«Marijaia guztiona da eta inorena ez. Marijaia festa, alaitasuna eta dibertsioa da. Marijajak ez digu ezer saldu nahi, ezta salerosketa traturik egin ere», argi esan dute Bilboko Konpartsek. Performance bat egin dute Satorrak eta Trikimailu konpartsen txosnen artean, salatzeko Bilboko Udalak Marijaiaren irudi-eskubideak eskuratu zituenetik ikonoaren irudia «interes partikular eta komertzialekin erabiltzen ari dela».
Lehenik eta behin, konpartsakideak jai giroan zeudela, bi trajedunek hainbat hedabide, instituzio eta enpresaren pegatinak jarri dizkiote Marijaiari. Aste Nagusiko ikonoa horrela ikusi dutenean, konpartsakideek gona publizitatez garbitu diote eta beti bezala utzi dute.
Azpimarratu dute salatzen ari diren egoera ikonoaren irudi-eskubideak Bilboko Udalaren esku daudenean hasi dela gertatzen. Izan ere, iazko abenduan udalak, 440.000 euro ordainduta, egilearengandik eskuratu zituen Marijaiaren jabetza intelektualeko eskubideen lagapena, hau da, erreprodukzio, banaketa eta komunikazio eskubideak.
Marijaia ez dago salgai#Elkarlanuholdeak#AsteNagusia23#AN23#ErasorikEzAN pic.twitter.com/F9MYrQfqzx
— Bilboko Konpartsak (@konpartsak) August 26, 2023
Halaber, azaldu dute Bilboko Konpartsak federazioak orain arte Marijaiari buruz egiten zen erabilera bera izateko akordio bat proposatu zuela Jaietako Batzorde Mistoan. «Orain arte, hala ere, hitz onak besterik ez ditugu jaso udalaren aldetik», adierazi dute. Hori ikusita, uste dute argi dagoela Aste Nagusiko ikonoen erabilera arautzeko beharra.
Era berea, «Marijaiaz modu alaian, jai-giroan eta era altruistan gozatzen jarraitzeko deia» egin dute, baita ikonoa irabazi asmoz eta diru-gosez erabiltzeari uko egiteko ere.