Jon Ormazabal

Realak Alvaro Odriozolarengan interesa duela onartu du Jokin Aperribay presidenteak

Kieran Tierneyk, batez ere lana agindu du bere aurkezpenean eta zaleekin konexio berezi bat izan dezakeela berretsi du. Eskoziak eta Euskal Herriak antzekotasunik izan dezaketen galdetu diotenean, «Celtic Parken beti kurriñaren bat egoten dela» erantzun du.

Jokin Aperribay eta Kieran Tierney, eskoziarraren aurkezpen ekitaldian.
Jokin Aperribay eta Kieran Tierney, eskoziarraren aurkezpen ekitaldian. (REAL SOCIEDAD)

Asteazken honetan aurkeztu du ofizialki Realak Kieran Tierney ezker hegaleko eskoziarra, momentuz taldeko azken fitxaketa bezala, baina ostegun honetan fitxaketen merkatua amaitzen denez, taldeak egin ditzakeen azken uneko mugimenduek hartu du prentsaurrekoaren zatirik handiena eta, besteren artean, Jokin Aperribayk onartu du taldeak interesa duela Alvaro Odriozola eskuin hegaleko gipuzkoarra fitxatzeko. Hori bai, Realeko presidenteak ez du argitu nahi izan hurrengo orduetan mugimendurik egongo ote den.

Denboraldia nahi bezala hasi ez duten arren, esne mamitan daude txuriurdinak bihar Champions Leaguen izango dituzten arerioak ezagutu bezperan eta inguruak fitxaketak eskatzen baditu ere, debarrak argi utzi du zuhurrak izan behar dutela eta Augusto Cesar Lendoirok, A Coruñako Deportivoko lehendakari ohiak esan zizkionak izan ditu gogoan: «Championsean eta Europan urte batzuk ematen dituzten taldeek, beti krisialdi bat izaten dute handik kanpo geratzen direnean». Aperribayk ez du halakorik inola ere nahi eta udako merkatua pausuz pausu eraman dutela argitu du, beti ere ardatz batekin, David Silvarekin gertatzen zena.

Azken unera arte, beraz, mugimenduak egon daitezke Realaren inguruan, baina Odriozolarena salbu, egotekotan, irteerak egongo dira. Realeko presidenteak azaldu duenez, Kieran Tierneyren etorrerarekin, oso posiblea da Diego Ricok taldea uztea, baina ez du argibide gehiagorik eman nahi izan. Karrikaburuk ere ateak irekita izango lituzke beste talde batera utzita joateko, beti ere jokalariak hala nahi eta mugimendua denek bere formakuntza osatzeko onerako izango dela uste badute.

Korapilatsuagoa dirudi Rober Navarroren kasua. Azken orduan kataluniarraren ordezkariak zabaldu duenez, Realak ez dio beste talde batera utzita irteten uzten 2025ean amaitzen zaion bere kontratua berritu ezean. Azken lau egunak Donostiatik kanpo eman dituen Aperribay harrituta agertu da adierazpen horiekin eta argitu du jokalariaren ordezkaria bera izan zela ekainean proposamen horrekin etorri zena, kontratua luzatu eta utzita joan. «Utzita joan nahi zuela entzun diogu, geratu egin nahi duela, eta orain berriz joan egin nahi duela. Argitu dadila lehenengo jokalaria eta ikusiko dugu zer egin».

Tierney, gustura Euskal Herrian

Azkenerako, bigarren plano batean geratu da, baina Realeko jokalari gisa egindako lehen adierazpenetan, Kieran Tierneyk oso argi utzi du oso gustura dela Euskal Herrian eta esperientziaz gozatu nahi duela. Ezker hegalekoak azaldu du «erabaki erraza» izan dela Reala aukeratzea zituen eskaintzen artean eta, zalantzarik izatekotan, Martin Odegaardek berehala kendu zizkiola, Donostiara etorri behar zuela esanda.

Realean iaz Arsenalen izan ez zituen minutuak izateko intentzioarekin dator eta, batez ere, lana egitera etorri omen da. «Lehen entrenamenduetan ikusi dut zeinen gogor entrenatzen den hemen, entrenatzaileak zenbat eskatzen duen eta hori ikaragarri gustatzen zait».

Heldu eta berehala, Euskal Herriarekin keinu bat izan zuen bere sare sozialetan ikurriñaren koloreekin eta gaur ere harmailarekin konexio berezi bat izan dezakeen jokalari bat dela berretsi du bere aurkezpenean, Euskal Herriak eta Eskoziak antzekotasunik ote duten galdetu diotenetan. «Agian nire lehen taldea ezagutuko duzue, eta badakizue Celtic Parken beti egoten dela ikurriñaren bat, beraz, bai, antzekotasunik egon daiteke».