NAIZ

Bilboko Santa Marina ospitalean zainketa aringarrien unitate berria sortuko du Osakidetzak

Bilboko Santa Marina ospitaleko hirugarren solairua eraberrituko du Osakidetzak, zainketa aringarrien unitate berria sortzeko. Guztira, bost milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute eta «bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna» bermatzeko legeari erantzun asmo du.

Bilboko Santa Marina ospitaleko hirugarren soilairua berrituko dute azarotik aurrera.
Bilboko Santa Marina ospitaleko hirugarren soilairua berrituko dute azarotik aurrera. (Irekia)

Osakidetzak azaroan ekingo dio Bilboko Santa Marina ospitaleko hirugarren solairuaren eraberritze integralari, bizitzaren azken fasean dauden pertsonentzako arreta indibidualizatua bermatuko duen Zainketa Aringarrien Unitate berria sortzeko. Azpiegiturak aldatzea xede duen birmoldaketak 4,5 milioi euroko aurrekontua du, eta, zenbateko horri ekipamendurako partida gehituta, Osakidetzak egingo duen inbertsioa 5 milioi eurotik gorakoa izango da. Helburua arreta indibidualizatzearen aldeko urratsak egitea da, eta erabiltzaileentzako giro eta erosotasun baldintza onenak bermatzea da zainketa aringarrian dauden paziente eta senideentzat.

Euskal osasun zerbitzu publikoak jakinarazi duenez, obrak planifikatzean kontuan hartu dira aurtengo gripearen birulentzia handiagoarekin edo txikiagoarekin zerikusia duten gorabehera klinikoak.

Horrela, oheen erabilgarritasuna arriskuan jarriko ez den eremuetan hasiko dira lanak, hala nola fatxadetan eta suteen aurkako babesarekin eta segurtasun araudiarekin zerikusia duten alderdietan, eta oinarrizko zerbitzuen eta komunikazioen plangintza kontuan izanik. 2024ko otsailetik aurrera egingo dira munta handieneko jardunak.

Osakidetzaren proiektuak barne hartzen du ospitaleko hirugarren solairua goitik behera eraberritzea, solairua Zainketa Aringarrien Unitate bihur dadin eta, horrela, pazienteei eta haien senideei pertsonalizazio eta intimitate maila goreneko asistentzia eskaini ahal izan dakien.

30 gela indibidualizatu

Birmoldaketaren ostean, ospitaleko hirugarren solairuan zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak soilik artatuko dira, arreta indibidualizatzearen aldeko apustu estrategikoa eginez. Horrela, erietxeratuta dauden pazienteen ospitalizazio eremuak erabilera indibidualeko 30 gela izango ditu, erabiltzaileentzako giro eta erosotasun baldintzarik onenekin. Gelak 24 metro koadrokoak izango dira batez beste, komuna barne, eta senideek eta laguntzaileek atseden hartzeko espazio egokia izango dute.

Lakuako Osasun Sailaren ildo estrategikoen arabera eta osasun arretaren arloan indarrean dagoen legeriaren arabera egingo da azpiegituren hobekuntza hori guztia. Horretarako, Osakidetzak beharrezkotzat jo du Santa Marina ospitalean pazienteentzako gela indibidualak gaitzea, eutanasiarako eskubidea arautzen duen lege organikoa indarrean sartuko dela aurreikusita.

Aldi berean, ospitalizazio prozesuetan senideen eta hurbileko pertsonen akonpainamendu eskubideari erantzutea erabaki da, baita, oro har, intimitatea babesteko logela indibidualak erabiltzea ere. Izatez, eskubide horiek jasota daude Osasun Sistemako pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko Adierazpenean. Halaber, eskubide hori jasota dago Gasteizko Legebiltzarrak onartutako bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatzeko legean bertan.

Santa Marina ospitaleko azpiegiturak hobetuz, Osasun Sistemak bere gain hartzen du zainketa aringarrien eskaintza eta prestazioa errazteko konpromisoa, Lakuako Osasun Sailaren 2023-2027 aldirako Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoan jasota dagoen moduan. Helburua izango da Osakidetzako profesionalek pertsona guztien arreta pertsonalizatuarekin eta duintasunarekin duten konpromisoa suspertzea, eta pertsona horien artean daude bizitzaren azken etapan daudenak.