Eguraldi petrala lekuko, gaur Kontxako Banderaren aurreneko igandean aritu behar diren taldeetatik oso gutxi animatu ziren atzo Kontxako badian arraunean egitera. Donostiarra eta Orio baino ez ziren pasa uretatik, emakumeen artean -Arraun Lagunak Trintxerpen aritu zen-, eta gizonen estropadan lehiatu behar dutenei dagokienez, Donostiarra, Urdaibai, Getaria eta Caboko ontziek egin zuten entrenamendu azkar bana Kontxako uretan. Denak ere, hozteko beldurrez eta gaurkoari begira.
«Eguraldi desatseginak entrenamendua asko gogortu badu ere, saio ona egin dugu eta, tira, igandea noiz iritsiko gaude, topera joateko», onartu zuen Uxue Urra Orioko arraunlariak.
Getariako Unax Eizagirre patroiak, bestalde, honela gaineratu zuen: «Ostegunean urduritasunak askatu genituen eta igandean gerra apur bat ematera aterako gara. Lehenengo aldamenekoari irabazi beharko diogu, eta gero ikusiko da zein emaitza ateratzen den. Dena dela, ahalik eta ondoen egitera aterako gara».
Getariako «Esperantza» ontziko patroiak ongi asko daki iazko moduan bigarren igandeko Ohorezko txandan sartzea bera ere nahikoa meritu izango litzatekeela. Izan ere, Kontxako Banderaren 128. edizio honetan Urdaibai, Hondarribia eta Zierbena dira faboritoak gizonezkoetan, eta Orio eta Arraun Lagunak izango dira hautagai nagusiak emakumezkoen estropadak, nahiz eta gero itsasoak jarriko duen bakoitza bere lekuan.
Gogoan izan behar da: gizonen estropadan, lehen txandan, Donostiarra, Zierbena, Orio eta Hondarribia lehiatuko dira. Bigarrenean arituko dira, berriz, Cabo, Getaria, Ondarroa eta Urdaibai.
Emakumeen estropada 11.00k aldera hasiko da. Aurreneko txandan egingo dute arraun Hibaikak, Oriok, Zumaiak eta Kaikuk. Bigarrenean, aldiz, Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia arituko dira nor baino nor gehiago.
Zerikusirik ez
Haizea eta euria asteburuaren atarira iritsi badira ere, gaur eguerdiko aldartea beste kontu bat izango omen da. Hasteko eta behin, eguzkia berriz ere ikusteko parada izango omen da: zerua garbi eta 18 eta 28 gradu inguruko tenperaturarekin, Euskalmetek aditzera eman zuenez.
Horrez gain, itsasoa atzo baino lasaiago izango omen da. Itsasoa ez da laino egongo, baina metro bateko eta metro eta erdi bitarteko olatuak izango dituztela espero da. Haizeak, berriz, 15 kilometro orduko abiadura konstantean joko ei du, eta tarteka 20 kilometro orduko ufadaren bat ere espero da. Euskalmeten itsasoko parteak zioenez, «estropaden momentuan, eki/ipar-ekialdeko haizea espero da 3ko indarrarekin. Metro bateko olatuak sortuko dira eta hauen arteko denbora tartea 9 edo 10 segundokoa izango da».
Faboritoen dantza
Urdaibaik 2022an lortutako titulua defendatzen du; Hondarribiak, berriz, 2018 eta 2020 artean lortutako garaipenak gogoratzen ditu; eta Zierbenak bere maila erakutsi du uda honetan, denboraldi erregularrean lortutako hiru banderarekin eta balio moral handia duen sailkatze probako lehen postua eskuratuta. «Galipoak» 2018an Kontxa irabaztear izan ziren, baina 86 ehunenen aldeagatik, Hondarribia izan zen nagusi. Ostegunean garaile izan eta gero, Zierbenak bere palmaresa estreinatu nahiko du arraunaren «Olinpiadetan».
Maila bat beherago, Donostiarra anfitrioia geratzen da. Orio, berriz, historian bandera hau gehien altxatu duen kluba (32) eta klasikoetako beste bat da, beti aintzat hartzekoa. Getaria, Cabo da Cruz galiziarra eta Ondarroa dira, hasiera batean, garaipena lortzeko aukera gutxien dituztenak gizonezkoen estropadan.
Emakumezkoen proba, igandeko jardunaldiari hasiera emango diona, gipuzkoarren kutsu nabarmenarekin dator, zortzitik zazpi gipuzkoarrak dira, eta Kaiku, bizkaitarra. Orio eta Arraun Lagunaken arteko lehia berri bat espero da, Donostiarra zelatan dagoela, aukera egokia ote den ikusteko.