Abuztuaren 16az geroztik, Ostreopsis mikroalga toxikoaren kontzentrazioek gainditu egiten dute Elikadura, Ingurumen eta Laneko Osasun Segurtasuneko Agentzia Nazionalak (ANSES) zehaztutako zaintza-maila ‘Mediabask’-ek argitaratutako datuen arabera.
Lapurdiko kostaldeko bost hondartzatan egin dira analisiak, astean hirutan, eta alga horiek zaintzeko eta ateratzeko prozesuak ere egin dira, Hendaiako Bi Bikietan, Donibane Lohizuneko Erromardian, Getariako Zenitzen, Bidarteko Parlementian eta Biarritzeko Portu Zaharrean.
Zaintza atalaseak
Bi Bikien hondartzak zaintzako 2. atalasea oraindik gainditzen ez badu ere, oso altua da algen kontzentrazio maila; hain zuzen ere, ur litro bakoitzeko 1.000 eta 10.000 zelula arteko kontzentrazioa dago. Zenitzek, Erromardiek eta Portu Zaharrak 30.000 zelula gainditu dituzte erregularki ur litro bakoitzeko. Aipaturiko azken hondartzek astebeteko epean, bakoitzak bi aldiz gainditu du zaintzaren atalaserik altuena, 4. mailakoa.
Abuztuaren 22ko azken laginen arabera, 26 gradu inguruko ur batean, 29.296 gelaxka neurtu dira ur litro bakoitzeko Bidarteko hondartzan, eta 134.115 gelaxka Biarritzeko hondartzan. Abuztuaren 25ean, ostiralean, Donibane Lohizuneko Erromardie hondartza ixtea erabaki zuten uraren kalitatearen degradazioagatik, baina ez litzateke mikroalgaren presentziarekin lotua izanen, kutsadura bakteriologiko batekin baizik.
Sintoma anitzak
Oro har, onberak bezala deskribatuak izan arren, sintoma asko eragiten ditu Ostreopsis mikroalgak: eztula, eztarriko mina, sudurretik eta begietatik ur isuriak, sudurreko odoljarioa, arnas eragozpenak, sukarra, dardarak, giharretako mina, buruko mina, goragalea edo azaleko erupzioak. Algarekin kontaktua izan eta sei orduko epean agertzen dira adierazpen horiek, zenbait kasutan baita unean bertan ere, eta normalean hiru-lau egunen azpian desagertzen dira. Sintomen kopuruak eta iraupenak gora egin dezakete pertsona zaurgarrienen kasuan.
Ostreopsis kontzentrazio handia izanez gero, osasun agintariek (ARS) informazio mezuak zabaldu dituzte, eta Euskal Elkargoak Kalilo aplikazioaren eta sorospen postuen bidez igortzen ditu mezu hauek. Alerta egoeran, gomendagarria da pertsona zaurgarriak ez bainatzea edo itsasertzera ez joatea. Eta hondartzatik itzultzean, dutxatzea gomendatzen da.
2021eko udan indartsu agertu zen euskal kostaldean alga mota hau, eta joan den ekainaren 6az geroztik berriz agertu da, 2022an ikerketa programa bat abiatu zen Ostreopsis mikroalgaren agerpena hobeki ulertzeko. Ikerketaren emaitzak Euskal Herriko Elkargoaren webgunean ikus daitezke zuzenean.