Bihotza eta burua zuen militante abertzale konprometitua

ETAko zein Iparretarrak-eko, bi inguru horietako jendea laguntzen zuelako, hala esan zion behin ETAko arduradun batek: «Bihotza handia bai, baina buru gutxi duzu». Graxik halaxe erantzun zion: «Eskerrak buru gutxi dudan, bestela zu ez zinateke etxe honetan sartuko».

Graxi, duela aste gutxi egindako argazki batean. Preso baten alabatxoa du eskutan.
Graxi, duela aste gutxi egindako argazki batean. Preso baten alabatxoa du eskutan. (NAIZ)

Erantzun bizkorrekoa zen Graxi Etxebehere; zorrotza, baina ez zakarra. Umoretsua beti. Bistan da halako erantzunak botatzen dituenak buru argia behar duela izan. Bihotzaren parekoa zuen berak.

Beti militante, beti laguntzeko prest. Hala eman zuen ezagutzera bere burua, nahi gabe, 2015ean, armagabetu nahi zuen erakunde bateko bi militante gordetzen zituelako. Orduan ezagutu genuen, sanferminetatik bueltan, armak deuseztatzeko ahalegin horretan laguntzen ari zela eta ez zela damu esateko.

Gerora, Luhusoko armagabetzearen lehen saioko ekintzailea izan zen Txetx Etxeberrik aitortu zuenez, Graxiren hitz haiek izan ziren herriaren sua piztu zuten txinparta.

Estrategia aldaketa

Bihotz oneko laguntzaile hutsa baino gehiago zen, alabaina, Graxi. Prozesu politikoari bertatik bertara segitzen zion, eta ezker abertzalearen estrategia aldaketarekin sinistuta zegoen, sinistuta eta konprometituta.

Bere etxea estrategia aldaketa gauzatu ahal izateko harreman eta bilera leku ere izan baitzen. Unearen garrantzi historikoaz jabetzen zen; hala kontatzen zien ondoren hurbileko lagunei.

2005-2007ko ETAren eta Zapateroren Gobernuaren arteko negoziazio prozesuaren ondotik nabarmendu zen noraeza eta barne krisia zirela-eta, mugimendua galbidean ere ikusi zuen une batean; aldiz, aukera politikoak begien bistakoak ziren. Ipar Euskal Herrian izandako garapena zen horren lekuko. Eskerrak estrategia aldaketa egin zen; hala zioen.

Aietetik aurrera

Gerora, Aieteko Konferentzia eta borroka armatuaren amaiera etorri ziren. Eta Graxik bazekien zerbait. Batekin eta bestearekin azken urteotan izandako hitz-aspertuetan kontatutako anekdotetatik horixe ondoriozta daiteke. 2011n, irailean izan ohi diren Sarako bestetan, lagun bat ikusi zuen Graxik, eta «berririk» ba ote zegoen galdetu zion. Galdera ez zen hutsala, ez zuen besterik gabe bota. Uda horretan nazioarteko bitartekariek Espainiako Gobernuarekin eta ETArekin bilerak eginak zituzten bide-orri bat adosteko helburuarekin. Hauxe izan zuen erantzuna Graxik: «Datozen egunotan nazioarteko bilkura, konferentzia edo horrelako zerbait badagoela entzuten baduzu hedabideetan, ondo goaz». Izan ere, aipatu bide-orria ozta-ozta zen josia, hari fin eta hauskorrez. Inor ez zen ausartzen zer gertatuko ote zen segurtatzera.

Prozesuak aurrera segitu zuen, ordea, eta urrats gehiago egin behar izan ziren. Orduan ezagutu zuten askok Graxi, txuriz eta gorriz jantzita.

Ortzaizeko polizia operazio hartan parte hartu zuten poliziak ere harrituta geratu ziren Graxiren sasoiarekin eta erizainaren ateraldi zorrotzekin. Bere konpromisoarekin, baita ETAko kideei beste etxe batean aterpea eman zieten Jeff eta Teresarenarekin ere. «Nire apartamentu osoa baino handiagoak dira etxe hauetako komunak», esan zuen polizia batek. Nola zen posible bizitza egonkortuta zuen halako jendeak horrelako arriskua hartzea? Paristik zetozen polizientzat haiek ez zuten gaizkileen profila.

 

Pozik zen Graxi egindakoarekin. ETAk desegitea erabaki eta iragarri ostean, Miribillan 2018ko maiatzaren 19an egindako ekitaldian, hitza hartu zuen milaka lagunen aurrean. Belaunaldi baten esfortzua ordezkatu zuen horrela.

Pozik zen, baina arinkeriarik gabe. Urrats bakoitzean  barne korapilo bat izan ohi zuen, hildakoak, presoak, sufrimendua... gogoan.

Hil arte bizi

Azken urteotan, gaixotasunari aurre egin bitartean, jende askoren maitasuna jaso du. Etxea berriro beteta. Ez da Euskal Herrian Graxirena baino DNA arrasto gehiagorik duen etxerik.

Ez da, horratik, geldirik egon. Aurten sanferminetan eta Baigorriko festetan izan da. Batera eta bestera ibili da, orain dela egun gutxi azken beherakada handia izan duen arte. Atzo arratsaldean sedatzea zegoen aurreikusita, baina goizaldean hil zen lotan zegoela.

Hil arte bizi. Horixe egin du. Azken boladan egin gabe utzi duen nahi berri bat piztu zitzaion, ordea. Zurrumurrua iritsi zitzaion; espekulazio hutsa, beharbada: Iruñeko Udalean zentsura mozioa egon daitekeela. Asiron berriro alkate ikusteko bertaratu nahi zuen; denbora emango ote zion kezka zuen.

Ostiral honetan omenaldia egingo zaio bere herriko elizan, Ortzaizen, 18etan. Goxotasunez beteta joan da. Uda honetako halako egun-pasa batean, besoetan izan du haurtxo bat [goiko argazkian]. 2015ean Iñaki Retarekin batera gordea zuen Xabi Goienetxeren alabatxoa da. Neskatoak badu izen nagusi bat, hala ezagutuko dute denek bere bizitzan, baina bere gurasoek bigarren izen bat jarri diote abizenen aurretik: Graxi.