Itxaropentsu daude babazorroak. Lehen Mailarako itzulera gozoa bizitzen ari dira, gorengo mailan historian egin duten bigarren hasierarik onena errepikatuz. Zazpi urte atzera eginda, Mauricio Pellegrino aulkian zela, poltsikoratu zituen Alavesek sei puntu lehen lau jardunaldietan; bada, 2023an, Luis Garcia Plazaren gidaritzapean, aurreko urtean Bigarren Mailan gogor estutu ostean, denboraldi historiko hartako marka errepikatu du. Noski, horrek ez dio salbazioa ziurtatuko, baina ongi hastea beti da berme bat.
Ederki daki hori Alavesek berak ere, azken urteetan ohikoa izan baita denboraldi hasierako entrenatzaileen dantza. Emaitza txarren pilaketak eta sailkapenean behealdean ikusteak teknikarien aldaketarako hautua egitera bultzatu izan du Josean Querejeta presidentea. 2017an Luis Zubeldiak lau jardunaldi zuzendu zituen, eta honen ondoren iritsi zen De Biasi italiarrak ere ez zuen askoz gehiago iraun. Abelardorekin gauzak bideratu ziren, hainbeste ezen berarekin sinatu baitzuen Alavesek hasierarik onena: bi garaipen eta berdinketa bat, aurreneko lau jardunaldietan.
Asturiarrak 2019an taldea utzi zuenean, hasiera kaskarrak normalizatu ziren Gasteiz aldean: bi garaipen eta sei porrot, lehen zortzi partidetan Asier Garitanorekin; berdinketa bakarra, lehen lau partidetan Pablo Machinekin; eta bost porrot erreskadan, Javier Callejarekin, maila galdu zen denboraldian (2021-2022).
Etxean garaipenak
Aurten erregulartasuna falta izan zaio akaso, etxean jokatu dituen bi partidak irabazi dituen arren –ez edonolako arerioei, Sevilla eta Valentzia, kasu–; kanpoan huts egin du printzipioz bere mailan egongo diren taldeen aurka: Cadiz eta Getafe, alegia.
Porrotak zein garaipenak gol bateko aldearekin izan dira, neurketa guztietan dagoen lehiakortasun handiaren erakusle, eta babazorroek etxeko babesean asmatu dute gehiago. Mendizorrotzan jokatuko dituen hurrengo bi partidak euskal derbiak izango dira (Athletic eta Osasuna), eta hemengo emaitzek are gehiago argituko dute joera: itxaropena areagotu edo ohiko sufrimendura bueltatu beharra.
Argi dagoen joera da, Alavesi asteburuz kanpo jokatzea egokitu zaiola. Valentziaren aurka jokatu zuen larunbatez ,eta hurrengo asteburuaren txanda, urriaren 1a, igandean izango du. Alegia, lehen zortzi partidetatik soilik bi izango ditu asteburuan.
Zaleen kexa, ezohiko ordutegiengatik
Laugarren jardunaldian izan ezik, gainerako hiru partidak astelehen iluntzean edo gauean jokatu ditu Alavesek (Cadiz, Sevilla eta Getaferen aurkakoak), eta datorrenean ere asteburuz kanpo lehiatuko da; etzi, hain zuzen ere, 21.00etan, Vallecasen.
Aipatutako jardunaldietan egin zuten legez, zale babazorroek argi utzi zuten beraien desadostasuna ordutegi hauekin, eta Vallecasko partidara begira ere ordutegi hauekiko gaitzespena adierazi dute, kasu honetan Rayoko zaleen babesarekin.
«Denboraldi honetako laugarren aldia da, eta soilik bost partida daramatzagu», bota zuen Iraultza 1921 zale taldeak sare sozialetan zintzilikatutako ohar batean. «Zerbait normalizatua den arren, ez du esan nahi normala denik», azaldu zuten.
Beraz, Vallecasko Bukaneros taldearekin bat eginik, partidako lehen bost minutuetan ez dute animatuko, «ordutegi duinen aldeko» aldarrikapen gisa. Partidari bizkarra emateko deia ere zabaldu dute. «Bizkarra eman astegunetako futbolari!», adierazi dute.