Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Iñaki Antiguedad
Hidrogeologian katedraduna

«Arrisku kultura gehiago behar genuke datorrenari aurre egiteko»

Antiguedaden ikerketa lanak nazioarteko hainbat aldizkarietan argitaratu dira eta orobat, baina ez soilik, Ingurumen Hidrologia landu izan du. Politikagintzari ere heldu zion 1990eko eta 2000ko hamarkadetan.

Iñaki Antiguedad.
Iñaki Antiguedad. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Itsasoari bizkarra emanez bizi da Ispaster eta errekarik ez da igarotzen herrigunetik. Bada, Iñaki Antiguedad (Bilbo, 1955) hidrologoa bizi du bertan, eta zentzua dauka: ura lurralde osoan dago, baita zapaltzen duen galtzada-harrizko lurraren azpian ere. Bilbon, baina baita Bizkaitik harago ere, triskantzak eragin zituen uholdearen 40. urteurrenaren aitzakia ezatseginak eta etorkizunari begiratzeko ematen duen aukera aproposak batu dute GARArekin.

Has gaitezen azalpen teknikoekin. Zer aldagaik eragin zituzten 1983ko uholdeak? Horietako zein ezin ziren aurreikusi eta zein bai?

Gogoan daukat 1983ko abuztua oso euritsua izan zela. Hainbeste egunez segidan euria egin ostean, lurzoruak heze zeuden, urez beteta. Horrela, lurzoruek ezin diote euriari eutsi; urak labain egiten du eta aldapan behera joaten da. Hilaren 26an intentsitate handiko euri jasak izan ziren. Bazen datu bat, nahiko harrigarria: Larraskituko estazio meteorologikoan 400 milimetro ur neurtu ziren egun bakarrean. Urek labain egin zuten eta oso arin bideratu ziren erreketara. Handi zeuden errekak, eta, halakoetan, errekek eurena dena hartzen dute. Hori gertatzen denean, ezer gutxi dago egiterik, momentuan behintzat.

Uholdeez ari garenean, kausak eta ondorioak desberdindu behar dira. Normalean, naturala da kausa, aurretik euria etengabe bota duelako. Ondorioek, aldiz, gutxi dute naturatik. Ur oldeak topatzen baditu industriak, kiroldegiak, etxeak... orduan kalteez hitz egiten dugu. Aurreikus zitekeela? Jakina zen euri asko bota zuela, baina ezin zen aurreikusi, esaterako, Larraskitun 400 milimetro ur botako zituela. Garai hartan onargarria izan zitekeena, gure ezjakintasuna ezjakintasun, gaur egunean ez zen horrela izango: hilabete osoan euria egin badu, begiratu beharko da zein diren puntu beltzak, zer gertatu daitekeen. Gaur egun, teorian, aurrera egin dugu eta badakigu zein diren puntu beltzak; ordenagailuak aurreikus ditzake gauza batzuk. 83an ez zeuden gaur egungo aurreikuspenerako teknikak.

«Uraren zikloa muturretara bizkortzen ari da klima aldaketa; hortaz, uholdeak, batez ere euri jasak, gero eta ohikoagoak izango dira. Gainera, lehorteak gero eta ohikoagoak izango dira; litekeena da mehatxurik ohikoena bihurtzea»

Euskal Herriaren geografiak eta geologiak eragina dute halakoetan? Uholdeak izatera «kondenatuta» gaude?

Ibai inguruan gertatzen diren uholdeak, baita mendi hegaletako luiziak ere, oso lotuta daude erliebearekin. Ez da berdina erliebe kamutsa edo zorrotza, eta Euskal Herrian, batez ere Kantauri aldean eta Pirinioetan, zorrotza da. Gure geologia, erliebea, eta oraingo klima nahiko aldekoak dira halakoak gertatzeko. Kantauri aldeko erliebearen zorroztasunak, malkartsua izate horrek, asko laguntzen du euri zaparradak izaten direnean, euri hori erreketan pilatzen. Euskal Herrian badugu beste parte bat, Ebro ingurukoa. Beste geologia bat da, erliebe kamutsagoa. Han, uholdeak gertatzen dira batez ere Pirinioetan ematen diren elur urtzaroei lotuta. Jatorriz eta eraginez, desberdinak dira fenomeno hauek Kantauri aldean edo Ebro aldean. Hemen ordu batzuetako kontua izan daitekeena, Ebron egun gutxitako kontua izan ohi da.

Harrigarria da 83ko ur oldeek hartu zuten espazio zabala. Bizkaian bai, baina Gipuzkoan, Nafarroako iparralde eta hegoaldean eta Lapurdin ere, eragina izan zuten.

Bai, gertaera hark lehorte baten zabalera hartu zuen. Lehorteak ez dira puntualak eta lekukoak, frontalak dira. Uholde horiek frontalak izan ziren, eta garrantzitsua da bereiztea, zeren uholdeak frontalak edo lekukoak izan, kausak eta ondorioak desberdinak dira. Lekukoak, momentukoak, zailagoak dira aurreikusteko. Egun baditugu radarrak eta bestelako tresnak, eta meteorologiak esaten digu ustez zer den etortzekoa, abisatzeko jendeari mugitu dadila, atera dadila etxetik, urrundu dadila erreketatik... Esaten ez digutena da, adibidez, mendi magaletan gertatzen dena.

Duela 40 urte baino prestatuago gaude? Hartu diren neurriak egokiak izan dira?

Uholdeez ari garela, sekuentzia edo kate batez hitz egin behar dugu. Lehenengo pausoa litzateke gertatu aurrekoa, aurreikusten dena. Eta aurreikusteko gaitasuna, orain 40 urte, ez zen oraingoa bestekoa. Beraz, alde horretatik, hobetu dugu, alerta mailak daude, ohartarazpenak egiten dira. Bigarren pausoa litzake uholdea datorren momentua, eta uste dut, puntu honetan, ez dugula arriskuaren kulturarik. Hau da, ez dugu gureganatu arrisku kontzeptua, esaterako, uholdeei edo klima aldaketari begira; erresilientzia gutxi dugu eta ez ditugu ulertzen uholdeei lotutako prozesuak kausetan eta ondorioetan. Arrisku kultura gehiago behar genuke datorrenari aurre egiteko.

«Bueltatu diezaiogun ibaiari berea izan den askatasun eremua. ‘Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea’, bada, uholde lautadetan probatzen da nolakoa den jasangarritasunaren aldeko gure apustua»

Hurrengo pausoa zera da: pasatu da eta, asko edo gutxi, triskantza gertatu da. Hemen sartzen dira hondamendi eremu izendapenak, kalte ordainak... Baina, sekuentzia honetan, bada beste zati bat: hurrengoari begira, zer? Uholde bati aurre egiteko zer egin behar dugun ezin dugu hitz egin ura leporaino dugunean, aldi lasaietan baizik.

Sinistu nahi dut egin direla gauzak, batez ere idatzita. Udalerri askotan badira uholdeei aurre egiteko planak, eta leku batzuetan plan horiek herritarrekin lantzen dira, jakinaren gainean egon daitezen. Horien gainetik, Eusko Jaurlaritzaren Uraren Agentziak badu Uholde Arriskuak Kudeatzeko Plana. Hau 2007ko Europako zuzentarau batetik dator. Hainbat irizpide ematen dira erreka edo ibai inguruko urak okupatzerakoan edo husterakoan aplikatzeko.

Beraz, zer egin behar litzateke epe motz eta ertainera, hidrologiaren aldetik?

Badira leku batzuk, ibaian alde batera eta bestera daudenak, uholdea gertatzeko arrisku gehiago dutenak. Leku horietan irizpideak zorrotzagoak dira: hemen ezin da eraiki. Eta eraikita dagoena, fabrika bat adibidez, zaharkitzen denean hortik mugitu behar da. Nik horrelako kasu berezi bakarra ezagutzen dut, Martutenekoa. Auzoa mugiarazi behar izan zuten, eta nik ulertzen dut horrek badituela eragin sozialak; bizilagunekin egondakoa naiz, baina ez zegoen beste aukerarik. Hau arau bihurtu behar genuke, eta ez salbuespen, batez ere klima aldaketari egokitzeko prozesuan. Eta, Europan esaten den bezala, bueltatu diezaiogun ibaiari berea izan den askatasun eremua. ‘Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea’, bada, uholde lautadetan probatzen da nolakoa den jasangarritasunaren aldeko gure apustua.

Aipatu ditugun planak ondo ikusten ditut, normalean idatziz jasotzen dena gustukoa daukat, baina uholdeei aurre egiteko desberdindu behar dira politika hidraulikoak eta politika hidrologikoak. Gaur-gaurkoz, politika hidraulikoak dira ardatza. Honek ibaiari eta ingurukoari begiratzen dio, lantzen duena da jada ibaian urak handi datozenean, zer egin behar den hauek mantsotzeko. Baina hidrologoek argi daukagu, uholdeak ez dira sortzen sekulako euri jasak errekaren gainean gertatzen direlako; euria lurralde baten gainean egiten du. Hau da, ibaiak ez du batere errurik uholdeetan, ibaian gertatzen dena arroan gertatzen denaren ondorioa da. Beraz, XXI. mendean, eta klima aldaketari egokitzeko prozesuan, ezin da ganorazko ur plangintza bat egin lurraldea bere osotasunean kontuan hartu gabe.

Sar dezagun, bada, larrialdi klimatikoa ekuazioan. Uholdeak edo lehorteak gero eta ohikoagoak izango dira?

IPCCk [Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak] egiten dituen txostenetan gero eta argiago agertzen da: klima aldaketak areagotu, biziagotu, azkartu egiten du ziklo hidrologikoa. Beroketa globala hor dago, inork ez du zalantzan jartzen. Baina euriekin, prezipitazioekin, entzuten da zerbait? Ahaztu egiten da. Eta pentsatu behar da aire masak zenbat eta beroagoak izan orduan eta gaitasun gehiago izango dutela hezetasun gehiago gordetzeko; hau da, beranduago iristeko kondentsazio puntura. Gero, haizeek batetik bestera mugitzen dute hezetasun hori, eta lekuren batean oso azkar hozten bada aire masa, hezetasuna euri modura erortzen da. Uraren zikloa muturretara bizkortzen ari da; hortaz, uholdeak, batez ere euri jasak, gero eta ohikoagoak izango dira.

Baina, gainera, lehorteak ere gero eta ohikoagoak izango dira. Orain arte beti esan dugu, baita nik ere, uholdeen kalteak direla Euskal Herrian gertaera naturalen aldetik mehatxurik handiena. Baina uste dut hori aldatu edo zabaldu behar dugula, zeren litekeena da lehorteak bihurtzea, uholdeak baino gehiago, mehatxu ohikoena.

«Uholde bati aurre egiteko zer egin behar dugun ezin dugu hitz egin ura leporaino dugunean, aldi lasaietan baizik»

Alde pertsonaletik, nola bizi izan zenuen 1983ko tragedia?

Abuztuaren 26an, Bizkaikoa gertatu zenean, ez nengoen Aste Nagusian. Hurrengo egunean etorri nintzen Bilbora. Eta kuadrillako lagun batzuekin, eraiki berriak nituen 4-5 ur emariak neurtzeko estazioetara joan ginen. Denak adarrez, enborrez beteta imajinatzen nituen, eta horrela zeuden. Hori guztia askatzen pasatu genituen hiru edo lau egun, zeren, nire kezka handiena, momentu hartan, ahalik eta datu gutxien galtzea zen. Gero, arratsaldeetan, pala hartu, botak jantzi eta Alde Zaharrera joaten ginen.

Bigarren uholde bat ere izan zen, elkartasunarena...

Konpartsen irudia dut gogoan. Garai haietan ez zen erresilientzia aipatzen, auzolana esaten genion. Jendea gai izan zen nahaste-borraste hartan, Aste Nagusian eta marea goian zegoela, dena garbitzeko. Orain gutxi Beran ikusi dugun bezala. Nik, hala ere, bi irudi dauzkat. Bat Zazpikaleetako konpartsena, baina bestea, Peñascalekoa.

Bilboko Peñascal auzoan, Pagasarri inguruan, Ibaizabal ibaitik nahiko urrun eta altu, sekulako triskantza gertatu zen. Askotan uholdeak ibai baten inguruan gertatzen denarekin lotu ohi ditugu, baina gure kultura eta ikuspegia zabaldu behar ditugu, zeren uholdeak prozesu konplexuak dira, eta mendi hegaletan itzelezko luiziak gerta daitezke. 2013an, Gipuzkoa sei hilabetez etengabe euripean egon zen, eta uholderik apenas gertatu zen. Baina diru inbertsio handia egin behar izan zuen Aldundiak hainbat lekuetan luiziak gertatu zirelako, auzo batzuk isolatuta egon ziren denbora batean. Beraz, uholde kontzeptua ibaietatik harago ulertu behar da.