NAIZ

Bi gipuzkoarrei ontziratzea ukatu die Lufthansak gehiegizko zama argudiatuz

Errumaniatik Alemaniara zihoan Lufthansa aire-konpainiako hegaldi batean 15 bidaiari ezin izan ziren ontziratu, hegazkinak zama gehiegi zuelako. Horietako bi Gipuzkoako enpresa bateko langileak ziren eta hauek Erreklamatura jo zuten.

Lufthansa aire-konpainiako hegaldi bateko hainbat bidaiariei ontziratzea ukatu zieten hegazkinak gehiegizko zama izateagatik.
Lufthansa aire-konpainiako hegaldi bateko hainbat bidaiariei ontziratzea ukatu zieten hegazkinak gehiegizko zama izateagatik. ( Boris Roessler | Europa Press)

Lufthansa aire-konpainiako hegaldi bateko hainbat bidaiariei ontziratzea ukatu zieten hegazkinak gehiegizko zama izateagatik, Erreklamatuk, Euskal Herriko Erreklamazio Zerbitzuak, jakinarazi duenez. Hegaldia Cluj Napocatik, Errumania, Munichera, Alemania, zihoan abuztuaren 4ean eta Gipuzkoako enpresa bateko bi langile ez ziren hegazkinera igo. Egoera hauen aurrean, Erreklamatuk egin beharrekoa azaldu du.

Hegaldia bi ordu atzeratu ondoren, bidaiariak ontziratu arren, hegazkina ez zen mugitu. Erreklamatuk adierazi zuenez komandanteak jakinarazi zien bidaiariei zamarekin arazo bat zutela eta ekipajea beste modu batean banatzen ari zirela. Erregaia ere atera zuten zama arintzeko. Hala ere, arazoa ez zen konpondu eta azkenean bidaiariak hegazkinetik atera behar izan zituzten eta maletak itzuli zizkieten.

«Hegazkinaren zama eta oreka kontrolpean izatea segurtasunerako oinarrizko elementua da edozein hegalditan», azaldu du erreklamazio zerbitzuak. Kasu hauetan normalean ekipajearen karga edo erregaiaren bolumena murriztuz arazoa konpontzen. «Ezohikoa» izan arren, bidaiari batzuk kanpoan geratu behar izan ziren.

Orotara 15 bidaiari ezin izan ziren ontziratu. Konpainiak bidaiariak ontziratzean, batzuk «aukeratzen» joan zela adierazi du Erreklamatuk; alegia, lehenengo ipar-amerikarrak eta kanadarrak ontziratu zituzten. «Ondoren bidaiari gehiago sartu zituzten, hamarnaka, horretarako irizpideak zein ziren azaldu gabe», adierazi du.

Bidaiaren eskubideak

Kasu hauetan, Erreklamatuk azaldu du overbookinga gertatzen denean dituzten eskubide berdinak dituztela bidaiariek. «Alde batetik, aire-konpainiak garraio alternatibo bat eskaini behar du bidaiariak lehenbailehen irits daitezen beren helmugara. Bestetik, bere gain hartu beharko ditu gorabeherak bidaiariei eragin dizkien gastu guztiak», azaldu du. Horretaz gain, konpainiak kalte ordain bat eman behar die bidaiariei; alegia 250 eta 600 euro artekoa.

Askotan konpainiak «konpentsazioak» eskaintzen dituztela adierazi du Erreklamatuk, baina hauek ez hartzea gomendatzen du. Hoberena norberak dituen «eskubideez informatzea» garrantzitsua dela nabarmendu du, edozer aukera onartu aurretik.

Erreklamatura joz gero, Gipuzkoako bi bidaiariek egin zuten moduan, kontsultak «doakoak» direla jakinarazi du erreklamazio zerbitzuak. Gainaren, erabiltzaileek kasua irabazi eta kalte ordaina lortzen badute kobratzen dutela jakinarazi du; hain zuzen ere berreskuratu duten diruaren %25a.