NAIZ

Bizkaibuseko gidari batek erabiltzaile baten jazarpen matxista salatu du

Bizkaibuseko Avanza Durangaldeko langile batzordeak salatu du emakumezko gidari batek erabiltzaile baten jazarpena pairatu duela, lanean ari zela eta baita handik irtendakoan ere. Azaldu dute ez dela gizon honek emakumezko gidari zein bidaiariak jazartzen dituen lehen aldia.

Bizkaibuseko autobus baten artxiboko irudia.
Bizkaibuseko autobus baten artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaibuseko gidari batek erabiltzaile baten jazarpen matxista pairatu duela salatu du Avanza Durangaldeako langile batzordeak. Adierazi dute jazarpena gidaria lanean zegoen bitartean hasi zela, baina lanetik kanpo ere jarraitu zuela.

Erasoa irailaren 4an izan zen, Zeanuriko lineako zerbitzuan. Gizon bat autobusean sartu eta gidariari txartel bat eman zion, telefono zenbakia eta honako mezua zekarrena: «Kafe bat hartu nahi duzu nirekin? Oso eskuzabala naiz». Horrez gain, zenbait ordu beranduago langilea mugikor pertsonalean mezuak jasotzen hasi zen.

Langile batzordeak jakitera eman du ez dela gizon honek emakumezko gidari zein bidaiarien artean horrelako txartelak banatzen dituen lehen aldia. Era berean, salatu du gidatzen ari direla «behin eta berriz» pairatzen dituztela erasoak, hala nola, hitzezko erasoak edo jazarpena.

Avanza Durangaldeako langile batzordeak ohar baten bidez azaldu duenez, aspalditik ari dira «guztientzako segurua izango den kalitatezko zerbitzu bat» eskatzen. Izan ere, «ibilgailu bakoitzean gidari bakarra egon ohi da, babesik gabe eta unean uneko egoerei aurre egiteko baliabiderik gabe».

Langile batzordeak adierazi du neurriak hartu dituela «ziurtatzeko hala enpresak nola Aldundiak (Bizkaibus zerbitzuaren arduradunak) erabakiak hartuko dituztela honelako egoerak berriro gerta ez daitezen».