Lakuako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek premiazko agerraldia egin du ostiral honetan, eskola-garraioko enpresen artean praktika «susmagarriak» eta ziurrenik «legez kontrakoak» antzeman ondoren hartu dituzten neurrien berri emateko. Zerbitzua bermatzeko agindu bat ere onartu dute.
Hezkuntza Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendari Eneko Goenaga eta Kudeaketa Ekonomikoko zuzendari Ane Urkiolak lagunduta, Bildarratzek jakinarazi du «nahitaezko betearazpen agindu» bat egiteko erabakia hartu duela, ikasleei eta familiei garraio-zerbitzua bermatze aldera. Agindua EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurki argitaratuko dela zehaztu du sailburuak.
Azaldu duenez, 2023. urtea hastearekin batera, Lakuak «lehiaketa publiko berri bat aktibatu zuen, aurreko ikasturtean baino ibilbide gehiago eskaintzen ziren lizitazio berri bat».
«Behin eskaintzak aurkezteko epea amaituta, harriduraz ikusi genuen ibilbide gehienak esleitu gabe geratu zirela Bizkaian eta Araban», jakinarazi du. Zehazki, 467 ibilbideetatik 387 geratu ziren esleitu gabe.
Hori dela eta, Sailak enpresa guztiei jakinarazi zien eskola-garraioa bermatzeko helburuarekin, eman gabe geratu ziren ibilbideetan enpresek aurreko ikasturtean egin zuten garraio-zerbitzua baldintza ekonomiko beretan eskaintzen jarraitzeko aukera eskaintzen zitzaiela.
Bildarratzen ustez, «zaila da ulertzen» Gipuzkoako ia ibilbide guztiak normaltasunez esleitu diren bitartean, Araban gutxi batzuk baino esleitu ez izana, eta Bizkaian bakar bat ere ez.
Lurraldeen artean dagoen desberdintasun hori ulertzen ez duela nabarmendu du sailburuak, hiruretan «irizpideak berdinak direnean» . Gainera, «zentzurik gabeko jarrerak» ikusi dituztela kritikatu du, «ibilbide batzuetan prezioak igo dituztelako eta eskaintzarik jaso ez dutelako, eta ondoren enpresa batzuek zerbitzu hori aurreko ikasturteko baldintzekin eskaintzea onartu dutelako, kasu batzuetan baldintza ekonomiko baxuagoekin».
Enpresen arteko hitzarmena?
«Susmoak ditugu, enpresa batzuen jardunarekin, jokabide arraro horregatik eta informazioa bildu dugulako, enpresa batzuk legez kontra ari direla pentsarazten diguna. Gure ustez, administrazioarengandik onura handiagoa lortzeko nola jokatu adosten ari diren enpresen arteko hitzarmena gerta daiteke. Hori baieztatuz gero, zerbitzuaren baldintza ekonomikoak manipulatuko lituzkete», ohartarazi du Bildarratzek.
Adierazi duenez, «elementu arraro batzuk atzematen» hasi zirenetik, Lakua harremanetan jarri zen Lehiaren Euskal Agintaritzarekin, eta harekin lankidetzan ari da, eskatu dien informazioa bidaltzeko.
Gainera, «antzeman diren delitu zantzuen aurrean, informazio hori guztia Fiskaltzari bidaliko zaio». «Espero dut datorren astean zehar egin ahal izatea, baina bitartean eskola-garraioa bermatu behar dugu ikasturte hasierari begira», esan du.
Garraioa bermatzeko agindua
Eskola-garraioa bermatzeko zerbitzua nahitaez betearazteko agindua eman duela jakinarazi du Bildarratzek. Egintza betearazlea da, eta aldizkarian argitaratzen den unean jarriko da indarrean.
Horren arabera, «bermatutako zerbitzurik gabeko ibilbideetan, aurreko ikasturtean zerbitzua ematen zuten enpresek bete beharko dute lan hori». Horren harira, sailburuak zehaztu duenez, «garraio-enpresa bakoitzaren benetako kostua ordainduko da, eta %6ko etekin industriala aplikatuko zaio, indarrean dagoen legeriak ezartzen duen bezala».
«Eskola-garraioa ezinbesteko zerbitzua da milaka ikasleren eskolatzea bermatzeko, eta Hezkuntza Sailetik hori bermatuko dugu, milaka ikasleren eta haien familien onerako», azpimarratu du.
Aginduak ikastetxe publikoei bakarrik eragiten ote dien galdetuta, Bildarratzek baieztatu du «ikastetxe publikoak bakarrik» aipatzen dituela, baina itunpeko ikastetxe batzuen aldetik «antzeko kezka» jaso duela jakinarazi du.
Sailburuak gogorarazi du 2020az geroztik Lakuak hiru lizitazio-prozesu aurkeztu dituela hiru herrialdeetan, eta azpimarratu du «lehiaketa publikoak» direla, eta horietan enpresek lehia dezaketela Hezkuntza Sailak ezarritako eskola-garraioko ibilbideetako batzuk eskuratzeko.
2016an, Lehiaren Euskal Agintaritzak Gipuzkoan eskola-garraioa eskaintzen zuten hainbat enpresa ikertu eta isuna ezarri zien prezioak adosteagatik, baina sailburuak esan du oraingoak ez duela ordukoarekin zerikusirik.