NAIZ

Ansa eta Juanenea, egunotan elkarrengandik zertxobait urrundu diren bi lagun

Larunbatean Banakako finala jokatuko duten bi erremontistek material aukeraketa egin dute asteazken honetan Galarretan. Biak pozik agertu dira pilotekin eta bata besteari pasa diote faborito etiketa.

Juanenea eta Ansa II.a, astearte honetan Galarretan egindako material aukeraketan.
Juanenea eta Ansa II.a, astearte honetan Galarretan egindako material aukeraketan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Larunbat arratsaldean erremonteko Banakako txapelketak txapeldun berria izango du. Nafarren eta gipuzkoarren arteko final historikoa errepikatuko dute Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak, baina txapela buru berri batean jantziko da aurten. Bientzat lehen finala da erremonteko txapelketarik garrantzitsuenean.

Larunbateko protagonistek material aukeraketa egin dute asteazken honetan Galarretan, eta biek pozik amaitu dute aukeratutako pilotekin. Oso denbora gutxian aurkitu dituzte finalerako behar dituzten "armak" –ordu laurden batean dena bete da– eta nahiko biziak izan dira aukeratutakoak. Estrategia aldatu nahian Juaneneak finalerdietan erabilitako materiala baino biziagoa aukeratu duen bitartean, Ansak pilota ezberdinak aukeratu ditu, baina denak nahiko biziak dira.

Bi erremontistak oso lagun onak dira, baina larunbata pasa arte bakoitza bere bidea egiten dabilela onartu du Imanol Ansak –NAIZek bere elkarrizketa bat argitaratuko du ostiral honetan–. «Aurreko larunbatean aulkitik altxa nintzen irabazi zuenean eta ondoren zoriondu nuen, baina igandean kontziente nintzen nire aurkaria izango dela finalean eta distantziak mantendu behar dira finala amaitu arte», adierazi du aurrelari urnietarrak.

Oso ondo ezagutzen dute elkar eta «presioa bakoitzak bere buruari ipintzen dio», azpimarratu du gipuzkoarrak. «Nabaritu dut agian gaur berak presio gehiago duela. Nik agian esperientzia handiagoa dut Masterseko finalagatik. Hor eman dut salto kualitatibo garrantzitsua eta ondo sentitzen naiz. Beti egongo da urduritasuna, garrantzitsua ondo kudeatzea izango da eta gero eta hobeto egiten dut hori», gaineratu du Ansak.

Ansa, «dudarik gabe, faboritoa»

Juaneneak, bestalde, bere aurkaria ondo ezagutzen duela argi utzi du. «Fisikoki zezen bat da eta gainera aurrelaria da. Oso konpletoa da eta tantoak luzatzen baditut, bere alde eroriko dira; beraz, tantoak mozten saiatuko naiz. Nik eraman behar dut iniziatiba», azpimarratu du nafarrak.

Are gehiago, «fisikoki oso ona» dela ziurtatu du. «Imanolek oso txapelketa ona jokatu du, Barrenetxearen aurkako lehen zatian izan ezik. Zuzenean sailkatu da finalera eta egurra eman zidan ligaxkan. Dudarik gabe, faboritoa da. Zinez prestatzen du txapelketa hau eta nik baino presio gehiago izango du; beraz, presionatzen saiatuko naiz. Hori bai, argi dut faboritismoek ez dituztela txapelketak irabazten; beraz, %50ean gaude».

Astea energia positiboz bizitzen ari dela onartu du. «Egunak joan ahala urduritasuna iritsiko da, baina oraingoz lasai eta gustura nago», adierazi du. Saldiaseko atzelariak laguntza handia izango du harmailetatik: «Pozik daude eta Galarretara joateko bidaia prestatzen ari dira. Doneztebeko lagunak ere etorriko dira, finalerdian baino jende kopuru bikoitza. Denak oso motibatuta daude».

Azken urteetan Urrizak eta Barrenetxeak jokatu dituzte Banakako finalak eta Ansa eta Juanenea haien oinordekoak direla esan daiteke. Nafarrarentzat, «orain ezberdina izango da, beste bi finalista baikara. Txapeldun eta txapeldunorde berriak egongo dira eta hori ere baloratu behar da», amaitu du.