NAIZ

Emakume batek pairaturiko eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute Kanbon

Gizon batek emaztea larriki zauritu zuen iragan ostiralean Kanbon. Erasoa arbuiatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean. Emazteen aurkako indarkeriaren behin betiko amaiera aldarrikatu zuten. 2023a hasi zenetik frantses Estatuan 110 feminizidio izan direla nabarmendu zuten.

Herriko Etxearen aitzinean egin zuten elkarretaratzea, Kanbon.
Herriko Etxearen aitzinean egin zuten elkarretaratzea, Kanbon. (Guillaume FAUVEAU)

Gizon batek emaztea larriki zauritu zuen joan den ostiralean, irailak 1, Kanbon. Baionako Auzitegian astelehen honetan igaro zen auzian hamar hilabeteko kartzela zigorra eta bost urteko lurralde debekua ere ezarri zizkion epaileak (gizona Britainia Handikoa).

Erasotzailearen defentsak gizonak alkoholarekin duen arazoa izan zuen aipagai auzian. Nolanahi ere, epaileak ez zuen alkoholarekiko mendekotasuna aringarri gisara hartu.

Erasoak utzitako zauriak gainditzeko emakumeak hilabete baino gehiago beharko duela argudiatu zuen epaileak.

Gizonak laban batekin eraso zion gizona emazteari, eskuetan zein belaunetan zauri larriak eraginez.

Erasoak oraindik ere ondorio larriagoak izan zitzakeen baina emazteak etxetik ateratzea lortu zuen eta auzokoen etxera bertaratu zen babes bila.

Horren ondotik frantziar Poliziak gizona atxilotu zuen etxean bertan. Komisariatik auzitegira eraman zuten erasotzailea, epailearen aurrera

Sare sozialen bidez zabalduriko deialdia

Azken eraso matxista hori arbuiatzeko xedez Kanboko Herriko Etxearen aitzinean elkarretaratzea egin zuten, atzo iluntzean.

Bertan bildutako herritarrek erasoa jasan zuen emazteari elkartasuna adierazi zioten. Era berean  eraso matxista salatu zuten, emazteen aurkako indarkeria amaitzeko premia aldarrikatu zutela.

Sare sozialen bidez zabaldu zen deialdia babestu zuten hainbat eragilek, hala nola Euskal Herria Bai alderdiak eta Itaia talde feministak.

Frantziar Estatuan 2022an 118 emazte hil zituztela eta 2023an jadanik 118 feminizidio izan direla agerian jarri zuten elkarretaratzean arazoaren larritasunaz ohartaraziz.