NAIZ

Arnasetik bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa martxan da, hizkuntza ohiturez hausnartzeko

Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Euskararen arnasgunetako 10 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako lehiaketa da, gazteen hizkuntza-ohituren inguruan gogoetatzeko bideak zabaltzea da helburua.

Pasa den urteko Arnasetik lehiaketaren sari banaketa.
Pasa den urteko Arnasetik lehiaketaren sari banaketa. (Arnasa Gara)

2022ko edizio arrakastatsuaren ondoren, Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa hau euskararen arnasgune diren herrietako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da haien egitekoa. Lehiaketaren helburua arnasguneetako gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea da.

Arnasa Gara UEMAk, Lakuako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta 10-16 urteko gazteei zuzenduta dago, lehen edizioan bezala, aurtengoan ere adinaren araberako hiru kategoria zehaztu direla azaldu dute, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak direlarik.

Hiru kategoria, hiru lan

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azaldu beharko dute. Promozio bideo baten bidez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti...) aurkeztu ahal izango dira.

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez, beraien herrietako esamolde berezienak hartu eta esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bidez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa litzateke hau, euskararen aniztasuna agerian utziz. Eta azkenik, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek modu sortzailean bideo bat sortu biharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz.

Lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude irakurgai. Eta sariari dagokionez, kategoria bakoitzeko sariak 500 euroko balioa izango du, Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko ‘Goazen!’ eta ‘Irabazi arte!’ telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango delarik. Publikoaren saria ere emango dute.