Jon Ormazabal

Larrazabalek hainbestean eutsi dio playoffetako emozioari (22-15)

Hutsez betetako partida batean, Rezustaren zuzentasunak eman die garaipena bergararrari eta Peñari Larrazabal eta bere mailatik urrun egon den Zabaletaren aurka.

Bi aurrelariek erraztasun handiak eman dizkiote elkarri.
Bi aurrelariek erraztasun handiak eman dizkiote elkarri. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Unai Lasoren lesioaren ostean, nolabait esatearren enpresaren pisua eramatearen zama jarri zion Iker Larrazabali Baikok torneo garrantzitsu gehienetan eta udaren ardatz izan den Mastersean titular gisa jarrita eta, bere gaztetasunak berezkoak dituen argi-ilunekin, amurrioarrak eutsi dio enbidoari. Mastersari dagokionez, Zabaletaren egun kaxkar batean aurpegia emanaz, bihar Galdakaon Altuna-Imazek eta Jaka-Martijak jokatu behar duten partidako langa nahiko goran utzi du amurrioarrak Kurtzeako galtzailea 16 tanto egitera behartuta, eta hori bada zerbait etxarrendarrak aspaldiko partidarik kaxkarrena jokatu duela kontuan izanda. Jon Ander Peñak ere, batez ere partidaren bigarren zatian, jarri du bere aletxoa langa hori igotzen eta azkenerako, hutsez betetako partida batean, Beñat Rezustaren zuzentasunak eman dio bikote gipuzkoarrari Nafarroa Arenarako txatela.

Vianako pilotalekua ez da txapelketetako ohiko plaza eta pilotariak zenbaitetan pilota behar bezala ikusteko arazoak izan dituztela aitortu dute eta hortik esplika litezke partidan zehar egindako huts mordoxka bat, baina pilotariek ere euren aldetik jarri dute lehiak ezer gutxi transmititu zezan. Antzuolako aurreko partidaren ostean burumakur agertu zen Zabaleta eta gaurkoak ezer gutxi lagunduko dio konfiantzaren depositua betetzen. Eramateko bi sake erantzun gabe utzita, oso partida hasiera hotza izan du nafarrak eta gerora ezer gutxi sartu da partidan. Sei izan dira azkenerako eramateke utzi dituen sakeak, beste bost pilota ere galdu ditu eta, hori guztia gutxi balitz, apenas erakutsi dio bizkarrik bere nemesia izan den Rezustari. Bere eskuin eskuak ere ez zuen egoerarik onenetan zegoenik ematen eta bere ohiko mailaren antipodetan egon da gaurkoan.

Rezustaren zuzentasuna

Pilotakada gutxiko partida azkar batean hutsek baldintzatu dute hein handi batean markagailuaren nondik norakoa eta hor Beñat Rezustak erakutsitako irmotasuna erabakigarria izan da. Partida serioa jokatu du bergararrak, apenas galdu du pilotarik eta kolpez ere nahiko fresko, bere zuzentasunak eraman du bikotea finalerdietara.

Izan ere, bi aurrelariak boladaka aritu dira. Jon Ander Peñak hobeto hasi du partida, tantoak egoki amaituz, baina partidaren bigarren erdian huts batzuk ere pilatu ditu eta honek ere erraztasunak eman ditu. Larrazabalek eman dituen bezala, oraindik pilota gehitxo galtzen dituelako amurrioarrak, baina gaur oso baldintza zailetan aritu behar izan du eta egin eta galdu biak egin ditu, bikotearen zama bizkar gainean hartuta, ardura horrek Zabaletarena izan behar zuenean. Gorriak 14-7 aurreratu direnean arabarrak eta nafarrak Nafarroa Arenan egoteari uko egin behar ziotela zirudien, baina Larrazabalen erreakzioak oraindik ere esperantza printza bat izateko modua eman die.

FITXA TEKNIKOA:

Peña II.a-Rezusta: 22

Larrazabal-Zabaleta: 15

Pilotakadak: 348. Iraupena: 47,55 minutu. Markagailua: 4-0, 4-2, 5-2, 5-5, 8-5, 8-7, 14-7, 14-12, 16-12, 16-13, 20-13, 20-15, 22-15. Sakeak: 6 Peña II.ak eta  1 Larrazabalek. Egindakoak: 5 Peñak, 1 Rezustak, 8 Larrazabalek eta 0 Zabaletak. Galdutakoak: 7 Peñak, 1 Rezustak, 6 Larrazabalek eta 5 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera polita eta giro ona Vianako pilotalekuan. Pilotariek pilota behar bezala ikusteko arazoak izan dituztela esan dute.