NAIZ

Basogintza sektorean dagoen hilkortasuna salatu eta neurriak eskatu dituzte sindikatuek

Elorrion gertatutako azken lan-istripu hilgarria salatzeaz gain, basogintza sektorearen egoera salatu eta erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete Bilbon LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek egin duten elkarretaratzean.

LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek gaur Bilbon egin duten elkarretaratzea.
LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek gaur Bilbon egin duten elkarretaratzea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuetako ordezkariek batera, elkarretaratzea egin dute asteazken honetan, Bilbon, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, Elorrion gertatutako azken lan-istripu hilgarria salatzeko. Bertan, administrazioari eta erakundeei eskatu dituzte neurriak har ditzatela baso-ustiapeneko lanak egiten dituzten langileen lan-segurtasuna bermatzeko.



«Zehazki, baso-ustiapenaren sektorea da, langile kopuruaren arabera, hilkortasun handiena duen sektorea, eraikuntzaren aurretik. Langile gutxi izan arren, lan-istripu asko gertatzen dira basogintzan, eta urtero hiltzen dira langileak», nabarmendu dute.

«Plantilla murritzak, basoko bakarkako lana, prebentzio-baliabiderik eza, prestakuntzarik eza, lan-tresna desegokiak, malda handiko eremuetako lanak, lan-erritmo oso altuak horrek eragiten duen nekearekin, oso lanaldi luzeak eta abar daude istripuen atzean. Horiek, jakina, jarduerak berak dituen arriskuei gehitutako faktoreak dira», gaineratzen dute.

«Etekinak lan intentsiboaren bidez lortzen diren sektore batean, baliabideetan eta segurtasunean aurrezten da», salatu dute.

«Egoera horren aurrean, foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak bermatu behar dute baso-lanetan ere prebentzio-neurriak betetzen direla, are arreta handiagoz, jardueraren arriskugarritasunagatik eta haren hilkortasun handiagatik», aldarrikatu dute.



«Nahikoa da pasibotasunaz eta beste alde batera begiratzeaz. Basogintzako langileek ere bizirik iritsi behar dute etxera. Langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko zer neurri hartuko dituzten adierazteko eskatzen diegu administrazioei. Neurririk hartu ezean, sektorean gertatzen diren heriotzen konplize izango dira», gaineratu dute.