Esaldi ezaguna da, entzun orduko tortura gogora dakarrena, tortura aipatuta euskaldunon gogora datorren esaldia: «Oso latza izan da». Horixe du izenburu Xabier Mendiguren Elizegiren azken lanak, gaur goizean Antxiñe Mendizabal editorearekin batera Donostian aurkeztu duena.
1981eko otsailaren 5ean Joxe Arregi zizurkildarra Madrilen atxilotu eta handik egun batzuetara hiz zen, polizia etxean jasan zuen tratuaren ondorioz. Zizurkilgo hilerrian, ezkutuan, Arregiren gorpuaren argazkiak egin zituzten. Arregiz gainera, gela hartan ziren bi lagun dira nobela laburraren protagonistak: Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi. Egiazko gertakariak batu, lekukoak elkarrizketatu eta protagonisten bizitzak kontatu diltu Mendigurenek.
Joxe Arregirren heriotza ez ezik, otsail hartako beste hainbat gertaera gogorarazi ditu Mendigurenek, hala nola Gernikako Juntetxean Erregearen aurrean HBko hautetsiek ‘Eusko Gudariak’ abestu zutenekoa edo Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokaren baitan Jose Maria Ryan bahituta zegoela hil zutenekoa. Horiek jasota daude Mendigureren liburuan; ez, ordea, otsailaren 23ko estatu kolpea, eta astebete geroago ETA politiko-militarrak eman zuen behin betiko su etena. Izan ere, kontakizuna Arregiren gorpua hilobitik atera artekoa da.
Normalean fikzioa idazten duela esan du Mendigurenek, eta kasu honetan ez duela fikziorik idatzi, baina idazteko modua nobelista batena dela. Duela zenbait urte Amagoia Gurrutxagak ‘Berria’n idatzi zuen erreportaje batek eman zizkion bi ideia gordeta zituen buruan. Arregiren gorpuaren argazkien gaineko erreportajea zen hura, eta aurtengo udaberrian, Arregiren gorpua hilobitik atera zuten lagun haietako baten alaba Zizurkilgo eskolan umea jasotzen ikusi zuenean, argia piztu zitzaion, egun haietako kontuak gogoratuta. Betiere teknika literarioak gogoan, pertsona guztiz diferenteak elkartzeak, «Kixote eta Santxo, adibidez», narrazio baterako bidea ematen duela pentsatu zuen. «Unzurrunzaga, Ameztoi eta Arregik topo egiten zuten, hirurak oso izaera markatukoak ziren, zirkunstantzia soziologiko eta psikologiko diferenteak zituzten». Horrexek eman zion idazten hasteko ideia eta berehala ekin zion, baita dokumentatzeari ere, hiru protagonisten familia, lagun eta ezagunak elkarrizketatuz.
Fikziorik gabeko nobela
Liburua ez da saiakera, ez historia lana, eta egileak kazetaritza lantzat ere ez du jotzen. «Fikziorik gabeko nobela izan daiteke, Rodolfo Walshen edo Truman Capoteren estiloan», edo kronika literarioa. Hasierako kapituluak eta bukaerak halako idazkera poetikoago edo jasoagoa dutela esan du: «Hasierak hats poetikoa» duela dio, kontatzeko moduan, erritmoan, sinomimo ugaritasunean...», baina berehala pentsatu zuen estilo hori ezin zuela baliatu kontakizun osoan eta, beraz, estilo prosaikoago bati heldu zion.
Liburuaren sinbologia erlijiosoa ere aipatu du Mendigurenek, liburuaren azaleko iruditik hasita, baita azpitituluarena ere: ‘Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea’, baina liburuan zehar ez duela bereziki azpimarratu.
Kontakizuna Arregiren atxiloketan hasten da eta hil ondoren argazkiak egin zizkiotenean amaitzen da. Modu paraleloan, beste gertakari batzuk eta hiru protagonisten bizitzak kontatzen ditu: Juan Kruz Unzurrunzagarena, Bixente Ameztoirena eta Joxe Arregirena. Gaur egun hilda daude hirurak. Eta aparteko aurkikuntzarik ez dagoela esan du, baten bat izan ezik, hala nola Arregiren argazkiak egin zirenean ez zeudela hirurak bakarrik, beste sei pertsona gehiago baizik, eta horietatik bizirik dauden batzuekin egona da Mendiguren.
Antxiñe Mendizabalek esan duen bezala eta gaia kontuan izanda normala denez, tonu tragikoa duen kontakizuna da; hala ere, egileak esan duenez, protagonisten bizitzen kontaerak baditu umorezko alderdi asko ere, liburua «atseginago edo bariatuagoa egiten dutenak».
«Hitz egin behar da torturaz»
Liburuan ez du poliltikaz hitz egiten, ez du epaiketarik egiten eta agertzen diren ideiak, protagonistenak, «konstatazioak dira», ez dago haien aldeko aldarrikapenik, ez apologiarik. Politikaz ez, baina torturaz bai, «uste dut hitz egin behar dela horretaz», eta gogorarazi du tortura kasu baten berri jakitea salbuespena zela, eta torturaren gainean kontatzen zutena gezurra zela. Haren erabilera sistematikoa frogatuta dagoela esan du, ez judizialki, baina bai testigantzen bidez eta Pako Etxeberriak eta beste batzuek egindako ikerketen emaitzek frogatuta: «Txostenetan ia 6.000 kasu jasota daude, eta batzuek kalkulatu dute ia 10.000 kasu izan direla, eta hori gurea bezalako herri txiki batean ikaragarria da».
Dioenez, horrek guztiak eskema bat finkatu zuen hurrengo urteetan. ETA (pm)-ren su etena eta trantsizioa onartzea gertatu zen alde batetik, eta ETA (m)-ren aldekoen munduan garaipena posible delako sinismena sortu zen, «gogorra izango zela, gauza itsusiak egin beharko zituztela, Ryanen hilketa izan zen, ez zen militar bat edo polizia bat, asko sufritu beharko zutela, Joxe Arregiren heriotzak erakusten duen bezala, baina garaipena posible zela» jakinda, eta horrek erresistentzia kultura bat sortu zuela esan du, baita euskalgintzan, kulturan ere, hala nola rock erradikala, kontrabotereak sortzeko eskema, 92ra arte iraun zuena.
Pozik dago Mendiguren bere lan honekin. Gaiarekiko interesa zuelako, jakina, baina baita, zenbait urte idatzi gabe edo argitaratu gabe eman ondoren, eta idazlearen nahia zerbait diferentea esatea dela, bai edukiz, bai estiloz, konturatzen zen bururatzen zitzaizkion istorioak lehen idatzita zeuzkanen antzekoak zirela, eta halako batean hau etorri zitzaion burura.