NAIZ

Bakioko Udalak asteburuan jazotako «intentsitate altuko» eraso matxista baten berri eman du

Jaiak dira Bakion eta Udalak jakitera eman duenez, asteartetik asteazkenerako gauean «intentsitate altuko» eraso matxista baten berri izan zuten. Presaz jarduteko protokoloa aktibatu dute.

Atzoko elkarretaratzea.
Atzoko elkarretaratzea. (Bakioko Sare Feminista)

Abuztuaren 29etik 30erako goizaldean eraso matxista bat gertatu zen Bakion, txosnagunetik kanpo, Udalak ohar baten bidez zabaldu duenez. «Intentsitate altuko erasoa» izan zela argitu dute, eta emakumeak alde egitea lortu zuela. Berdintasun Kontseiluak jarritako baliabideen bitartez artatu zuten emakumea eta eraso matxisten aurrean presaz jarduteko protokoloa aktibatu zuten.

Udaletik erasoa pairatu duten emakumearekiko errespetua eskatu dute, «genero ikuspegia zaintzeko diseinatutako protokolo desberdinak kontuan hartuta eta indarkeria matxista lantzeko medio eta esparru desberdinetan onartutako protokoloak kontuan izanda». Halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko estrategietan zentratzeko galdegin dute.

Hain zuzen ere, aipatutako protokoloa jarraituz, atzo bertan elkarretaratzea egin zuten, «erasoa salatu eta emakumeari elkartasuna adierazteko». Oharrean, Udaletik gogora ekarri nahi izan dituzte edozein eraso matxista artatzeko Berdintasun Kontseiluak jaiei begira martxan jarritako tresnak.

Tresna horien artean dago Brigada Feminista. Talde honetako kideak besoko baten bidez identifikatu daitezke, laguntza behar izanez gero haiengana jotzea errazagoa izan dadin.

Gainera, Txakolingunean arreta gunea jarri dute asteburuetan. Gauez dago irekita, ostiraleko 0.00etan hasi eta hurrengo eguneko 8.00etara arte, eta berdin larunbatean, edozein eraso matxistaren aurrean beharrezko erantzuna emateko.