NAIZ

Xabier Lasa eta Jon Gerediaga, Irun Hiriko Literatura sarien euskarazko ataletako irabazle

45. Irun Hiriko Kutxa Literatura sarietan Xabier Lasa Gorraiz eta Jon Gerediaga nabarmendu dira euskarazko eleberrien eta poesia liburuen ataletan, hurrenez hurren. Gaztelerazkoetan Martha Asuncion Alonso (eleberria) eta Andres Garcia Cerdan (olerkia) saritu dituzte.

Irun Hiriko Kutxa Literatura saridunen iragarpena, Irunen.
Irun Hiriko Kutxa Literatura saridunen iragarpena, Irunen. (KUTXA FUNDAZIOA)

Xabier Lasa Gorraizen ‘Ura ez baita beti gardena’ eleberria eta Jon Gerediagaren ‘Zeru-lurren liburua’ poesia bilduma nagusitu dira 45. Irun Hiriko Literatura sarietako euskarazko ataletan.

Euskarazko elebeberrien epaimahaiak –Jon Martin Etxebeste, Joxe Mari Iturralde eta Arantxa Urretabizkaiaz osatua– aipamen berezi bat ematea ere erabaki du, Joxean Agirreren ‘Gizon barregarriak’ lanak jaso duena.

Gaztelerazko ataletan, eleberrigintzan Martha Asuncion Alonsoren ‘Cartas a Nensi’ eta olerkigintzan Andres Garcia Cerdanen ‘Equipos de respiración subacuática’ lanak izan dira sarituak. Gaztelerazko eleberrien alorrean ere aipamen berezi bat eman da, kasu honetan Malc Colell Enrichen ‘Reino vegetal’ lanak jaso duena.

Euskarazko zein gaztelaniazko eleberri onenen saridunek 20.000 euro, garaikurra eta liburuaren argitalpena jasoko dituzte sari gisa. Olerki bilduma onenen saridunek ere garaikurra eta liburua argitaratua ikustea izango dituzte sari, baita 15.000 euroko laguntza ere.

Euskal parte-hartzea nagusi

Hirun Hiriko sarien 45. edizioan 331 lan aurkeztu dira orotara, gehienak gazteleraz: 182 elebeberrien modalitatean eta 111 poesian. Euskaraz, 21 eleberri eta 17 poesia bilduma aurkeztu dira.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, lanen laurdenak Euskal Herritik iritsi zaizkie eta asko izan dira Madril (%18) eta Andaluziatik (%15) iritsitako obrak ere. Euskaraz aurkeztu diren lan gehienak Gipuzkoatik iritsi zaizkie (%65).

Sari banaketa azaroaren 24an egingo dela ere iragarri dute, Irunen.