurrak Euskal Herrira ekartzeko. Hala ere, elkarteak «oso positiboki» baloratu du esperientzia.

Ohar batean adierazi duenez, uda honetan etorri diren adingabeek aukera izan dute «dieta osasuntsua» jarraitzeko eta «ingurune osasuntsuan» bizitzeko, Chernobileko kutsaduratik urrun. Horretaz gain, «ingurune lasai batean» egon dira, gerratik urrun.

Hala ere, adingabeak etortzeko «zailtasun nabariak» izan dituztela jakinarazi du elkarteak, gehien bat gerra dela eta bete beharrezko kontroleko irizpide administratiboengatik. «Ulertzen dugu gerra-egoera batean kontrol horiek beharrezkoak direla herrialdetik ateratzen diren adingabeen ongizatea eta itzulera bermatzeko», adierazi du.

Donostian, Andosillan...

Hori dela eta, abegi-familiek izandako «eskuzabaltasuna» eta egindako «ahaleginak» balioan jarri ditu elkarteak. «Eskakizun horiek ahalegin gehigarri handia ekarri diete harrera-familiei udan zehar», nabarmendu du elkarteak. Horretaz gain, elkarteko boluntarioek ere zenbait ekintza antolatu dituzte udan zehar; besteak beste, Donostiako Aquariumeko bisita eta arratsalde pasa Andosillako igerilekuan.

«Uda honetakoa beste batzuetan baino agur gogorragoa da; izan ere, egunero hornidura etenak eta inflazio handia jasaten dituen herrialde batera itzultzen dira», nabarmendu du Chernobil elkarteak. Gainera, kurtso akademikoa ere «ohiz kanpokoa» izango dela espero du elkarteak.

Igande goizean abiatuko dira autobusetan Barakaldo eta Iruñetik, eta geroago Gipuzkoan gainerako adingabeak hartuko dituzte. Astelehenean Katowicera, Poloniara, iristea espero du elkarteak eta asteazkenean Ivankivera helduko dira.