NAIZ

Inoizko 3 hilabete beroenak izan ditu planetak aurten, bizidunen osasuna kaltetuz

Azken hiru hilabeteak planetak bizitako beroenak izan dira ia mundu osoan, eta horrek ondorio kaltegarriak ekarri ditu bizidunen eta naturaren bizitzetara. Klima larrialdia geroz eta arazo handiagoa da adituen arabera, eta hainbat datu eskaini ditu MME Munduko Meteorologia Erakundeak.

Abuztuan izandako bero-boladek bereziki eragin zieten hirietako herritarrei. Irudian, Gasteiz.
Abuztuan izandako bero-boladek bereziki eragin zieten hirietako herritarrei. Irudian, Gasteiz. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) asteazken goiz honetan iragarri duenez, joan den abuztuarekin batera, Copernicus klima-aldaketari eskainitako zerbitzuak baieztatu dituen datuen arabera, planetak inoiz erregistratutako hiru hilabeterik beroenak izan ditu jarraian. Erregistratutako datuak daudenetik, ez da halako tenperatura alturik jaso. Horrek eragina izan du Artikoaren urtzean, suteak eragitean eta hauek botatako partikula kutsakorretan eta airearen kalitatearen okertzean.



Joan den hilabetea abuzturik beroena izan zen, «askogatik», datuak gordeta daudenetik, eta bigarren beroena izan zen hilabete guztien artean, azken uztailaren ondoren, marka guztiak hautsi baitzituen.



Kalkuluen arabera, abuztua 1,5 Celsius gradutan egon da 1850 eta 1900 artean zegoen industriaurreko aroaren gainetik, eta 2023. urtea orain arte (urtarriletik abuztura egindako neurketekin) bigarren beroena izan da 2016aren ondoren.

Klima larrualdearen beste ondorioetako bat Artikoko izotz-geruzen murrizketa da, urte saio honi zegokion batez bestekoa baino %12 baxuagoa baitago, 70. hamarkadaren amaieran hasi ziren satelite bidezko behaketak, eta ordutik «anomalia negatibo» handiena izan duen datua da. 



MMEko idazkari nagusiak, Petteri Taalas zientzialari finlandiarrak, gogorarazi du ipar hemisferioak «muturreko uda» bizi izan duela azken bi hilabeteetan, eta hori ‘El Niño’ fenomenoaren eragina hedatu aurretik gertatu dela. Eta 2024ean ikusiko ditugula ‘El Niño’-ren ondorio lazgarrienak.



Kutsatzaileak are kutsatzaileago

Bero-boladek, klima-aldaketaren ondorioz geroz eta ohikoagoak diren kutsatzaileen «pozoi kaltegarria» sortzen dute, eta gizakiak eta izaki bizidun guztiak mehatxatzen dituzte, NBEk asteazkenean ohartarazi duenez.



Atenas eta New York estali zituzten suteak, ke-geruzak eta bero-boladak  kutsadura atmosferikoaren zatirik ikusgarriena dira, baina, osasunerako askoz arriskutsuagoak diren prozesu kimiko batzuk desegiten dituzte sute eta bero horiek.



«Bero-boladek airearen kalitatea hondatzen dute, eta eragina dute gizakien osasunean, ekosistemetan, nekazaritzan eta gure eguneroko bizitzan», esan du Petteri Taalas Munduko Meteorologia Erakundeko (MME) idazkariak airearen kalitateari eta klimari buruzko buletinaren aurkezpenean.

«Bero-boladek eta baso-suteek lotura estua dute. Baso-suteetako keak elementu kimikoen pozoi kaltegarri bat du, airearen kalitateari eta osasunari eragiteaz gain, landareei, ekosistemei eta laboreei ere kalte egiten diena eta atmosferan karbono-emisio gehiago eta berotegi-efektuko gas gehiago eragiten dituena», adierazi du Lorenzo Labradorrek, MMEren buletinaren egileak.

Atmosfera ere geroz eta okerrago

Klima-aldaketak eta kutsatzaile atmosferikoek (ozonoak, konposatu organiko lurrunkorrek edo aerosolek, esaterako) etapa desberdinak jarraitzen dituzten arren, biak erlazionatuta daude.



«Airearen kalitatea eta klima elkarri lotuta daude, eragiten dieten konposatu kimikoak erlazionatuta daudelako, klima-aldaketaren eta airearen kalitatearen degradazioaren erantzule diren substantziak iturri berberetatik igortzen direlako eta batean gertatzen diren aldaketek, ezinbestean, bestean aldaketak dakartzatelako», azpimarratu du MMEk.



Erakundeak azaldu duenez, 2022an, Europa astindu zuen bero-bolada luzeak partikulen eta ozono troposferikoaren kontzentrazioak areagotu zituen (lurrazalaren gainetik hain zuzen ere). 2022ko abuztuaren bigarren erdian, basamortuko hauts-masa handiak sortu ziren Mediterraneoan eta Europan.



«Tenperatura altuak eta aerosol eta partikula kopuru handiak bat etortzeak eragina izan zuen giza osasunean eta ongizatean», adierazi du MMAk. Ozonoaren kontzentrazioak biziraupeneko laboreen errendimenduaren kopurua eta kalitatea ere murrizten ditu.



«Mundu mailan, ozonoak eragindako uzta-galerak %4,4tik %12,4ra bitartekoak dira, batez beste, oinarrizko biziraupeneko laboreetarako; garia eta soja %15 eta %30 artekoak izan daitezke Indiako eta Txinako nekazaritza-eremu nagusietan», buletinaren arabera.