NAIZ

AEBak eta Errusia elkarrekin abiatu dira Nazioarteko Espazio Estaziora

Ukrainako gerrak mundua ozpindu eta aliantza globalak ahuldu dituen honetan, espazioak esperantzarako eremu izaten jarraitzen du. Errusia eta AEBetako astronautak biltzen dituen nazioarteko espedizioa arrakastaz abiatu zen atzo «SpaceX» suzirian Nazioarteko Espazio Estaziorantz.

Errusiako Borisov, Danimarkako Mogensen, AEBetako Moghbeli eta Japoniako Furukawa kosmonautak suzirira sartzen.
Errusiako Borisov, Danimarkako Mogensen, AEBetako Moghbeli eta Japoniako Furukawa kosmonautak suzirira sartzen. (Joel KOWSKY | AFP)

Bi hamarkadan baino gehiagoan, Nazioarteko Espazio Estazioak Errusiaren eta AEBen arteko kooperazioan paper garrantzitsua bete du aitzindari-talde gisa, baita bi erraldoien arteko tentsioen artean ere. Hori aldatzear dela jakin genuen berriki, mundua are gehiago zatitu duen Ukrainako gerraren erdian Errusiak 2024rako proiektutik erretiratzeko nahia adierazi ondoren.

Errusia Nazioarteko Espazio Estaziotik erretiratuko dela baieztatuko balitz, kolpe oso latza izango litzateke, espazioa konfrontaziorako baino kooperaziorako eszenatoki gisa mantentzeko saiakerei begira. Kolonialismoaren historiak berak erakusten duen bezala, muga berrien esploraziorako lasterketa, ezinbestean, kolonizatutako lurraldeen defentsa militarrera iristen da. Eta munduak behar duena Nazioarteko Espazio Estazioa bezalako proiektu gehiago dira, ez gutxiago, datozen belaunaldiei begira, haientzat ere espazioak lilura eta ametsa –ez armak eta hondamendia– inspiratzen jarraitzea.

«Misio bateratuan» batuta

Ildo horretan, txalotzekoa eta poztekoa da atzo Cañaveral lurmuturreko Kennedy Space Center-etik Nazioarteko Espazio Estaziorantz jaurti zuten “Space X” suziriaren arrakasta. Garai gatazkatsuotan, nazioarteko kooperazioaren seinale argia da. NASAko eta Roscosmoseko kosmonauta bana abiatu ziren, Europako eta Japoniako espazio agentzietako beste bana lagun zituztela. Jasmin Moghbeli, Konstantin Borisov, Andreas Mogensen eta Satoshi Furukawak osatzen zuten tripulazioa. Estatubatuarra, errusiarra, danimarkarra eta japoniarra, denak elkarrekin, «misio komun» batean.

Beste era batera esanda: errusiarra AEBetako suziri batean joan zen atzo, eta irailean Kazakhstango Baikonur kosmodromotik estatubatuarra espazioratuko da Errusiaren suziri batean. Beraz, nazioarteko komunikabideetan asko azpimarratu denez, harreman denak eten ez diren eta espazioak oraingoz kooperazio gune izaten jarraitzen duen froga argia da.

Ez dago besterik. Espazioa esploratzeko, gizateriak elkarrekin jardun behar duelako, batutako talde eginda. Espazioa bera hori delako: egiazki globala. Nazioarteko elkarkidetasuna delako bide bakarra

Moskuk eta Washingtonek hegaldi berriak adostu dituzte

Atzoko jaurtiketa arrakastatsuarekin batera, AEBetako eta Errusiako agentzia espazialek jakitera eman zuten Soyuz MS suziriaren hurrengo jaurtiketan astronauta estatubatuarra tripulazioan egongo dela. Bi herrialdeen arteko tentsioak puri-purian dauden honetan, aldebiko elkarkidetasunaren adibide bitxia da. Beraz, hari guztiak ez dira eten.

Sergei Krikalev Roscosmoseko zuzendariaren hitzetan, «bientzat onura dakarren negozioa da; aukera onena bilatzen saiatzen gara. Printzipioz, istorio ona da, polita; hegaldien trukaketak sinesgarritasuna ematen dio gure programari». Gogoratu behar da Nazioarteko Espazio Estazioa lurretik 400 kilometrora orbitatzen duen futbol-zelai baten tamainako laborategia dela, Errusiak eta AEBak buru dituen aliantza batek kudeatua; besteak beste, Europa, Japonia eta Kanada biltzen dituena.