Trantsizio ekosozialaz hausnartzeko topaketa antolatu du Eskubide Sozialen Kartak

«Nola helduko diogu trantsizio ekosozialari?». Galdera hau ardatz hartuta, Su Txikien Itsasoa izeneko gizarte mugimenduen topaketa antolatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak irailaren 30ean Ozetan.

Su Txikien Itsasoa topaketa aurkeztu dute asteazken honetan Bilbon.
Su Txikien Itsasoa topaketa aurkeztu dute asteazken honetan Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Su Txikien Itsasoa izeneko gizarte mugimenduen topaketa antolatu du irailaren 30erako, Ozetako GaraiON Sorgingunean. Jardunaldi horrekin espero dute «trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko» bat egitea.

Asteazken honetan Bilbon egindako prentsaurrekoan, Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek azaldu dute ekimen honen helburua «guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta
partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea» dela. Mugimendu ezberdinek eremuz eremu egiten duten lana islatzeko, Su Txikien Itsasoa izena jarri diote topaketari. «Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen zein herri mugimenduen arteko topaketa-jardunaldia izango da Su Txikien Itsasoa», adierazi dute.

Irailaren 30ean Ozetan burutuko den jardunaldiak «nola helduko diogu trantsizio ekosozialari?» galdera erantzuteko helburua du. Egun osoko topaketa izango da, 10.00etatik 18.00ak arte, eta bi zati izango ditu. Hain zuzen, sustatu nahi duten trantsiziorako funtsezkoak iruditzen zaizkien ardatzei buruz eztabaidatuko dute goizean, hala nola, «planeta bizigarria guztiontzat, nola ekarri bizitzak erdigunera, lanen eta ondasunaren banaketa, burujabetzak, pertsona guztiak eskubide guztien jabe izatea, trantsizio demokratikoa eta sozialki justua edota gerrari ez-a».

Arratsaldean, eremu ezberdinetako borroken berri izateko tailerrak antolatu dituzte, mugimendu ezberdinek elkarrekin «egin ahal eta nahi» dutenez aritzeko.

«Asko gara egun Euskal Herrian borrokan gabiltzanak, krisi ekologikoari, pobretzeari, eskubide sozialen galerari... aurre egiteko, eta feminismotik, ekologismotik, langileen eskubideak eta bizi baldintzak erdigunean jarriz, gerraren aurka eginez, bizitza bizigarrien alde eta abar luze bat. Su txiki horiek aldaketa sozialerako itsaso bihurtzea dugu xede, eta horretarako ditugun adostasunei eta zoru komunari buruz aritu eta elkarrekin egin nahi dugunaz eztabaidatzea beharrezkoa da», esan dute. «Sinetsita gaude su txikien itsasoa piztu behar dugula, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu, eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko», gehitu dute.

Antolakuntzatik, eragile sozial, sindikal eta herri mugimendu ezberdinak eta hauen kideak animatu dituzte parte hartzera. Su Txikien Itsasoa topaketarako inskripzioa Eskubide Sozialen Kartak sare sozialetan zabaldutako estekaren bidez egin daiteke, eta jakinarazi dute bazkaltzeko zein garraio kolektiborako eskaintza egongo dela.