Luze egin zitzaien pasatu den denboraldia. Udan deskonektatu ondoren, gogoz eta ilusioz iritsi dira denboraldiaurrera Maitane Etxeberria (Lezo, 1997) eta Olaia Luzuriaga (Iruñea, 2001), Bera Bera eta Beti Onakeko jokalariak, hurrenez hurren. Taldearen bizkarrezurra osatzen duten giltzarriak dira, eta GARAk haiekin baloratu nahi izan ditu bai udako prestakuntza bai sasoi berriarekiko daukaten ikuspuntua. Biek ala biek, aurreko urteko helburuei eusten diete, baina koska bat gorago begiratzeko anbizioa ere badaukate. «Ez da txarra anbizioa izatea, gorantz begiratzea eta sailkapenean ahalik gorenen egotea. Dena den, helburu nagusia salbazioa da, beste urte batez mailari eustea eta Ohorez Mailan finkatzea», onartu du nafarrak.
Joan den urtean elitean debuta egin zutenean, proiektu sendo baten hasiera izatea nahi zuten, elitean lehiatzea anekdotikoa izatea saihesteko, Nafarroak talde erreferentziazko bat izan dezan gorengo mailan, «pribilegio bat baita». Zer esanik ez nafarra izanda, Luzuriaga eta beste taldekide batzuen kasuan: «Horrelako talde bat etxean izatea pribilegio bat da, eta familiarekin eta lagunekin horretaz disfrutatzea oso polita da. Herriak balio handia ematen dio taldeari, gurekin daude %100. Oso polita da; afizioa berezia da Atarrabian eta alde horretatik oso pozik eta eskertuta gaude».
Zaleak gertu izango ditu baita ere Bera Berak, bi txapelketa garrantzitsuetan: Superkopa berrituan eta Kopako azken fasean, Gipuzkoan jokatuko dena. Lehendabizikoa hurrengo asteburuan, hilaren 8an hasita, jokatuko da, Gascan, Malaga eta Portugalgo Lisboako Sporting eta Madeira arerio izango direla. Noski, donostiarren xedea, urtero legez, garaikur gutien borrokan ibiltzea da, baina baita EHF European League txapelketan urrats bat gehiago egitea ere; hori dute helburua. «Urtero esaten dugu eta azkenean aho zapore mikatzarekin geratzen gara, pauso bat emateko desio horrekin. Esango nuke Europan pauso bat gehiago eman behar genukeela, baina egia da gaur-gaurkoz asmo nagusia liga ondo hastea eta Superkopa irabaztea dela», adierazi du Maitane Etxeberriak. Taldean eskarmentu handienetakoa duen jokalaria da, jada hamarkada bat igaro baita bere debutetik –2013ko irailaren 28an–. «Denbora azkar eta motel igaro da, biak aldi berean. Begiratzen dut atzera, eta eduki dudan hazkuntza eta aldaketa guztia, pertsonalki eta jokalari moduan, sekulakoa izan da. Baina ematen du atzo hasi nintzela jokatzen [barreka]».
Helburuen araberako uda
Txapelketaren dinamikan sartzeko nahia nabarmendu dute biek ala biek, denboraldiaurrearen balantze positiboa egin ondoren. Ohorezko Mailan euskal ordezkariak izango diren bi talde hauen xedeak hagitz ezberdinak direla kontuan hartuta, udako prestakuntza ere bide ezberdinetatik eraman dute, bai behintzat arerioei dagokienez. Jokatutako zortzi lagunartekoetatik erdietan frantsesen aurka aritu da Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldea. «Liga fisikoagoa da Frantziakoa, eta arlo fisikoa lantzeko lagungarri izan zaizkigu lagunarteko horiek; Espainiakoen aurkakoak, aldiz, alde taktikoan nola geunden erreparatzeko baliagarri izan dira», azaldu du Etxeberriak.
Beti Onaken prestakuntzan, gehienbat, Ohorezko Mailan goialdean aritu diren taldeak izan dira aurkariak, Rocasa edo Atletico Guardes, esaterako, bai eta Bera Bera ere; Egiako torneoan (33-23) donostiarrak gailendu ziren, baina lehen zatian gauzak zail jarri zizkieten Atarrabiakoek. Ligan ere xede horixe izango dute, edozein talderentzat aurkari zail bat izatea, aurpegia ematea goialdean aritzen direnekin ere, alegia. «Iaz talde handiei ere aurre egin genien, eta detaileek erabakitzen dituzte partidak; arlo horretan talde asko hobeak izan ziren, eta horregatik sufritu genuen asko». Aurten ere play-down bidez erabakiko da jaitsiera baina, kasu honetan, talde bakarra jaitsiko da. Dena dela, jaitsiera fase hori saihesteko ere borrokatuko dute atarrabiarrek, anbizioz.
Atletico Guardesen aurka hasiko du liga Beti Onakek, etxean (18.00etan), eta lau egunera Malaga bisitatuko du: «Hasiera zaila? Ez dakit aldatuko nukeen, badakigu edozein partida izango dela zaila. Lehen partida etxean daukagu eta horri ere eutsi behar diogu; konfiantza izan eta, nahiz eta jakin partida zaila eta estua dela, ahalik hoberen egiten saiatu».
Bera Berak ere etxean hasiko du, Granollersen aurka (19.00etan), eta hurrengo ostiralean Lisboako Sportingen aurka jokatuko du Superkopako finalerdia. Bidaiak saihestuko dituzte irailean, eta alde horretatik kontent agertu da Lezokoa, sasoia aurrera joan ahala egutegia estutu egingo delako, Europako bidaiak tartean.
Taldearen muina kasik bere osotasunean mantentzeak ematen duen segurtasunarekin dago Bera Bera. Lyndie Tchaptchet Beti Onaketik eta Carmen Arroyo La Calzadatik dira egin dituzten fitxaketa bakarrak. Nafarrek, aldiz, zazpi fitxaketa egin dituzte. Udako zati bat piezak egokitzera bideratu dute, eta «nahiko ondo moldatzen» direla iritzi dio Luzuriagak. Sentsazioak onduta, lehiarako prest dira.