NAIZ

Udako bikoterik boteretsuenetako bat direla berretsi dute Erkiagak eta Del Riok Lekeition

Bi setetan nagusitu zitzaizkien Goikoetxea-Del Riori (15-11, 15-12) goraino bete zen Santi Brouard pilotalekuan. Zumaiako aurrelariari agur hunkigarria eskaini zioten Lekeition bertan jokatutako azken partidan.

Erkiaga-Del Riok jantzi zituzten Lekeitioko finalak.
Erkiaga-Del Riok jantzi zituzten Lekeitioko finalak. (ERAMAN JAI ALAI)

Udako bikoterik indartsuena, edo indartsuenetako bat, bederen, direla berretsi zuten bart Aritz Erkiaga eta Julen Del Riok Lekeitioko Master Seriesaren finalean Goikoetxea eta Lekerikari bi setetan (15-11 eta 15-12) gailenduta. «Etxean» aritu zen ispastertar aurrelariaren jokoak dagoeneko ez du inor ezustean harrapatzen, baina nabarmentzekoa da atzelari gasteiztarrak eskaini zuen maila, ikaragarri seguru aritu zen, finaleko zenbait unetan aurkarien pazientzia agortzeraino.

Ederki moldatu ziren bizkaitarra eta arabarra giro ederrean jokatutako finalean eta, hasi eta buka, eurena izan zen markagailuaren kontrola partida osoan zehar. Aurrelariaren magia eta atzelariaren fidagarritasuna primeran uztartu ziren lehen tantotik eta lehen seta erraz xamar eskuratu zuten (15-11).

Bigarren jokoan 2-8 aurreratu ziren ostera ere eta partida azkar batean amaituko zela zirudien, baina gorriek erreakzionatzen jakin zuten partidari emozio itzela emanez. Markagailuan hamaikana berdintzea lortu zuten, behetik gora etorrita. Lekerikaren partidako momentu onenak orduantxe heldu ziren. Publikoak desenpatea nahi zuen eta hala gertatuko zela zirudien, baina egindako akatsek, beharrik gabe botatako bi paretek eta, ezinezkoa egin zuten.

Giro itzela

Txapelak, beraz, Erkiaga eta Del Rioren buruetara joan ziren, baina esan genezake zesta eta Lekeitioko zaleak irten zirela irabazle. Aurrera pausu handia eman du Santi Brouardeko plazak aurtengo urtean. Bi Master, jaialdi jendetsu eta arrakastatsuak, ikusteko joko bizia, zesta-puntaz dakien publikoa eta gainera pilotariak bero animatzen dituena. Osagai oso onak Akarregi pilota elkarteak bere lanarekin jarrai dezan, Lekeitioko neska-mutikoak zesta-puntara erakarriz.

Atzokoan, gainera, etxeko pilotaria Erkiaga zen arren, harrera beroa egin zioten Goikoetxeari, bertan jokatu duen azken partidan. Jaialdiaren amaieran mikrofonoa hartu zuen Goikoetxeak eta bere azken hitzak egin zituen Lekeitioko zaleen aurrean. Lekeitiarrek egurrezko itsasontzi bat oparitu zioten oroigarri moduan, itsasoko bizimodua etxetik ezagutzen duen pilotari handiari.