Jon Ormazabal

Ezbeharrak saihestuta, denak gustura itzuli dira Galdakaotik

Hezetasunak eta 15 tantoen langak baldintzatutako partida 22-18 irabazita, Altuna III.ak-Imazek Peña eta Rezustaren aurka jokatuko dute Masterseko finalerdia eta Jaka-Martijak Ezkurdia eta Mariezkurrena izango dituzte parean.

Atseden egun batzuk hartuta, Jokin Altunak beste freskotasun bat erakutsi du gaur.
Atseden egun batzuk hartuta, Jokin Altunak beste freskotasun bat erakutsi du gaur. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Pilotari bat ez da sekula etxera gustura joaten 22ra heldu gabe, baina gauzak ziren bezala, gustura egoteko moduan dira gaur Galdakaon 18 tantotan geratu diren Jaka-Martija, bezperan Larrazabal-Zabaletak egindako 15ak gaindituta, langa pasatu eta Masterseko finalerdietan izango direlako, gaurko partidan nagusi izan diren Altuna-Imazekin batera.

Baina egin beharreko tanto kopuruarena ez da gaur pilotarien jarduna baldintzatu duen bakarra, pilotalekuan, batez ere ezker pareta inguruan bosgarren koadrotik atzera agertutako hezetasunak ere zeresan handia izan baitu haien lanean. Jendez betetzean egoerak okerrera egingo zuenaren beldurrez, antolatzaileek estelarra salbatu eta partiden ordena aldatu duten arren, pilotariek dezenteko beldurrarekin jokatu dute, ikuskizunaren kaltetan.

Giltza, galdutakoetan

Baldintza hauetan eta atzelarien artean inor argi nagusitu gabe, –hori bai, aurrean pilota izan dutenean biek ondo astindu dute– partidak oso hasiera orekatua izan du markagailuan, nahiz eta tantoak takadaka lortu. Bi aurrelariek errematerako dohain bikainak dituztela berretsi dute eta txokoan min handia egin diote elkarri. 

Atseden egun batzuk izanda, Jokin Altunak beste freskotasun bat erakusti du pilota botera jotzerakoan, baina Jakarekiko alderik nagusiena galdutako pilotetan izan da. Amezketarrak 12 tanto egiteko bi pilota baino galdu ez dituen bitartean, lizartzarrak, 10 amaitzeko 7 bota ditu –horietako zenbait txapa jota– eta hortxe egon da, batez ere partidaren bigarren erdian, bi bikoteen arteko alderik handiena.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Martija: 18

Altuna III.a-Imaz: 22

Pilotakadak: 435. Iraupena: 56,53 minutu. Markagailua: 2-4, 3-5, 5-5, 5-9, 10-9, 10-12, 12-12, 12-13, 14-13, 14-16, 15-16, 15-18, 16-18, 16-19, 17-19, 17-21, 18-21, 18-22. Sakeak: 0 Jakak eta 0 Altuna III.ak. Egindakoak: 10 Jakak, 3 Martijak, 12 Altuna III.ak eta 1 Imazek. Galdutakoak: 7 Jakak, 2 Martijak, 1 Altuna III.ak eta 3 Imazek. Gorabeherak: Sarrera polita baina betekadarik ez Galdakaoko Kurtzea pilotalekuan. Jaialdia hasi aurretik frontoian agertu den hezetasuna dela eta, partiden ordena aldatu zuten, egoerak txarrera egingo zuenaren beldurrez, estelarra salbatu nahian.